Dokumentuaren akzioak
48. Kauterak
Perzkinak dira Maskaradaren parte hartzaile zikin eta itsusienak, baita beldurgarrienak ere. Lagun kopuru aldakorrean (3 gutxienez), beroki beltz luzeez jantzirik daude. Pertsonaia horiek, urte aldaketa irudikatzen dute azeri-buztan, adar eta usoen hegalak eramaten dituzte jantzi eta kapeletan. Arbolen sustraiekin eginiko makilak daramatzate konpondu behar dituzten eltze zaharrak bertatik eskegita.
Kauteren nagusiak “Kabana” du izena; esku batean liburu handi bat du eta bestean bere aginpidea erakusteko eta bere mendekoak lanean jartzeko zartailu luze bat ere bai. Batzuetan betaurreko handiak eraman izan ditu liburua irakurtzen laguntzeko.
Beste kideak Pupu langilea eta Pitxu kautera-ikaslea dira (hau dugu denen artean ezagunena); sarritan ere Fripu agertzen da (eta azken urteotan noizbait ere Bizunu, Kiriku, Kokot… agerian izan ditugu). Guztiek, beren izenak kartel handi batean idatzita daramatzate, berokiaren atzealdean, beren jarrera askatasun-zalea agerian uzten duen testu batekin.
Kauterak Xibero kanpotik etorriak ziren. XIX. Mendean, Agosti Xahoren garaian, Kabana Handiari Oberni edo Obergni Jauna deitzen omen zioten (“Auvergnat”-etik eratorritako izenez).
“Pitxu” dugu Maskaradaren pertsonaia xelebre eta barregarriena; bera da txikiena, komikoena eta trebeena, beste ofizio batzuetan ere parte hartzen duena, eta Kauteren roletan bertan paper garrantzitsua duena; bere taldekoen ofizioan ez ezik, beste zenbaiten jokoetan ere hartzen du parte, kerestuekin eta xorrotxekin hain zuzen.
Arratsaldeko jokoetan, Kauterak plazara sartzen dira eta ondoren biribilean dantza egiten dute, kapelak eskuan, salto eginez eta elkarri bultzaka.
Dantza amaitu ondoren, Kabanak bere morroiak lapikoak konpontzen jartzen ditu. Bitartean, bere hitzaldia edo Peredikia esaten du. Sarritan diskurtsoa gelditu behar izaten du morroiei errieta egiteko, ez baitute behar bezala lan egiten. Europako inauteri askotan ikusten ahal dira herriko plazetan, auzi eta salaketa mota antzekoak (ez da lehen aldia herriko auzapeza –alkatea- haserre joan delarik emanalditik Kabanak jendaurrean irakurritakoagatik).
Ondoren, Kauterek Jaunari "konpondutako" lapikoak aurkeztuko dizkiote. Hori, ordea, zulatuta daudela konturatuko da, eta ez du lana onartuko. Berriro lanean hasiko dira, eta bigarren aldiz joango Jaunarengana, orain lapikoaren zuloak kapelekin estaliz. Oraingoan Jaunak ontzat emango du lana eta, ordainetan, txanpon batzuk botako ditu airera.
Denak tropelean joango dira txanponak hartzera, eta Pitxu piloaren azpian geratuko da. Pilaketa hori desegiten denean, konturatuko dira Pitxu ez dela mugitzen: Pitxu hil egin da!
Buhameen artean ohe moduko bat inprobisatuko dute eta gainean Pitxu jarriko dute. Bedezia etor dadin deituko dute, eta berehala orgatxo batekin edo maleta handi batekin sartuko da plazan. Bitartean, Kabanak Pitxuren testamentua hartu eta irakurriko du. Bedeziak, tresna oso handiekin Pitxu operatuko du eta bere sabeletik gauzarik sinesgaitzenak aterako ditu: bedeziak jendeari botako dizkio; kauteretako batek petardo bat piztu eta hark eztanda egitean Pitxu berpiztuko da.
Kauteren ofizioa arratsaldeko azkena da. Ondoren, maskaradako kideek azken kantorea kantatuko dute.
Bitxikeria gehigarri gisa, Hérelle-k 1914an dokumentatu zuen Kauteren taldearekin batera Kantiniersa eta Gathuzaina ere irteten zirela, eta hauek kauterak plazan sartzean gidatzen zituztela; behin plazan, Kantiniersa erretiratu egiten zen, ez ordea Gatüzaina, emanaldian zehar plazan jarraitzen zuen, eta une jakin batean, bere tresnarekin Kabanari aulkia kentzen zion, hau lurrera eroraraziz.
Iturria:
- Kauterak Javier Santamaria - Auñamendi Entziklopedia - [moldatua]
- Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14).
- Gaztediren liburuxka - 1994.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa