Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 30. Eskiulako emazteak

Dokumentuaren akzioak

30. Eskiulako emazteak

2021/03/12 06:45
30. Eskiulako emazteak

Zamalzaina, Sohütako taldea, Arrokiaga, 2003-02-23. Argazkia: Jonmikel Intsausti

1992an emazteek soilik egindako Maskaradak direla, interesgarria da Kepa Fernandez de Larrinoak “Mujer, ritual y fiesta” (Pamiela argitaletxea) liburuan aztertutako kontuak. Orduan, Eskiulako 17 eta 40 urte bitarteko emazteek erabaki baitzuten Maskarada egitea.

Azter ditzagun orduan emazteez soilik osatutako Maskarada bat egingo zela zabaltzean gertatu ziren jarrerak. Fernandez de Larrinoak aztertu zituen lehendabiziko jarrerak harridurazko eta txundidurazkoak izan ziren. Jende askok irribarrez erantzuten zuen erabat sinetsi gaberik, txantxa bat zelakoan.

Txantxa ez zela jakin izan zenean, harridurak urruntzeari bidea ireki zion, sinetsi gabe, batzuk zera esaten zuten, ez zutela ikusten emakumez soilik antzeztutako Maskarada bat.

Maskaradak 1992
Eskiulako maskaradak, 1992. Argazkia: Mujer, ritual y fiesta liburutik.

Fernandez de Larrinoak gaia ikertu zuen eta argudioen artean Maskarada itsusia izango zela zioten lagunak elkarrizketatu zituen (Zuberoako gizartea tradizionala da eta oro har emaztea apal eta neurritsua behar dela uste da). Maskaradetan diren beltzeriarentzako rolak emazteentzako egokiak ez zirela ere adierazten zuten (informatzaile batek zera zioen “[…] ezin zuela ikusi neskak lurrean bata bestearen gainean, peredikuetan esaten diren hitz gordin eta itsusiak neska batengandik entzun […]”).

Mujer, ritual y fiesta

Hala, Fernandez de Larrinoak dio Maskaradetan paradoxa bikoitza gertatzen dela: alderantzikatze edo/eta biziagotze erritu-prozesuek (esaterako beltzeriak duen muturreko jarrera) egunerokotasuneko jardunetik sortzen diren errituekiko sortutako paradoxa da bat; bigarrena sexu/generoarekin lotutakoa dugu, emazteen parte-hartzearekin alegia. Beltzerian diren errituak onartzen dira gizonek antzeztuak badira, emakumeei soilik pertsonaia femenino edo estetiko eta artistikoetan parte hartzea onartzen zaielarik (aintzindariak, anderea, laborarisa).

Maskaradak 1992
Maskaradak 1992. Argazkia: Mujer, ritual y fiesta liburutik.

 

Maskaradak 1992
Maskaradak 1992. Argazkia: Mujer, ritual y fiesta liburutik.

Itzul gaitezen Eskiulako Maskaradetara. Antzezlanak gertatu ahala iritzi berriak azaldu ziren “emaztek gizonek bezain untsa edo hobeki” egiten zutenik. Pertsonaien izenak ere femeninoak izan ziren (buhamesak eta kauteresak barne): Pitxuna, Fripuna, Buhameen erregiña … buhamesek ere emazte izenak zituztelarik: Añiña, Mañiña, Axatiña, Khokots, …

Hots, Eskiulako Maskaradekin ere zuberotarrek gozatu zuten.

Amaitzeko, heben eskiularsek 1992an kantatutako agur koplak:

Kantha dezagün gogotik
zahar gaztik harrotürik
desiratüz osagarri
Pentsa beti Eskiulari
Agur adixkidiak esker mila zier
Eman deiziegü amodio bezain plazer
Zer othe balio dü orai bizitziak
Ez baditügü zaintzen gure deskantsiak.
Xibero xoko ejerra eskual lilia
Zurekin date gü uduri den gazteia
Gure zainetan odola kurritzen bero
Bizi bedi orhidüra orai eta gero.”

 

Iturria:

  • Mujer, ritual y fiesta” (Pamiela argitaletxea) – Kepa Fernadez de Larrinoa – Taldeko argazkiak liburu beretik hartua.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.