Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 12. Jauna eta Anderea

Dokumentuaren akzioak

12. Jauna eta Anderea

2021/02/18 09:40
12. Jauna eta Anderea

Jauna eta Anderea, Sohütako taldea, Arrokiaga, 2003-02-23. Argazkia. Jonmikel Intsausti

Jauna da Maskaradaren gidaritza eramaten duen pertsonaia. Maskaradetako hierarkian pertsonaiarik garrantzitsuena da eta Xiberuko noblezia ordezkatzen du. Maskaraden arduraduna da eta denek obeditzen diote. Berari eta Anderea emazteari dagokie arratsaldeko emanaldiko buru izatea, eta, horregatik, musikarien ondoan jartzen dira, Laborari eta Laborarisarekin batera beraientzat gordetako aulkietan.

Jauna pertsonaia bakarra da egiazko ezpata eramaten duena. Trajez (frakez) janzten da eta txapel altua eramaten du buru gainean. Zinta urdina eramaten du soin gainean. Jaunak gutxi dantzatzen badu ere, Bralea dantzan parte hartzen du. Barrikadetan ere dantzatzen du.

Jaunaren parte hartzea garrantzitsua da Xorrotxen ofizioan, horiek Jaunaren ezpata zorroztu behar dute-eta; baita Kauteren ofizioan ere, Jaunari lapiko zulatua saldu nahi diote-eta. Jaunak, hain zuzen, orduan botatzen ditu hainbat txanpon lurrera eta Pitxu hiltzen da, haiek hartu nahian kauteren azpian geratzen denean.

Maskaradaren gidaritza eramaten zuenez, iraganean Jaunak eta Andereak meraren –alkatearen- etxean bazkaltzen zuten.

Anderea ezpatarekin
Anderea ezpatarekin dantzan, Aduna (Gipuzkoako Aiztondo bailaran), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Andereak ezkontidearen jantziak janzten ditu (gehienetan guztiz zuriz jantzia). XVII. mendean, transhumantziaren arazoak zirela eta, ezkontzen ia %100a otsailean (Maskaraden hilabetean) egiten ziren. J. D. Lajoux etnologoaren arabera, Maskaradetan Andereak urte berria irudikatzen du, urte berriaren aurkezpena litzateke emazte ezkontidez (zuriz) jantzirik. Jaunarekin batera, Andereak Bralea dantzan parte hartzen du.

Janzkera horiek ez dira aldatu Chahok 1855ean eta Herellek 1914an egindako deskribapenetatik. Jaunaren jantziari dagokionez, Caubisens-ek "suprefetaren uniformea" dela esan digu, eta Badé-k, berriz, "frantses erako trajea" dela erraten du.

Iturria:

  • Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.