Dokumentuaren akzioak
Krakoviara goaz zaldikoaren erakusketan dantza egitera
Jakina da zaldikoa, zamalzaina edo hobby-horse izeneko pertsonaiaren antzekoak badirela Europa osoan eta baita munduko beste hainbat bazterretan ere. Krakovian ere bada zaldiko famatu bat, Lajkonik izenekoa, eta hiriko sinboloetako bat da herritarrentzat. Tatariar itxurako bizardun batek irudikatzen du, mongoliar aireko jantziak soinean dituena, eta egurrezko zaldikoarekin, Corpus Christi ondoko ostegunean kaleratzen dena.
Krakoviako Historia Museoak Lajkonika abiapuntu hartu eta Europako zaldikoen edo hobby horsen inguruko erakusketa antolatu du, eta martxoaren 31an egingo du inaugurazioa. Museoko langileek kamoia hartu eta Europa osoa korritu dute tokian-tokiko zaldikoak biltzen. Bilboko Euskal Museora ere etorri ziren, zamalzain bat jasotzera. Polonia, Errumania, Katalunia, Suitza, Britainia Handia, Indonesia eta Euskal Herriko zaldikoak erakutsiko dituzte The Lajkonik’s World. The Hobby Horse throughout the World erakusketan.
Martxoaren 31an, erakusketaren inaugurazio ofiziala egingo da Krakoviako Historia Museoaren aurrealdean eta bertan izango gara euskal dantzari sorta bat Krakoviako Historia Museoaren eskutik eta Etxepare Institutuaren laguntzarekin. Bertan Lajkonik eta Poloniako beste zaldiko batzuen dantzekin batera, Zuberoako zamaltzaina eta maskaradetako zenbait dantza eta erritual eskainiko ditugu. Maritzuli eta Argia taldeetako Jon Iruretagoiena dantzariak gorpuztuko du zamaltzaina, eta haren ondoan Kezkako dantzari talde batek egingo ditugu enseinari, txerrero, kantiniersa, gathuzain, marexala, kerestu eta pitxu kauteraren lanak. HMaskaradetako zamalzainaren inguruko dantzak eta erritoen emanaldia eskainiko dugu.
Informazioa: The Lajkonik’s World. The Hobby Horse throughout the World (Muzeum Historyczne Miasta Krakowa)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19