Ondoren agertuko dudan testuan, egun Zuberoan Maskaradetan barna, Maskaradak egingo diren herrian maskaradari bisitariei bazkaria emateko ohitura azalduko dut. Jatorrizko testua Kepa Fernandez de Larrinoak idatzia da Sü-Aziak 1993an argitaratutako liburuxkan. Esan beharra dago testua zubereraz eta frantsesez idatzia dela bertan eta nik euskara baturantz hurbildu dudala testua manexak eta hegoaldetarrok hobeto uler dezagun.
Bai testua 1993an idatzia da, eta 30 urtez gauzak alda zitezkeen. Horretarako lagun on bati eskatu diot laguntza eta hala erantzun dit” […] bai. Ohitura honek bizi-bizirik jarraitzen du eta eskertzekoa da. Horretarako da ere arratsaldeko ikusgarria kasik beti berantarekin hasten! […]”. Irakurriz ondoko testua, jakinen dugu zein hurbil eta zein oparoak diren Zuberoako herri arteko harremanak.
Maskaradetako ohitura berezia: bazkaltzerako gonbidatuak - Kepa Fernandez de Larrinoa
Zuberoako Maskaradek inauteriarekin zer ikusi handia badute, baita herri antzerki, poesia, talde kantore, herri kontakizun, jantzi eta dantzarekin ere.
Maskaradak jai bereziak dira, hots hartakoz da ikertzaile anitz hurbildu, jakiteko zer gertatzen den maskaradetan. Bakoitzak bere teoria idatzi du: sineste zahar baten hondarrak direla edo oraingo sinesteak; erdi aroko ospakizun harroen segida dela; munduko gauzak oro hankaz gora agerrarazten dituen erritu sinboliko bat dela edo beste.
Baina nik metafora sozial gisa ditut maskaradak ikertu ene lanetan eta hori egin dut, Zuberoako adiskideen ikusmoldea beharrezkoa dela uste baitut. Hona hemen haietako batek zer dioen:
"...Maskarada zera duzu, bestaren egitea sinpleki, manera sinple batez bestaren egitea. Herriko gazteak bide berezi batez elkarretaratzen dituzu, molde desberdin batez, eta adiskidetasunaren mugak irekitzen dituzu. Erran nahi baita, bestela ezagutuko ez zenukeen jendearekin inportantea den zerbait partekatzen duzula . ...Maskaradei esker, jendea elkartzen duzu, egiazko bateratzea duzu. Herri batetako gazteria beste herri batera badoa eta herri horretakoek jan eta edaten ematen diete, ahal bezain beste, ase bezain bat.
Maskaradariek herritarrez irri egiten dizute eta trufa merke duzu. Dantzariek dakiena oro agertzen du, ahal bezain ederki jauzi eginez elkarri plazer emangai baitira denak.
...Lehen errazago egiten ziren maskaradak etxe orotan baitziren jende gazte eta lanerako esku asko. Egun haatik, gaitz (zail) duzu, kartielak (auzoak) husten ari baitira. Orain ez duzu zazpi edo zortzi haur baizik herriko eskoletan, ixteko arriskuan direlarik.
Lehen baziren ia mila herritar herri bakoitzean, eta orain berrehun bat biztanle baizik ez dago herri anitzetan. Baina maskaradak prestatzen dituen herria, honek dituen indarra, gaztetasuna eta etorkizunean duen fedeaz mintzo da... ".
Herri batetako maskaradak Zuberoako beste herrietara joatea ez da bisitatzaileek berek hartzen duten erabakia. Bada prozesu bat: maskaraden plantatzearekin herriko gazteriak eskutitz bat igortzen du beste herrietara, beren xedeen berri jakiteko. Herri horiek dira deliberatzen maskarada egileak gonbidatuko dituenez ala ez. Elkarrekin da gero egun bat hautaturik. Bisitaturik diren herrietan besta jai egun handia da, manera berezi batez jaten eta edaten delarik.
Goizeko barrikadetan eskaintzen diren jatekoak erritualak dira. Lau janari mota ematen da dastatzera: kauserak lodi eta biribil, matahameak, jezuitak edo merveillak eta azkenik, galletak, bixkotx edo erroskillak.
Lehen hiruak inauterietako jakiak dira, eguerdiko bazkarian postre gisa berriz eskainirik izango direnak. Bazkaltzeko puntuan hura aurrera eramateko molde zenbait bada, bisitariak nongo diren eta bisitatuen ohituren arabera. Bi aukera dira: maskarada parte-hartzaileak herriko ostatuan bazkaltzera edo etxeetara gonbidatzea. Lehen kasuan denek herriko ostatuan bazkal lezakete, edo bestela bi ostatutan, gorriak ostatu batean eta beltzak bigarren batean, eman dezagun. Etxeetan bazkaltzea denean, gonbidapenerako lege zenbait bada eta balio du hauetaz mintzatzea.
Beraz, etxeetako bazkarietan horrelako elkarretaratzeak egiten dira. Ontsalaz, auzapezak (alkateak) Jaun Andereak hartzen ditu etxean;auzapez-ordeak berriz, Laborari eta Laborarisa hartzen dituelarik.
Herrian, Txerrero, Zamalzain edo beste dantzaririk balitz, bakoitzak kargu bera duen dantzaria gonbidatuko du bere etxean.
Maskaradariak senideak baditu bisitatzen ari den herrian, senide horren etxean bazkalduko da edo eta bestela, maskaradariak ere herrian adiskide handirik badu, haren etxean bazkal daiteke.
Gonbidapena egiten duen herritarrak zor baten ordaintzea ere baliteke, gonbidatuak iraganean bazkaltzen eman baitzion bere herrian egindako maskaradetan.
Azken kasu honetan, maskaradei esker, herrien arteko topateka egiten denean, zenbait etxetako haurren arteko topaketa ere egiten da.
Beraz, gonbidapenen legeek bost bide jarrai lezakete:
Hierarkiaren legea, herriko antolamenduaren hierarkia eta maskaraden hierarkia mahai gainean batzen direnean.
Maskaradetako karguen legea, harzalek eta harturik direnek ber kargua atxeki edo atxekitzen dutelarik.
Senidetasunaren legea, gonbidatua eta gonbita egiten duena odol berekoak direlarik.
Adiskidetasunaren legea, gonbidatua eta gonbita egiten duena lagun direlarik.
Zorraren legea, oraingoan gonbita egiten duena iraganean gonbidatuaren etxean bazkaltzen gonbidatua izan zelako.
Maskaraden antolaketan erraz ikus daitekeen moduan, hau da, erritual estetiko baten adierazpenean, Zuberoako herrien arteko harremanak, baina baita herri antolatzaileari dagozkionak ere, plaza publikoan agertzen dira.
Jana, edana, hitzaldiak, kantoreak, dantzak, bersetak, janzteko manerak, ibilmoldeak, … Gertakizun guztiek horiek oro aitzinetik jarririk diren eredu edo modelo zenbaiti jarraikitzen zaie; noizbehinka ereduari gertutik jarraitzeko, beste batzuetan eredurik urruntzeko. Azken kasu honetan, gizarte bizitzarekin harremana duten molde eta gogoetak poetikoki, gorputz metaforaz agerrarazten dira, jai giroz eta edertasunez baliaturik.
2008ko abuztuaren 26an Berria egunkarian, Jean Mixel Bedaxagar Kantariak Haize Berriren mintzaldietan emaniko 'Kulturaren segida Zuberoan' hitzaldia dela eta, gogoeta interesgarria egiten du Maskaradetako funtzioetako bati buruz:
Zure gogoeta 1804ko istorio batek piztu dizu... Hala da. Lehenago, maskaradetan, dantza bat bazen, branlea deitzen zena. Denbora haietan, beti mutikoak ziren dantzariak. Baina branlean neskak ere dantzan aritzen ahal ziren, mutikoek gonbidaturik. Zuberoako sokadantza bat baitzen. Mutikoek nesken aitzinean egiten zuten dantza, erran nahi baita sedukzio afera zela, nolabait. Eta, delako 1804. urte hartan, altzürükütar dantzariak Zihigara joan ziren, eta hango neskak plazara deitu. Hori gaizki ikusia izan zen, eta zihigarrek gaizki errezibitu zituzten dantzariak. Baina hor agertu zen dantza haren funtzioa: herritarren arteko ezkontzak mugatzea eta beste herrietara zabaltzea. Gauza horiei kasu handia egiten zen garaian. Eta, ontsa begiratuz, maskaraden helburua, ez baldin bazen bakarra ere, ezkontza zen, eta etxearen segida. Eta aspaldi sortutako gauza baten segida baizik ez da: kobazuloetan, historiaurreko marrazkietan, halako koreografia batekin emanak dira gauzak... Sedukzio horrek mendez mende segitu du..
Dantzan ez ezik, kantuan ere funtzio hori aurkitu duzu? Hori da. Herr kantuen mezuak aztertuz, hainbat metafora aurkitzen dira: arrosa amodioa da, adibidez. Eta haurdun izatea amodioaren arrisku bezala aurkeztua da. Eta horrela aritu gara XIX. menderaino. Hortik goiti, sortze kopuru handia izan da, eta ez da branle eta horrelakoen beharrik izan.
Testuko argazkiak Aiztondon (Gipuzkoa) Pettarrako Maskaradak emandako emanaldia 2017-05-07an. Hor ere harreman handiak sortu ziren gipuzkoar eta zuberotarren artean. Jarrai dezatela!
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.