Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 31. Kauteren dantza

Dokumentuaren akzioak

31. Kauteren dantza

2021/03/19 11:05
31. Kauteren dantza

Kerestuak eta buhameak kauteren dantzan, Eskiulako taldea, Maule, 2002-03-23. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Maskaradetan kauteren lana Jaunaren pertza konpontzea da. Lanaren trukean Jaunak sos batzuk pagatuko die. Kauterek orduan dantza berezi bat dantzatuko dute, lehenik buruz buru, makurtuz, alde batera zein bestera, beren txapelak eskuetan (argazkian ageri diren moduan) dituztelarik. Horrek ere bere esan nahia badu seguruenik ere. Thierry Truffaut antropologoaren arabera, dantza oso berezia da eta honen berri badakigu aspaldidanik ere, elizaren idatzietan jasoa baita. Maskaradetan emanik den dantza horrek agertu nahi luke denboraren itzulikatzea eta aurrera-atzera aritze horiek denbora berriaren etortzea marka lezakete.

Kauteren dantza
Kauteren dantza, Pettarrako Maskaradak, Larraul (Gipuzkoako Aiztondo bailara), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Interesgarria da Truffaut-ek Maskaradak dokumentuan egiten duen irakurketa sinbolikoa. Hona zertzelada batzuk ekarriko ditugu.

Maskaradak asteartitara (inauteri-astearte) arte irauten duten ohituretatik aberastu dira. Hala nola lehenago, otsailaren 2aren inguruan egiten ziren hartzaren jaietatik, baita lurraren emankortasunarekin, animalien eta gizakien ugalkortasunarekin zerikusia duten hainbat erritu edo praktiketatik ere. Gogoan izan dezagun ere garai honetan lehengo denboretan, ezkontza ugari egiten zela zeren eta, beste urtaroetan, artzaintza (transhumantzia) edo kanpoko lanengatik, ez baitzen egiterik.

Kauteren dantza, Pettarrako Maskaradak, Larraul (Gipuzkoako Aiztondo bailara), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Horrela, Maskaradetan lehenagoko zintzarrotsetarik zerbait badela asma daiteke. Pirinio guztietan baita ere ekialdeko Europan zehar egin ohi den Hartzaren jaiarekin zer ikusterik balukete Maskaradek. Sineste zaharren arabera, Hartza otsailaren 2an bere neguko lokartzetik iratzartzen da eta esaera zaharrek diotenez, gertakari horren 40 egunen buruan beranduenez, negua joan eta udaberria etortzen da.

Hartza animalia ikusgarria da. Negua den artean, hartzak hildakoen arimak gordetzen ditu bere sabelean, eta iratzartzean askatu egingo ditu, puzkerra botaz. Lokartzetik irten ondoren, kautera batek bahituko du baina honi ihes eginen dio gero eta neska eta emakumeei atzetik segika lasterka hasiko zaizkie. Berriz ere harrapaturik, gizonek jo egingo dute, zigor gisa, ilea moztuko diote eta horrela pertsona itxura hartuko du. Urtero errepikatzen den joko mitiko eta zahar honek, Hartzaren tradizioa eta sinesmenak iraunarazten ditu, Hartza gizonak bezala tente dabilkeen pertsonaia "jainkotiarra" baita, elezahar askotan ("Jean-de-l'ours", Hartzkume, Harztxo...) ageri bezala emakumeak ernaltzeko gai dena. Zenbait dinastiak, Tolosako kondeena adibidez, Hartzarengandik eratorriak direla baieztatzen zuten.

Iturria:

Sü-Azia liburuxka (1993)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.