Dokumentuaren akzioak
40. Godalet dantza
Godalet dantza ere bada unerik errazena dantzarien oinen xehetasuna fotografiatzeko, godaletaren inguruan ari direnean. Eta hala da, Maskaradak elementu batengatik ezagunak badira, sarritan adierazten den elementu hori Godalet dantza da. Godalet dantza une garrantzitsu eta indartsua baita Maskaradetan. Barkoxe herriak sortu omen zuen dantza hau. Tradizioak dioenaren arabera, antzina (eta XX. mendearen hasieran oraindik) Zuberoako maskaradak goizean ospatzen ziren. Antzezpenaren ondoren, Maskaradetako aktoreak bazkaltzera joaten ziren edo herriko plazaren erdian elkartzen ziren, goizean zehar bildutako jaki eta janariak jan eta edateko. Eta horrela, zaharrek diotenez, sortu omen zen godalet dantza orduan, joko bezala, plaza erditan jarritako godalet baten itzulian. Dantzari batek ezagutzen zituen dantza püntüak dantzatu zituen. Beste dantzariek jarraitu zioten eta, horrela, jokoa dantza bihurtu zen eta Zuberoa osoan fite zabaldu zen.
Jean-Michel Guilcher Frantziako Ikerketa Zientifikoen Zentro Nazionaleko ikertzaileak, “La tradition de danse en Béarn et Pays Basque Français” (Dantzaren tradizioa Biarno eta Ipar Euskal Herrian) liburuan, bere hastapenetan, godalet dantzan lau aitzindariek parte hartzen zutela dio: Txerrero (txerrizaina), Gatüzaina, Kantiniersa eta Zamalzaina. Guilcherren arabera, Entseinaria, beranduago gehitu zitzaien, uneren batean, Frantziak jasandako bi Mundu Gerren artean (1914-1918 eta 1939-1945).
Dantza, Parisen ballet-erako musika bezala oso arrakastatsua izan zen doinu batekin egiten da. Doinu hau Frantziako "La Dragonne" deituriko XVIII. mendeko kontradantzaren aldaera musikala da, 1729.tik ezaguna dena, baina, J.M. Guilcherrek esaten duenaren arabera, doinua XVII. mende erdian ezaguna zen, noiz balletean erabilia izan zen “Les dragons” izenez. Gainera, airearen berberaren beste aldaera hurbila Lapurdiko inauterietan erabiltzen da, Sinple deituriko dantzan zehazki. Musikaren lehen zati batean, aitzindariak oro elkarrekin godaletaren inguruan arituko dira, gero banaka, aldika ingurutik bereiziko dira ondoko püntüen godaletaren ahal bezain gertu emateko. Txerrero hasiko da, eta, ondoren, gainerakoak etorriko dira (ordena honetan): Gatüzain, Kantiniersa, Zamaltzain eta Entseinaria. Dantzari guztiak beren püntürik onenak ematen ahaleginduko dira.
Hala ere, urratsik ikusgarriena, dantzaria bi oinak edalontziaren gainean saltoka egiten duena, ez da zailena, ezta preziatuena ere, ezta dantzari ona bereizten duena: urratsik estimatuenak edalontzitik ahalik eta gertuen egindakoak dira, ezin hobeto muntatuak, estilo malgu, arin eta itxuraz ahaleginik gaberik egindakoak. Dantzari bakoitzak dantzatuko dituen püntüak aukeratuko ditu. Bestalde Zamaltzainek eta Kantiniersak zailago dute, haien janzkerek edalontziaren gaineko ikusmena zailtzen baitiete.
Gaur egun, ordea, dantzari onenek balentria bikainak egiten dituzte godalet gainean igota (jendeak ikusgarri ikusten duena da). Edalontzitik jaistean, frisat bikoitza egiten dute -Frantziako dantza klasikoan entrechat bezala ezagutzen dena. 70eko hamarkadan, Altzaiko kantiniersa bat bazen, godalet gainera jauzi egiten zuena, frisat bikoitz batekin altxatuz eta edalontzi gainera arin eroriz, hura hautsi gabe. Hala ere, ez zuen beti lortzen egitandi hori emaitza onekin egitea.
Dantzari guztiek edalontziaren inguruan dantza egin ondoren, Zamaltzain eta Kantiniersa aterako dira. Zamaltzainek oin bat edalontziaren gainean jarriko du, eta bestearekin gurutze-keinu bat egingo du. Kantiniersak bere inguruan dantzatuko du, eta dantza amaituko dute frisat bikoitzarekin, beste dantzariekin elkartu aurretik. Orduan, dantzari guztiek elkarrekin azken pausoak emango dituzte. Sarritan, dantza pausorik onenak alde honetan ematen dira.
Zuberoako Maskaradetan, Aitzindarien azken dantza da, eta orokorrean, buhame eta kautera taldeen emanaldien artean egiten da. Duela ez asko, dantzari berri bat agertu zen maskaradetan: Pitxu. Hala ere, pertsonaia horrek barre eragiteko dantzatzen du, eta bere dantza bitxia eskaini ondoren, edalontzia hartu eta bertan geratzen den ardoa edaten du. Baliteke ardo hori garbiegia ez izatea... baina Pitxu ez da bakarrik geratu hemen beltzeriaren dantzetan: Aiztondoko Maskarada pettarretan, buhame batek berarekin godalet dantza egin zuen Larraulgo plazan. Pitxuk segida omen du.
Iturria:
-
Xiberoko dantzak liburuxka.
-
Godalet dantza (Javier Santamaria – Auñamendi Entziklopedia) - [moldatua]
-
Bikote-dantzak XVIII. eta XIX. mendeetan Euskal Herrian: Kontradantzak eta ondorengoak - Quijera Pérez, José Antonio
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa