Dokumentuaren akzioak
Ipurdian sua piztu eta hasi da dantza
Nola deitzen da dantzariek batak besteari ipurdian sua piztearen zirraraz jolasean aritzen diren dantza? Ba plego-dantza izan liteke, edo bizker-dantza, edo tatin-dantza sua ipurdian edo Izetz ixetukoa-Baietz ixetukoa... Ablitasen, Baztanen, Garesen, Bardozen zein Otxandion, bakoitzean bere izena du irri-dantzak.
Bardoze: Sua ipurdian
Bardozeko (Lapurdi) inauterietan “sua ipurdian” izeneko dantza bat badela jakin dugu Kanaldudek argitaratutako irudiei esker. Bertan ematen dituzten azalpenen arabera, aspaldi galdu zen dantza da, duela hogeita hamar bat urte berreskuratua eta gaurkotua. Adineko emakume batek kontatzen omen du ostatu batean bazela bat erratza pasatzen eta hasi zirela jostatzen eta sua eman nahian jatsa edo eskoba horri. Hortik dantza bat sortu zen eta gerora berreskuratua izan da.
Mozorro talde batek plazaratzen du gaur egun. Erdian kokatzen da bat, eskuan erratza eta gerrikotik, ipurdi aldean, isats forma hartzen duen papera lotuta duela. Inguruan zirkulua osatzen dute gainerakoek eta jauzien estilora dantzan hasten dira; jarraian, erdian den lagunari ipurdian sua pizten saiatzen dira.
Ablitas: Plego-dantza
Segituan etorri zaigu gogora Ablitaseko (Nafarroa) plego-dantza. Kasu honetan ere partaide batek besteak gerritik zintzilik daraman paperezko orria erretzea da helburua. Nafarroako Dantzen Atlasean jasotzen denez Pedro Arellanok (1933) deskribatu zuen lehenengo aldiz dantza hau, baina XX. mendearen lehenengo hamarkadetan galdu egin zen. 1977an Ortzadar Elkarteak ikertu zuen eta hurrengo urtean Erribera izeneko ikuskizunean taularatu zuen. Gerora, 1994an Ablitasko Mendianike Dantza Taldeak plego-dantza berreskuratzeko ikerketa abiatu zuen. Egun, apirilaren lehendabiziko igandean, 13:00etan plazaratzen da Plegoko jaien barruan. Irri-dantza honi sarrera, jota eta irteera bat ere gehitu zaizkio.
Baztan: Bizker-dantza
Bi dantzen antzekotasunei begira, beste dantza bat etorri zaigu burura: bizker-dantza. Baztanen jasoak dituzte hainbat irri-dantza edo jostaketa dantza eta horietako batek guztiz egiten du bat aurretik aipatu ditugun biekin. Larraldetarren Baztango folklorea liburuxkan irakur dezakegunez, Aita Hilari Olazaranek bere yoku-dantzak bilduman, bizker-dantza izenarekin dakar; soinua eta dantza Antonio Elizalde txistulariari hartuak. Dantzatzeko modua ipurdi-dantzaren tankerakoa da, baina kasu honetan, paper luze bat dilindan ezartzen dute gerrikotik eta sua ematen saiatzen dira.
Otxandion, Garesen...
Eta han eta hemen, leku bakoitzean, izen propioarekin, baina oso antzeko formarekin dantza gehiago agertzen dira. Jokoaren giltza honakoa beti: piztuko dute sua ipurdian edo ez? Badirudi Otxandion (Bizkaia) galdua dela, baina han hala deitzen omen zitzaion: Ezetz ixetukoa-Baietz ixetukoa dantza eta abestuz egiten zen. Partaideak aurkariak ipurditik zintzilika zeraman egunkari zatia erretzen saiatzen ziren. Garesen (Nafarroa) ere ba omen zen antzeko dantza bat: tatin-dantza.
Bideo honetan dituzue Ablitas, Bardoze eta Baztango irudiak, Ortzadar, Kanaldude eta EXD-ek grabatuak:
Dokumentuaren akzioak
Egia esateko ez dakit osabak non eta noiz ikusi edota ikasitakoa izango zuen jolas hori, ez baitut nire inguruan horrelako besterik ezagutu. Baina badira ia 30 urte gure bazkarietan ohituratxo hori desagertu denetik.
https://www.youtube.com/watch?v=_-Qd-UpBAzw