Dokumentuaren akzioak
4. Zamalzaina
Zuberoatik irten ez bagina, zamaltzainaren pertsonaia (zamari = zaldi > zamalzain = zaldizain) Euskal Herriko pertsonaia dela esango genuke (aurten ikasi dudana, zamari erronkarieraz ere zaldia dela). Euskal Herrian, Zuberoakoaz gain, baditugu beste zentauroak. Esaterako Nafarroako Lantzen ere bada zaldikoak dituen beste 'maskarada' bat, eta han motibo erritual nagusia herrian zehar egiten den ibilbidea da. Horretan ilaran doazen bi zamalzainei, arotz batek bata bestearen ertzean diren bideko bi zedarrietan ferratzeko alegia egiten diete. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsan batzuetan baditugu ere zaldun-zaldiak, "Zaldikoak", Lantzeko pertsonaiaren izen berarekin, baina beste eginkizun ezberdinarekin: neska-mutikoak korriarazten eta jotzen, alegia. Iruñean, XV. mendetik aitzina ezagutzen dugu ‘zaldiko-maldikoa’. Esan beharko genuke erdi gizon erdi zaldi den pertsonaia hau Europa osoko herrialdeetan (Frantzian hainbat lekutan, Herrialde katalanetako Katalunian eta Mallorcan, Espainiako Huescan, Portugalen, Belgikan, Bretainia Handian, Moldavian, Polonian,… ) ageri dela.
Irudian adibide gisa Poloniako lajkonik dugu. "Lajkonik Jaia" jokoaren heroia da. Gaur egun, Krakoviako tradizioa da Lajkonik, eta desfilearen amaieran agertzen da Krakoviako Merkatu plaza eder, handi eta ikusgarrian, Corpus Christi jai erlijiosoaren ondorengo lehen ostegunean. Hirian beste Lajkonik batzuk ere badaude, bata Urtezahar gauean, eta bestea, "Pasiasty Lajkonik" izenekoa: Cracoviako futbol taldearen maskota da.
Zamalzaina Maskarada Gorriko pertsonaia da, bost aitzindarietakoa eta seguruenik Maskaradetako pertsonaiarik ikusgarriena.
Zaldiko denei sinbologia eta jatorri desberdinak ematen zaizkie herrialdearen arabera. Zenbait interpretaziotan, Zamalzaina hazkuntzaren eta artzaintzaren sinboloa da. Zentauroaren figura toki desberdinetan edo toki bakar batetik gero kopiatutako ereduetan asmatu ote zen galderari, Arnold Van Gennep ikertzaileak bigarren aukera hartzen du kontuan: banaketa 4 zonalde homogeneo direla uste du, Frantziako Provence eskualdea eta inguruak, Euskal Herria, zonalde flamenkoa eta zonalde ingelesa. Bere ustez, zentauroa Europa Mendebaldeko asmakizun petoa da.
Itzul gaitezen Zuberoara. Zamalzaina Maskarada Gorriko pertsonaia da, bost aitzindarietakoa (Txerrero, kantiniersa, Gatuzain eta Entsenariarekin batera) eta seguruenik Maskaradetako pertsonaiarik ikusgarriena (zerbaitengatik ere izango da bibliografia gisa ditudan liburu eta liburuxketan, azaleko ). Zamalzaina dantzaririk trebeena da; iraganean Maskaradetan zerbitzuan kükülleroak zituen, egun azken hauek duten papera xumeagoa da eta ez dira Zamalzainarekin lotuak.
Maskaradetako arratsaldeko emankizunean, bi ofiziotan, Kerestuenean eta Marexalenean, Zamaltzainaren papera ezinbestekoa da, lehenengoan Kerestuek Zamaltzaina zikiratu behar dutelako eta bigarren ofiziotan Marexalek Zamaltzaina ferratu behar dutelako.
Hortaz gain Aitzindarien dantza guztietan dantzatzen du. Godalet dantzan ere bai, Bralean… dantzen aldetik Maskaradetan den pertsonaia ‘lanpetu’-enetako bat dugu.
Zuberoako zamaltzain (Gorria) honela doa jantzita: jaka gorria, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka beltzak belaunetaraino, beheko aldean urrezko parpailetan amaiturik; galtzerdi eta txapin zuriak, eta haien gainean zangozorro beltzak zinta txikiz, loretxo gisan apainduta. Buruan buruko gorria darama, ispiluekin eta kolore ezberdinetako lumekin apainduta. Gerri aldean Zamaltzainak daraman egurrezko zaldia zetazko gona zuri eta gorria dauka; dantzariak zaldiaren lepotik lotzen du eta euskarri honetaz baliatzen da musikarekin gora eta behera mugitzeko erritmikoki.
Agosti Xahok 1855. urtean egindako deskribapena hartzen badugu, janzkera ez da ia aldatu: ezberdintasun agirienak, berak aipatzen ditu sorbaldatik jausten ziren zintak, agian Luzaideko Bolanteenak bezalakoak? Eta praka zuriak ere, beltzak izan beharrean.
Aldatu edo ez, Zamalzain Gorria edo Beltza izan (bai! Beltzeriaren parte diren aitzindari beltzak ere badira Maskaradetan – ez dira sarri azaltzen baina hauek ere zinez ederrak dituzu; beraiei buruz mintzatuko gara etorkizunean), maite izango duzun pertsonaia da.
Iturria:
- Zamaltzaina (Javier Santamaria, Auñamendi Entziklopedia) [moldatua]
- Zamalzainaren sinbologia (Junes Casenave)
- Wikipedia - https://es.wikipedia.org/wiki/Lajkonik_(personaje)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa