Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 54. [Ene] Azken kantorea

Dokumentuaren akzioak

54. [Ene] Azken kantorea

2021/04/27 10:45
54. [Ene] Azken kantorea

Azken kantorea, Pettarrako taldea, Larraul, 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Hauxe da argazki erakusketa birtual honetako azken argazkia. Erakusketa honekin hasi nintzenean, -Maskaradarik gabeko urtean- Maskaradak argitara, kalera ekartzeko helburua nuen, Interneteko txoko honetan bada ere. Ez nuen espero izan duen erantzuna, eta pozik nago lortutakoarekin.

Argazkiekin doan testuen prestaketan, aztertze lanak uste baino gogorragoak izan dira: zenbat eta gehiago xerkatu, hainbat eta informazio gehiago bainuen. Hori bai, helburua Maskaraden dibulgazioa izan da eta testuak ahalik eta errazen uler zitezen saiatu naiz. Espero helburu hori bete dudala.

Txiotan erabilitako argazkiak (ia guztiak) nireak izan dira: asko poztu nau (zeuek) zuberotarrek zeuen buruak bertan ikusi izana horietan; nolabait esanda (zeuek egindako) Maskaraden historia handiaren lagin ttipia dira nire argazkiak. Egia da ere, ez naizela lehena izan eta espero ezta ere azkena. Nirekin lan egindako lankide batek (argazki hauen ikusle), 1985ean atereak zituen Maskaradetako argazkiak (egun Eusko Ikaskuntzak argitaratuak). Segi dezala kateak.

Testuak, ordea, hainbat iturritatik osatuak izan dira, bai paperezko zein Interneten bildutakoetatik. Eskerrak eman nahi dizkiet erabilitako iturri guztien egileei, eta bereziki Sü-Azia elkarteari, Auñamendi Entziklopediari (Javier Santamaria), Kepa Fernandez de Larrinoari, Joseba Aurkenerenari, Patrick Queheilleri eta (zohardi denean goitik ikusten gaituen) Dominika Agergarairi, Nicole Lougaroti, “Züberoa Herria” liburuaren idazle-egileei eta Dantzan.eus-i. Iturri horiek ezinbesteko izan dira Maskaradak eta Zuberoa hobeto ezagutzeko. Prentsa arloan ere Iparraldeko eta Iparraldetik idatzitako testuak ezinbestekoak izan dira xehetasunez Maskaraden berri izateko: @argia, (@naiz / @idoiaeraso), @Kazetaeus, @Iparraldekohitza-k idatzitakoekin.

Testuak osatzean laguntza behar izan dut zenbaitetan; eskerrik hanitx @etxebarre Allande Sokarrosi, Gene Salari (beti hor prest gure lagün!), Maritxu Negeluari (eskerrak taldeari ere argazkiak uzteagatik) eta bestelako lagunei (eskerrik hanitx egindako zuzenketengatik).

Eskerrak ere @dantzan-i eta bere koordinatzaileari. Lan hau osorik Dantzan.eus-en geratuko da erabilgarri hemendik aitzina; argazkiak ere #CreativeCommons lizentziapean erabili ahal izango dira nahi izanez gero. Datozen astetan, pixkanaka bada ere, testuak zuzendu eta osatuko dira gune horretan. Dagoeneko lehendabizikoak hemen dituzue ikusgai: https://dantzan.eus/kidea/jmintsausti

Eta azkenik eskerrik asko / hanitx irakurleoi, eta bereziki egunero irakurri nauzuenei, bihotz txiki hori igorrita egindako lana gustuko duzuela esan didazuenoi.

Maskaradetan elkar ikus dezagula, eta #Pitxu betierekotasunean berpitz dadila zuberotar eta manexon bihotzetan. #HouPitxuHou2021

PS: 2012an kartoiaren gainean egindako 4 marrazkiak #Zumarraga-ko Koldo Kadierno marrazkilariak opari egindakoak. Etxean ditut jarriak, bertan ikusiko dituzu bisitatzen banauzu.

Buhameak
Irudia: Koldo Kadierno

Zamaltzaina
Irudia: Koldo Kadierno

Kantiniersa
Irudia: Koldo Kadierno

Txerrero
Irudia: Koldo Kadierno

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.