Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Joana Artza Zaldikoak, zamaltzainak eta hobby-horse-ak dantza zahar eta berrietan

Dokumentuaren akzioak

Zaldikoak, zamaltzainak eta hobby-horse-ak dantza zahar eta berrietan

2013/09/19 09:55

Aurtzaka dantza taldearen blogean azaldu dute nola izan den zaldikoaren etorrera:

"Orain urte batzuk J.A. Urbeltzek ohartu gintuen Jauregiko horma zaharretan dauden piktogrametako batean dagoen irudia zaldiko batena izan zitekeela. Europa guztian arrunt zabalduta daude zaldiko dantzariak, eta oso pertsonai dokumentatua da, baita gurean ere. Ezagunak ditugu Iruñeako zaldikoak, Lantzeko inauterietakoa, eta nola ez, Zuberoako maskaradetako zamaltzaina...

Igartzako Jauregia, XVI.mendea

Igartzako piktograma XVI. mende ingurukoa izan daiteke, eta antz handia dauka beste euskal irudi batzuekin. Aurten jakingo dugu ea Igartzako zaldiko honek dantzan badakien, ezpata-dantzariekin batera arituko baita segizioan.

Nafarroako Comptos Artxiboa XIV.mendea / Oiartzun, K.a. III-II mendea"

Mikel Sarriegik gorpuztu du Igartzako zaldikoa bere lehen agerraldi honetan:

Argazkia Aurtzakaren blogetik.

Baina ez da Mikel Sarriegi zaldikoaren soinean sartu den lehen aldia izan. Eta ez gara Zuberoako zamaltzainaz ari, ez. Orain 20 urte inguru Venezuelan izandako oporraldian, bertan "La burriquita" deitzen dioten zaldikoaren soinean jarri eta dantzatzeko aukera izan zuen Beasaingo dantzariak.

1994 La Burriquita Venezuela Mikel Sarriegi

Mikel Sarriegik berak kontatu digunez, Venezuela guztian oso ezaguna den zaldiko kriolloa da La burriquita. Wikipediak dioenez eguberri eta inauterietan ospatzen den festa da La Burriquita izenekoa, eta hainbat bideo dira sarean, bere dantzakera erakusten digutenak:

Brasilgo Florianapolisen antzeko ohituren berri eman digu baita ere Mikel Sarriegik. Boi de Mamao izenarekin idi bat protagonista duen dantza-antzerkia egiten dute, eta bertan, cavalinhoak hartzen du parte. Sarriegik esan digunez, "inauteri garaian egiten den txantxa moduko bat omen, eta ezagunak egiten diren hainbat elementu ikusten dira hemen ere: irri-dantzak, pertsonai nagusiaren heriotza, medikuak nola berpizten duen, etab..". Ondoko bideoan ikusi daiteke Boi de Mamao festa eta 17:40an agertzen da zaldikoa:

Zaldikoa, aspaldiko laguna europako hainbat dantzetan

Violet Alford folklore ikertzailearen "The Hobby Horse and Other Animal Masks" liburua lehen mailako erreferentzia izan da luzaroan zaldikoaren nondik norakoak ezagutu nahi zituztenentzat. Ingalaterran ezagutzen zituen zaldikoetatik abiatuta, Europan beste hainbat aurkitu eta aztertu zituen Alford-ek. Hobby Horse (jostailu zaldia) izenarekin ezagutzen da Britainia Handian, eta folkloristen artean nazioarteko hitz nagusi bihurtu da zaldikoak izendatzeko. Azpiko irudian morris dantzak, danbolinteroa eta zaldikoa Thamesis ibaia ertzean 1640. urte inguruko margolanean.

Ingalaterrako morris dantzekin eta mummers play antzerki satirikoekin lotuta maiz agertu izan dira hobby horseak. Ondoko irudian, morris dantzak eta hobby horsea Leverstock Green-en, 1952. urtean. Argazkia: Fred Buglass

Mota askotako zaldikoak ikusten dira Ingalaterran, eta horietako batzuk artisautza lan ederrak.

mounted morris man

Europan barrena, ugari dira zaldikoak ageri diren festak, dantzak eta erritoak, horietako batzuk ikusiko ditugu ondoko lerroetan.

Perratu, hil eta berpiztu

Austrian, Carinthian, Lesachtal herrian ospatzen dituzten inauterietan zaldi handi bat da protagonista nagusia. Beste hainbat tokitan bezala, zaldia perratzeko jokoa antzezten dute, eta zaldia hil eta berzpiteko jokoa ere bai.

Argazkia: Oier AraolazaBadira zaldikoak Beljikan, Frantzian, Alemanian... Batzuk dantzekin lotuta, beste batzuk inauteriekin, beste zenbait ezpata-dantzekin. Okzitanian, Lourdes-eko museoan, bada gertuko Lavedan eskualdean, Esquièze herrian dantzatzen zen dantza baterako erabiltzen zen jantzi berezi bat. Ben Yar-en jantzia omen da, zaldiko bat (Argazkia: Oier Araolaza).

Dantza honen jatorria eta azalpenaren inguruan eztabaida latza izan zuen Jean Michel Guilcher ikertzaile frantziarrak eskualdeko historialari batekin, eta horren berri zehatz ematen du Danses traditionnelles en Pyrénées centrales liburuan.

Argazki zahar batzuk (eta filmeren bat ere ba omen da) badira garai bateko dantza hau erakusten dutenak, dantzarien jantzi berezi eta zaldikoarekin.

Languedoc-Roussillon eskualdean, Montpellier inguruetan badira hainbat zaldiko dantza. Horietako bat da Cournonterral herrian egiten dena. Le Chevalet de Cournonterral izenarekin ezagutzen dute.

Flandesen, Antwerpen-en, Lange Wapper taldeak Garizuma erdian egiten duen ezpata-dantzan, zaldiko bat agertu izan da tarteka.

Europako zaldiko ezagunenetako bat Poloniako Krakovia hiriko Lajkonik da, Corpus Christi ondoko lehen ostegunean dantzatzen duen zaldikoa, bandera eta neskatil batekin jolastuz.

Ekialderuntz jarraituz, Errusian, Izmailovo ingurukoa da zaldiko hau:

Russian folklore

Eta eguzkiaren kontrako norabideari eutsiz zaldikoak han eta hemen ageri zaizkigu. Honako irudia Pakistan-ekoa da:

Pakistan Folk Dance

Katalunian oso ohikoak diren cavallets edo zaldikoen moduko taldeak aurki daitezke Pakistanen eta Indian. Honako hau, Indiako Goa estatuko Panaji hiriko honen berri Juan Antonio Urbeltzen eskutik ezagutu dugu:

Mediterraniora itzulita, eta Kataluniako cavallets-ak aipatu ditugunez, horra Oloteko Ball de Cavallets, fricasse, sorgin-dantza edo txino-dantzaren doinu bera darabiltenak:

Zaldikoak, zamaltzainak, zamariak Euskal Herrian

Zamaltzaina, Zuberoako maskaradetako zamaltzaina ikono bat da Euskal Herrian.Argazki honetan txerreroa, gatuzaina, zamaltzaina eta kantiniersa ikusi daitezke. XX. mendean maskaradetan ateratako argazkia.

Akaso ez hain ezaguna, baina bada beste zaldiko bat Lantz-eko inauterietan, Zuberoakoa (eta beste asko bezala) perratu egingo dutena agerraldian.

Lantz Inauteriak 2007 171

Iruñeko erraldoi eta buruhandien konpartsako zaldikoa (Argazkia: Jonan Basterra):

San Fermin 2006

Orain hilabete batzuk, Nafarroa Beherekoa, Garazi aldekoa den argazki zahar batean ageri zen zamaltzainaren inguruan aritu ginen hizketan. Juan Antonio Urbeltz-ek aipatu izan du Nafarroa Behereko zamaltzaina, eta Argia taldearekin egindako ikuskizun batzuetan hainbat zaldiko mota plazaratu ditu. Violet Alford-ek 1931an idatzi zuen Nafarroa Beherean bi zaldiko ezagutzen zituela, bata Anhauzen desagertua zena, eta bestea Donibane Garazin, 30 urteren bueltan berreskuratu berri zutena. Baliteke irudian agertzen dena horixe izatea:

 

Bistan denez, zaldikoa, zamaltzaina edo hobby horse delakoa ohiko dantzaria da gure festa eta tradizioetan. Mila esker ikusmira hau osatzeko erreferentziak eskaini dizkiguten Juan Antonio Urbeltz eta Mikel Sarriegiri.

Erreferentzia batzuk:
  • Violet Alford: The hobby horse and other animal masks, Merlin Press, 1978.
  • Arnold van Gennep: Notes comparatives sur le cheval-jupon, Institut d'études occitanes, 1945
  • Veyrin, Philippe: Le Plus ancien "zamalzain" connu, Txistulari aldizkaria, 44. zkia, (1965), 26. orr.
  • Jean Baumel: Le "masque-cheval" et quelques autres animaux fantastiques: étude de folklore, d'ethnographie et d'histoire, Institut d'études occitanes, 1954.
  • Bada Ingalaterran, Banburyn, zaldikoaren inguruan antolatzen den jaialdi bat: Hobby Horse Festival

***Eguneratzea 2019-01-25*******

2014an, Krakoviako (Polonia) Historia Museoak zaldikoen inguruko erakusketa eta ekitaldia antolatu zuen, bertako Lajkonika eta euskal zamaltzaina elkarrekin batzeko aukera sortuz.
Zamaltzaina eta Lajkonika. Krakovia, 2014-03-31. Argazkia: Iñaki Zugasti - CC-BY-SA
Bestalde, 2017ko maiatzean, Iruñean eta Eibarren antolatutako Ezpalak jaialdiak zaldikoak izan zituen ardatz.
Cournonterral, Bartzelona, Biarritz, Beasain, Lantz, Eibar eta Iruñeko zaldiko-dantzariak elkarrekin ikusteko aukera izan zen (Iruñeko jaialdiaren kronika).

***Eguneratzea 2023-09-28*******

San Migel festetan Tazacorte (La Palma, Kanariak) herriko kaleak hartzen dituzte Fufos zaldikoek. Pandemiak lehenengo eta 2021ean La Palma uhartean izan zen sumendiaren erupzioak ondoren etena ekarri zion ohituran, baina 2022an eta 2023an berriz ere kalean izan da zaldikoen festa handia. Kainaberaz egindako zaldikoak dira, koloretako paperez apaintzen dituztenak. Irudiak: Larraitz Zialzeta. Fufos zaldikoak, San Migel, Tazacorte, 2023-09-28.

***Eguneratzea 2024-02-06***

Ahutzaren maskara Weisbach-en, Alemania.

Weisbach ahuntza
Ahuntza (Geiss) Weisbach-eko maskaradetan. Argazkia: The Guardian.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.