Dokumentuaren akzioak
19. Txerrero
Txerrero, gibelean Zamalzaina, Zalgizeko plazan. Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti
Txerrero txerrizaina da. Maskarada gorriko pertsonaia da eta bera da Maskaradaren bidea zabaltzen duena, txerra (zaldi buztana, zaldi ilez egindako erratza, makila luze eta soka batez eskumuturrean lotzen duena) batera eta bestera astintzen duena dantzan ari denean. Txerrarekin sorginak jo eta espiritu txarrak uxatzen ditu.
Bestalde, Txerrerok txilinak edo zintzarri txikiak daramatza gerrikoan. Txilinak entzuten ahal dira abeltzaintza egiten den herrialdeetako maskarada guztietan, baita ere inaute-festa gisa Europa oso egiten diren erritu guztietan. Txilinek ere espiritu txarrak usatzeko erabiltzen ziren, baita ere Hartza uxatzeko, Joaldunen joareek egiten duten bezala. Txerreroa mugitzen den bakoitzean etengabeko hots erritmikoa ateratzen dute.
Galtza beltz motzak eta txaketa gorria (aurrean zuria) janzten ditu. Txerreroaren janzkerak, aurrealdean bularralde zuria duen jaka gorria du, urre-koloreko apaingarriekin; belaunetarainoko praka beltzak, urre-koloreko bolantetan bukatuak; galtzerdiak eta zapatila zuriak, lore gorriz apaindutako polaina beltzez estaliak. Buruan, borla zuria duen txapel gorria darama, belarriaren parean erortzen zaiona.
1914an, Txerrerok zeraman janzkera ia lehen azaldutakoa zen. Horrela, G. Hérelle-k urte horretan egin zuen deskribapenean ezberdintasun txikiren bat baino ez da ikusten; hala nola, txapelean aipatzen duen artilezko borla hiru koloreduna eta ponpoi gorriak belaunen parean. Azkenik, txerra (erratza), metro eta erdiko luzera duena Hérelle-rentzat, laburtu egin da, gutxi gorabehera metro batera pasatuz.
Agosti Chahok, ordea, 1865ean beste janzkera bat deskribatu zuen: kapela edo lumazko burukoa, kolore askotako oihal zatiekin egindako jantzia, zintzarriak dituen gerrikoa eta zintzilik zegoen matamoska bat, dantzariaren bilakaerei jarraitzen ziena. Eskuetan, erratza darama.
Harrigarria da berrogeita hamar urtetan jantziaren eraldaketa ikustea; Chahok deskribatutako jantzitik zintzarri-gerrikoa eta zaldi-zurdaren erratza baino ez zaizkigu iritsi.
Ederra eta interesgarria aldi berean Joana Artza, Euskal Herriko inaute festetan erratzaren agerpenari buruzko artikulua. Ohiko elementua da gure inauterian. Txerrerok ere badu berea, baita ere zintzarriak, txilinak, Hartza urrunarazteko balio dutenak, Taming Winter filmean informatzen den bezala.
Gaur egun, sarritan, Txerreroren rola emazte batek egina da. Kepa Fernandez de Larrinoak 1987ko Maskaradetan gertatutakoa azaltzen digu bere tesian: nola Txerrero pertsonaia maskulinotzat hartzen zen eta emazte batek egitea kontraesangarria ikusten zen. Asko aldatu dira gauzak eta Txerrero dantzariek daramatzaten txilinak ez dira dagoeneko elementu maskulinotzat hartzen.
Iturria:
-
Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14)
-
TamingWinter (Andrea Arena, Nicola Imoli) - 2018
-
Txerrero (Javier Santamaria – Auñamendi Entziklopedia) [Moldatua]
- Inauterietako bide garbitzaileak eta erratzak (Joana Artza, Dantzan, 2021-02-15)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa