Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 14. Txülülari eta atabalariak

Dokumentuaren akzioak

14. Txülülari eta atabalariak

2021/02/22 13:20
14. Txülülari eta atabalariak

Txülülari eta atabalariak, Ligi-Athereiko taldea, Altzürükü, 2001. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Txülülari eta atabalariak dira Maskaradetan soinu egileak beti. Ez baita musikarik gabe Maskaradak zer diren ulertzerik. Batzuetan, txülülariak ere ttun-ttunarekin batera jotzen du. Georges Hérelle-n ― filosofia irakaslea, Zuberoako artzaintza eta maskaraden ikertzailea, Pougy-sur-Aube (Champagne) 1848 – Baiona 1935 ― arabera, iraganean, Maskaradaren prozesioan, musikariak "prozesioa osatzen duten bi taldeen artean" kokatzen ziren: batek danborra jotzen zuen eta bigarrenak 'tchirola' eta ttun-ttuna.

Hérelle-n testuoi bagagozkio, azken 100 urteotan ez da asko aldatu musikarien osaketa Maskaradetan. Instrumentu guztietarik,  hiru zuloko txülüla nabarmentzen da. Bitxia egiten zait nola batzuetan txülülariak, txülüla jotzean libre duen eskuarekin belarria estaltzen duen, txülülak aldi berean ozena eta altua ateratzen duen soinutik babestuz.

Oro har gizonak ikusi ditut musikari lotuak Maskaradetan. Hala ere, pixkanaka emazteak ere badatoz lan hauetan (Maskaradetan emazteen parte-hartzeari buruz mintzatuko gara aurrerago). Argia aldizkarian egin zion elkarrizketa Miel Anjel Elustondok Celine Otatxegiri:  Maskaradetan eta bestelako ekitalditan ibilitako txülülari muskildiarra dugu Celine.

Bestalde, eskertzekoak dira Allande Davant (eta bera bezalako gainerako kideak) urtez anitzez ibili izana musikarekin Maskaradetan eta bestelako ekitalditan. Bigarren argazki honetan ageri zaigu Davant bere lankidearekin Adunan (Gipuzkoako Aiztondo bailaran) 2017-05-07an egindako Pettarrako Maskaradetan.

DSC_5106_moztua.jpg
Xirularia eta atabalaria, Pettarrako Maskaradak, Aduna (Gipuzkoako Aiztondo bailaran), 2017-05-07. Argazkia: Jonmikel Intsausti

8 urterekin hasi zen tabalatzen Davant, eta harrezkero 20 urte inguru tabalatzen aritu da. Bestalde Allande Davant Maskaradetako errejenta ere (zuzendariaren antzekoa edo) izan zen 2017an Pettarrako Maskaradetan.

Joanes Etxebarriak Iparraldeko Hitzan elkarrizketa egin zion Davanti 2017ko urtarrilean, eta ondorengo galdera interesgarria egin zion Maskaraden harreman soziali buruz:

Maskaradetan ere ibilia zara atabalarekin. Erraten da lehenago harremanak sortzeko funtzio soziala zutela, bereziki mugikortasun gutxiago zegoelarik.
Orain, gaztea askoz haboro higitzen da. Izpiritua higiarazten ahal du gorputza baino lehen Internetekin, eta gero autoekin nahi duen lekura joaten ahal da. Nik maskaradak azken hogei bat urteetan ezagutu ditut, eta jadanik autoak bazituzten kasik oroek. Gero, herri bakoitzean biltzen ziren gehienik; orain baino haboro atxikiak ziren herriari. Orain, lagun anitz badituzte herritik kanpo, eta gazteak barreiatuagoak daude. Duela hogei bat urte herri bakoitza multzo bat bazen eta egiazki herriari lotuago zeuden; herriko bestak ere azkarragoak ziren; gazte haboro bazen ere segur… Orain, lagun gehiago dituzte, baina herri batean maskarada bat antolatzea gaitzago da. Iduri zait lehen naturalki egiten zutela.



Iturriak:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.