Dokumentuaren akzioak
Zamaltzaina eta Lajkonika elkartu zirenekoa
Krakoviako Historia Museoko teknikariak, Andrjez Szokak esan digunez aspaldikoa zen Krakoviako Lajkonik eta beste herrialdetako zaldikoen inguruko erakusketa egiteko egitasmoa. XX. mende hasieran, museoko arduradunak ohartu ziren zaldikoak ohikoak zirela han eta hemengo folklorean, eta erakusketa egitasmoa egin zuten, baina ez ziren iritsi gauzatzera. 2014an egin dute ordea, eta horretarako, Lajkonik-ari buruzko jakingarriekin batera Europako eta Asiako zenbait zaldiko bildu dituzte "Lajkonik mundua, zaldikoaren mundua" izeneko erakusketan.
Martxoaren 31an, erakusketaren inaugurazio ekitaldian, hiru zaldiko tradizioren kalejira koloretsua eta emanaldia egin dira Krakoviako merkatu plazan eta Szczepanski plazan. Krakovia bertako Lajkonik eta bere segizioaz gain, Zywiec herriskan urte berri egunean egiten den maskarada, eta Zuberoako maskaradetako zamaltzaina eta bere segizioa izan dira bertan.
Kezka dantza taldeak antolatu du zamaltzainaren emanaldia, eta Kezkako eta Haritzeko dantzari eta musikariekin batera, Maritzuli eta Argia dantzari taldeetako Jon Iruretagoienak parte hartu du ekitaldian, zamaltzaina bera dantzatuz. Jon Iruretagoiena zamaltzainarekin batera, Josu Garatek enseinaria eta Pitxu lanak egin ditu, Ainhoa Larrañaga gathuzaina izan da, Eire Vila kantiniersa, Oier Araolaza txerreroa, eta Enrike Izagirre eta Irati Kortabitarte marexal eta kerestu lanetan aritu dira. Jose Migel Laskurain izan dugu txirula eta ttun-ttunarekin musikari lanetan.
Lajkonik, Krakoviako zaldikoaren historia
Ele zaharrak dio 1287. urtean, Leszek Czarny (Leszek beltza) errege zela, tatariarren erasoa izan zela Krakovian, inbaditzeko asmoz zetozela aurretik beste zenbait alditan egin zuten moduan, dena suntsituz eta lapurtuz. Baina orduko hartan gauza beste nolabait gertatu ziren. Krakoviatik gertu Zwierzyniec izeneko herriska zen, eta bertako biztanleak indartsu fama zuten, besteak beste almadiazain moduan lan egitera ohituta baitzeuden. Corpus Christi eguna zen, eta Krakovian prozesioa ospatzen ari ziren. Halako batean alarma hotsak entzuten hasi ziren, tatariarrak Zwierzyniec aldetik hurbiltzen ari zirela ohartuta. Hiriko ateak itxi eta herritarrak harresira igo ziren, defentsarako prestatzeko. Harresitik begira, tatariar hodeia hurbiltzen ikusi zuten, oti izurritea bailitz bezala, Krakoviaruntz gerturatzen. Ikaratuta zeuden Krakoviarrak, okerrena baino ez
zuten espero. Baina ezustean, Zwierzyniec-eko herritarrek aurre egin zieten, eta borroka odoltsua izan zen, alde bietan hainbat hildako gertatuz. Hala ere, tatariarrak nagusitzen ari ziren eta almadiazainen borroka ausarta odoletan itoko zela zirudien. Baina une horretan zerbait gertatu zen. Tatariarren buruzagia aurreregi joan zen oharkabean, eta Zwierzyniec-eko herritar batek hil egin zuen. Buruzagia galduta, tartariarrak atzera egin zuten eta almadiazainek erasoari aurre egitea lortu zuten. Almadiazain heroiak Khan tatariarraren jantziak jarri zituen soinean eta bere zaldi gainera igota, eta herritar borrokalariez inguratuta Krakoviara joan ziren pozez oihuka garaipena ospatzera. Harrezkero, urtero, Corpus Christi ondoko ostegunean, Zwierzyniec-etik segizio alai eta koloretsua atera eta Krakoviako merkatu plazara joaten da festa giroan. Taldearen buru, tatariarren itxurako jantziak soinean, Khan tatariarrez jantzi zen almadiazainaren itxurak egiten dituen Lajkonik-a. Zwierzyniec-eko biztanleek egin zuten ibilbide bera egiten du, eta dendari eta herritarrei hamarrekoa kobratzen die, ondoren osasuna eta zoriona opatzeko egurrezko mazo batekin kolpatuz. Hiriko alkatea zain izaten du ardo baso batekin topo egiteko. Dantza egiten du Lajkonikak, eta bereziki neska ederrekin dantza egiteko zaletasuna du. Berarekin ditu beti musikariak, laguntzaileak eta hiriko bandera dantzatzen duen banderaria.
Hiru zaldiko eta beraien segizioak
Merkatu plaza plaza erraldoia da. Krakoviako turismo gidek diotenez Europako handiena da. Lehen inpresioan ez du hala ematen, plaza handia dirudi baina lehen ere handiak ezagutu ditugu (Sint Niklaas-ekoa, adibidez) eta pentsatu genuen Europan izango zirela hori baino handiagoak ere. Gero ohartu ginen merkatua bera plazaren erdi-erdian dagoela, eta plazak merkatu plaza inguratzen duela, eta beraz, bertan egonik ez dagoela modurik plaza bere osotasunean ikusteko, zatika baizik. Beraz, ez dakigu handiena den, baina handia bada.
Merkatu plazan bertan dago Krakoviako Historia Museoa eta bertatik abiatu zen zaldikoaren hiru taldeon segizioa, Lajkonika aurretik, zamaltzaina ondoren eta Zywiecki-eko konikia (zaldikoa) eta bere maskarada zaratatsua azkenik. Merkatu plazari itzulia egin genion kalejiran, zaldikoak eta benetako zaldiak tiratutako zalgurdiak aurrez aurre jarriz. Ondoren, Szcepanski plazan Krakoviako alkatea zain geneukan, eta bere ongi etorria jaso ondoren, talde bakoitzak bere emanaldia eskaini zuen.
Lajkonik-ak ekin zion saioari. Mazoarekin alkatea eta zenbait ikusle kolpatu zituen Lajkonikak, bandera dantzatu zuen banderariak, eta bere dantza ponposoak egin zituen berriz zaldikoak, horietako baterako neska gazte bat harrapatuz. Kasualitatez, beranduago ezagutuko genuen neska izan zen Lajkonikaren biktima, Daria izeneko varsoviarra.
Ondoren, geure txanda izan zen eta Zuberoako maskaradetan zamaltzainaren parte hartzearekin egin ohi diren zenbait dantza eta errito egin genituen. Barrikadarekin hasi eta aitzina pika dantzatu genuen.
Ondoren, Kerestuen ofizioaren (zamaltzainaren zikiratzea) bertsio laburtu bat egin genuen. Kerestuen arteko elkarrizketak, eta Pitxurekikoak ere bai, polonieraz egin genituen (tarteka euskaraz ere bai hitz batzuk), bertako ikusleek zamaltzaina zikiritzeko antzerkia uler zezaten. Ikusleek barre egin zuten gogotik, eta beraz, pentsatzen dugu ulertu zutela. Eskerrak eman behar dizkiegu beraz, polonierazko itzulpenak eta ahoskatzeko laguntza eskaini dizkiguten Amaia Dones, Tomasz Koliński, eta Jacek Bocwinski-ri. Ostalersa eta gabotaren ondoren, marexalen ofizioa (zamaltzainaren perratzea) eta godaletarekin bukatu genuen gure saioa. Dantzak prestatzen Jon Iruretagoienak lagundu digu eta eskerrak eman nahi dizkiogu egindako lanagatik.
Hirugarren txanda Zywieck-eko maskaradarena izan zen. Poloniako hegoaldean, ingurune menditsuan dagoen herri txikia da Zywieck, eta bertan urteberri egunean ospatzen dituzten inauteriak ekarri zituzten Krakoviara. Bi zaldiko ikusgarri, elkarren ondoan idiak bailitzan dabiltzanak, hil eta berpizten den hartza, domatzailea, ijito kautera kinkalleroak, tximinia garbitzailea, deabrua, heriotza, eta bestelako maskara koloretsuak soinujole eta danborjoleen erritmora dantza eroan.
Lajkonikaren munduan, zaldikoak munduan
Dantza emanaldia bukatuta, Krakoviako Historia Museoan sartu eta erakusketa inauguratu zen. Pintxo jana prestatuta zuten areto eder batean, eta tatariarren inbasioa han bertan ikustea tokatu zitzaigun, jubilatu eta herritar oldeak ukalondoak zorroztuta pintxo harrapaketa-gudan. Giro lasaiagoarekin, erakusketa gelan zaldikoen mundura bidaia ederra egiteko aukera izan genuen. Krakoviako egonaldian gidari eta laguntzaile izan ditugun Andrjez Szoka eta Magdalena Kwiecinska museoko teknikariak (historialaria lehena, antropologoa bigarrena) izan dira erakusketaren arduradunak eta lan ederra egin dute. Andrjez izan da erakusketa eta dantza jaialdiaren beraren sustatzailea eta gu bertan izatearen arduraduna, eta zinez eskertuta gaude berarekin.
Errumania, Suitza, Ingalaterra, Frantzia, Katalunia, India, Indonesia, Japonia eta Euskal Herriko zaldikoak ikus zitezkeen erakusketan, Polonia bertako hainbat adibiderekin batera. Hainbat zaldikoren egitura, egurrez eginak gehienak, apaingarriak, jantziak, argazkiak, panelak eta erritualak erakusten dituzten bideoak. Munduko mapa eder bat ere bai, zaldiko bakoitza mapan bertan kokatuta ageri dela, eta erakusketaren katalogo potoloa, polonieraz idatzita, hori bai. Erakusketan dagoen euskal zamalzaina bera Bilboko Euskal Museoak utzitakoa da.
Erakusketa ikusten ari ginela, neska bat hurbildu zitzaigun. Apur bat lehenago, plazako emanaldian, Lajkonikaren biktima (dantzara atera zuelako) izan zen neska zen. Euskaldunak ote ginen galdetu eta euskaraz hasi zitzaigun. Daria Salamonowska zen, varsoviarra bera, eta Varsovian bertan euskaraz ikasi duena Aitor Arruza euskara irakaslearekin. Lehen aipatutako Amaia Dones-ek eta Aitor Arruzak ehunka batzuk poloniar euskaldundu dituzte azken urteotan eta pozgarria bezain harrigarria gertatzen da Euskal Herritik hain urruti joan eta bertako herritar euskaldunekin topo egitea. Biba züek! Etxepare Institutuak babesten ditu mundu zabalean euskara eta euskal kultura irakasteko lektore postuak, eta horien eskutik ari dira Amaia Dones eta Aitor Arruza bezalakoak, eta Etxepare Institutuari esker ere izan gara gu Krakovian, euskal zamalzaina ezagutzera ematen. Krakoviako Historia Museoak gure bidaia eta egonaldia ordaintzeko ahalegin handia egin du, baina dena ezin estali, eta falta zen zatia Etxepare Institutuak jarri du, beraz, mila esker biei!
Ekitaldiak oihartzun polita izan du Krakovian bertan, kaleetan agerian ziren erakusketaren kartel handiak, zamaltzaina hitza handiz zutela, eta bertako prentsan ere agertu dira aipamenak. Hona horietako batzuk eta Iñaki Zugastik egindako argazki sorta ere. Aurrerago Arantza Uriguenek eta Eire Vilak hartutako bideo irudiak ikusteko aukera ere izango dugu.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
Zorionak eta eskertzen da informazio zabala.
Portzierto, zin dagizuegu Igartzako zaldikoak ez zuela museoan agertzen den zumitzezko beste zaldiko horren berririk! Harritu egin gaitu soin-egiturak daukan antzekotasunak. Nongoa da?
Zumitzezko zaldikoa Poloniakoa da, Wola Kosnowa herriskakoa. Bertan, Eguberri-Urteberri sasoian eske errondan (Kolędowanie) ateratzen diren taldeetan ageri ohi den zaldikoa da.