Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 10. Ni niz buhamien erregia!

Dokumentuaren akzioak

10. Ni niz buhamien erregia!

2021/02/18 08:00
10. Ni niz buhamien erregia!

Buhamea, Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Agur, agur, herri huntako bizizaliak
Zaharrak eta gaztiak
Ernaiak eta antziak
Adardünak eta mandduak (*)
Paletak eta khülluak (**)
Huna heben girela buhamiak
Ezagütü beharrez khüllu famatiak (***)
Berahala düzie jakinen nun giren kurritiak
Bena lehenik nula giren batheiatiak
(*) Adardun eta adarrik gabeko ardiak
(**) Adarrak kanporantz eta adarrak barrurantz dituzten behiak
(***) Zein herritan zaudenaren arabera, bertako berri ematen zen, hala nola Urdiñarbekoak, Pagolakoak. Jakin dugun moduan, urdiñarbetarrek -lehenago pürü- muskildiarrak "khülluak" deitzen zituzten. Hargatik "muskildiar famatiak" aipatzea Agergaraik.

 

Goikoa Dominika Agergarai Muskildiko buhameen errege gisa 1987an egindako hitzaldiaren hasiera da. Jabe gaitezen testuan, zein garrantzitsua den bertako testuingurua ezagutzea, mintzatzen den umoreaz %100ean uler dezagun. Eta zein aberatsa den zuberera, bederen ikusten dugunez,laborantzari dagokion muduan!!!

Maskaradetan hitzez (dantzetatik bereiz) egiten diren joko eta saioak aipagarriak dira; horiek ematen diete Maskaradei egunerokotasuna eta bertakotasuna. Buhame Jaunak eta Kabanak egindakoak garrantzitsuak dira. Kabanak Pitxuren testamentüa irakurtzen du plazari buelta eta buelta emanez, eta, era berean, ere irakurtzen du bere perediküa. Azken hori ulertzeko zailagoa izan daiteke, Maskaradak egiten diren herri horretako gertakizunak kontatzen -kritikatzen- direlako, eta –euskalkiaz gain, kanpotarrok- horietan aipatzen den testuingurua behar bezala ezagutzen ez dugulako.

Buhame Jaunak ere bere perediküa du, eta horren parte batean Buhameek dituzten euren 10 manamentüak aipatzen ditu jendearen aurrean (Manamendu horieetan euren balio-sistema ofiziala idatzita dago). Horrela da, Buhameen mandamentuak Elizako hamar manamenduen moduan eginik dira. Buhame jauna lege egile bezala aurkezten da, eta horretarako du kontatzen bere sermoietan nola errege izendaturik izan zen buhameen batzarrean, herriko nagusi eta agintarien subiranotasunaz trufa eta parodia egiten duelarik.

Lehen sarrerarekin batera ikusi genuen bideo zaharreko Altzürüküko Buhame Jaunak hau kontatu zuen 1968ko Maskaradetan:

 

Üken düt ohoinkako (lapurreta) eta asekako (mozkorraren) medaila
Auherkeriako (alferkeriako) eta andrekako kürütxea
Ni niz horien erregea
Baratxegarai buhamea!

Urdiñarbeko 1982an, Dominika Agergarai buhame jaunak emandako predediküan sermoi oso gogorra eman zuen; prededikü hartako lehen mandamentuak hemen:

  1. Lana bortala presentatzen den aldi oroz tiro bat tira

  2. Atsülütoki defendü gaüza hartzea ...non ez diren bestenak

  3. Goiz arrats erremestiatüko bere lagüngoarentako Jinko hona

Eguerditan ere ...aizina balinbada

[…]

Hala marrazten dira Buhameak Maskaradetan, gehiago edo gutxiago gizarte Gorri zuzenetik kanpo Beltzeriaren legerik gabeko anabasan. Biharkoan landuko dugu testuinguru honetan Nicole Lougarot ‘Bohémiens’ (Gatuzain argitaletxea – 2009) liburuaren idazleak esandakoak.

Iturria:

  • Maskaradak – Sü-Azia Elkartea (1993) [moldatua]

  • Buhame erregearen perediküan ziren akatsak zuzentzeagatik, esker mila Zuberoako lagunei emandako laguntzarengatik.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.