Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 6. Buhameak

Dokumentuaren akzioak

6. Buhameak

2021/02/15 10:00
6. Buhameak

Buhameak, Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Xina, Konxinxina eta Australia,
Alemania, Autrixa eta Tunizia;
bazter hanitx kurritia,
gaiza hanitx ikusia,
apur ikasia,
bena hanitx ebatsia.
Uken dut auherkeriako eta asekako medaila,
ohoinguako eta andrekako kurutxia;
ni niz horien erregia,
Baratxugaitz buhamia! (*)

 

Buhameak eta kauterak ijitoak dira, beltzerian azaltzen diren pertsonaiak eta ez dute guk ezagututako ijitoen antzik. Buhameak oso modu bitxian daude jantzita, ohazaletarako erabiliak izaten diren oihal loredunez. Duten txapela oihal loredun berez eginik dago (janzkera hau ez da asko aldatu dokumentu zaharren arabera). Egurrezko ezpata edo sableak daramatzate. Azken urteotan lau izan dira. Euren nagusia, Buhame Jaun edo Erregea, Basagaitz, Baratxugaitz… izena du. Beste urteotan ere Baratxegarai izenekoa ageri da.

Buhameen rola anabasarena da, zalapartatsu ari dira beti, euren artean borrokan sarritan eta Basagaitzek banantzen ditu batzuetan… zarata ateratzea eta ikusentzulegoa zirikatzea ere bai. Basagaitzek hain zuzen testuaren hasieran dagoen gisako perediküa egiten du jendearen aurrean. Testu hasieran dagoena 1864ko datarekin, laurogeiko hamarkadaren hasieran Arbotiko (Nafarroa Behereko Amikuze bailaran, Zuberoaren ondoan) baserri bateko ganbaran aurkitutako testu baten zatia da. Ziur asko, paper hori egin behar zuen pertsonak idatzi zuen, errazago memorizatzeko, eta azpimarratu behar da gaur egun erabilitako testuak berdinak direla formari dagokionez eta ia berdinak edukiari dagokionez, nahiz eta, bistakoa denez, egunerokotasunean aldatu egiten diren antzezpenaren garaiari buruzko erreferentziak eginez.

Aurkezpen peredikü honetan, Buhameek 10 manamentüak irakurtzen dituzte; aurrerago aztertuko ditugu beste argazki batekin batera.

Dokumentatuta dago iraganean, Nafarroa Behereko euskalkiz mintzatzen agertzen zirela, beste modu batez esanda, manexak izanda kanpotartzat hartzen zirela era honetan. Era berean, jakin izan dugu iraganean armak erabiltzen zituztela egurrezko sableekin batera: Buhameek fusilak zituzten XX. mendearen hasieran. Fusilak gero desagertu ziren eragiten zituzten istripuen ondorioz.

Georges Hérelle (Pougy-sur-Aube, Champagne, 1848ko abuztuaren 27a - 1935eko abenduaren 16a, Baiona) frantses idazleak Buhameen funtzioan, beste atal bat zegoela dio: "Teilla" jokoan jolasten hasten ziren (egur biribildu zatia, lurrean marraztutako marra baterantz jaurtitzen dena). Jokoa liskar batean amaitzen zen; liskarrak borroka bat zekarren; borrokalarietako bat sablez hiltzen zen, eta, ohi denez, Bedeziak (medikuak) berpiztu egiten zuen.

Interesgarria da Nicole Lugarotek ‘Bohémiens’ lanean buhameei ematen zaien izaerari buruzko kritika. Beste argazki batean landuko dugu gaia.

(*) Mundu osoan zehar ibili naiz: Ingalaterran, Espainian eta Italian, Txinan, Kontxintxinan eta Australian, Alemanian, Austrian eta Tunisian; leku asko bisitatu ditut eta gauza asko ikusi ditut, baina gutxi ikasi dut eta asko lapurtu dut. Bereizi egin naute lausotasunaren eta sabelkeria dominarekin, eta lapurretaren eta libertinajearen gurutzearekin. Ni Baratxugaitz naiz, ijitoen erregea!

 

Iturriak:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.