Dokumentuaren akzioak
32. Kantiniersa
Pitxu oker dabil emandako lanean, Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti
Argazkian kerestuen nagusiak Zamalzaina harrapatzeko agindu dio Pitxuri, nagusia morroiarekin haserretu ostean, laguntzailea behar duelako. Baina Pitxu oker ibiliko da eta Kantiniersa harrapatuko du, eta koskabiloak bilatuko dizkio femeninoa den pertsonaiari.
Baina nor da Kantiniersa?
Gaur egun ikusten den kantiniersaren ordez Buhamesa, ijito emakumea edo “maquerelle” bat omen zen aspaldian. Kleroaren hainbat kexuren ondotik eta XIX. bigarren erdialdean Louis Lucien Bonaparte printzearen bisita geroztik, Makarela edo maka beltza (“maquerelle”)-ren ordez bigarren Inperioko jantziak soinean eramaten ditu Xiberoko Kantiniersak (Armadako kantinera -kantiniersa- edo urketariek zeramaten jantzia hain zuzen). Berez, Agosti Chahok 1856an egindako deskribapenean ez da Kantiniersa agertzen. Baina Sallaberryk adierazi zuenez, Kantiniersak hartu duen papera Buhamesak garai batean egiten zuena da, beti Zamalzainaren ondoan, bere amantalean zeramana Zamalzainari jaten emanez.
Bestalde Hérelle-ren iritziz, aldaketa hori 1900. urte inguruan egin zen, Buhamesak egiten zituen zakarkeriengatik. Aldaketa hori egin zenean, Maskarada Beltzeko pertsonaia bat ezabatu zen, Maskarada Gorriko pertsonaia berri bat sartuz, beharbada, lehenengoaren gehiegikeriekin amaitzeko. Pertsonaia berriak antzinakoarekin antzekotasun bat baino ez du, Kantiniersaren lanbidea ur banatzailearena dela, eta Buhamesaren lana, Maskaradan, Zamalzainari jaten eta edaten ematea zela.
Izan ere, Kantiniersak Napoleonen Armadako kantiniersen gisako jantzia darama. Gainerako Gorrien jantziak kutsu militar berdintsukoak dira ere. Pertsonaia anakroniko honek Kantiniersak petxera zuriko jaka urdina jantzi ohi du, urre-koloreko apaindurekin, mantal zuria eta gona gorria; galtzerdi eta zapatila zuriak, polaina urdinez estaliak, loretxo itxurako zinta txikiz apainduak. Buruan kapela urdina darama. Gerrian, sorbaldatik zintzilik, egurrezko kupeltxoa, ezkerreko eskuarekin helduta, jauziekin ez mugitzeko moduan. Kantiniersa Maskaradetako dantzari arinena da.
Lehenagoko garai batean Kantiniersa gizonezkoak egiten zuen, Maskaradan dauden emakumezko pertsonaia guztietan gertatzen den bezala. Hori guztiz aldatua dago gaur egun, eta gainera gero eta maizago ikusten dira kantiniersa bat baino gehiago maskaradetan.
Javier Santamariak (Auñamendi Entziklopedia) bestalde, ohar eder bat gogorarazten digu Kantiniersaren inguruan: “[Kantiniersak] Godalet-dantzan duen paper berezia ezin da aipatu gabe utzi; Aitzindari guztiak bakarkako saioa amaitu ondoren, Kantiniersa edalontzira ateratzen da berriro, oraingoan Zamalzainarekin batera, eta, honek oinarekin godalet gainean gurutze batzuk "marrazten" dituen bitartean, Kantiniersa aurrean geratzen da dantzan.”
Santutxuko Gaztedik 1992an antzeztutako Maskaradetan, 6 kantiniersaz osatutako taldea ezarri zuten Aitzindarien talde nagusiaren ondoan, 1992ko Altzürüküko taldeak egin zuen bezalaxe.
Eta hala gertatzen da, Kantiniersa bat baino gehiago dagoenean, kasu batzuetan beste dantza bat egiten da: Satan dantza, Pastoraletan Satanek bakarrik dantzatzen dutena. Normalean Pastoraletan egiten den dantza izan arren, ez da arraroa Maskaradetan ere ikustea.
Zein gauza ederra!
Iturria:
-
Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14)
-
Gaztedi dantzari taldearen liburuxka (1994).
-
Kantiniersa (Auñamendi, Javier Santamaria) [moldatua]
-
Kantiniersak maka beltza ordezkatu zuen (Dantzan, Jon Iruretagoyena, 2020-11-05)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa