Dokumentuaren akzioak
23. Kerestuak penintsulan
Kerestuak Zamalzaina zikiratze lanetan, Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti
Baina nortzuk ziren kerestuak? Maskaradetan bezala herriz herri abereak zikiratzeko ibiltzen ziren? Kerestuak frantsesez ‘hongreurs’ izena badute, biarnesez ‘crestadous’ bezala ezagunak dira: kerestu crestadou-tik eratorria da. Maskaradak dira hitz hau erabiltzen den toki bakarrak.
Kerestuek Maskaradetan Zamaltzaina zikiratzeko lana dute. Animaliaren esterilizazioaren helburua haren portaera hobetzea, pisua handitzea edo haragiaren kalitatea hobetzea da. Eta hain zuzen biarnesak aitortuak ziren, belaunaldiz belaunaldi ikasitako teknikekin zikiratutako animaliak ez zitzaizkielako odolusturik hiltzen operazioaren ondoren.
Aurretik esan bezala, biarnesez mintzo dira, Biarnon sortuak baitira mendeetan, munduan zehar, Portugalen, Frantziar eta Espainiar estatuetan, Euskal Herrian lanean ibili ziren kerestuak (Hego Euskal Herrian ‘frantsesak’ bezala ezagunak ziren).
René Arripe, “Les Crestadous: L'étonnante histoire des châtreurs de la vallée d'Ossau et de ses environs en terres d'Espagne et du Portugal” (Kerestuak: Ossauko haraneko eta inguruko zikiratzaileen historia bitxia Espainia eta Portugalgo lurretan) liburuaren idazleak euren lanaren berri ematen digu.
Franco iritsi arte, Crestadou-ak (kerestuak) oso presente egon ziren Hegoaldean, Espainiar estatuan eta Portugalen. Ossauko haranekoak izanik, baserrietako zaldi, zezen eta astoak zikiratzen zituzten, baita beste etxe-animalia batzuk ere (txerriak, oilaskoak edo katuak esaterako). Arudi, Augeu, Busi, Vilhèras... haraneko jendeak belaunaldiz belaunaldi igarotako trebetasun handiaren jabe ziren zikiratze-lanetan. Gainera, penintsulan lanean izanik, familietan aitarengandik semearen edo ilobarengan eskualdatzen ziren bertan izendaturik zituzten jarduera-eremuak.
Hala ere, kerestu bizimodua ez zen batere erraza. Abentura handia zen. Biarnotik alde egiten zuten oinez edo zaldiz, batzuetan espainieraz hitzik jakin gabe. Bederatzi hilabetez kanpoan egon ohi ziren, baina batzuetan zenbait urtez ere mota guztietako ustiategietan lan eginez, baita toreaketa-zezenen bazkaleku handietan ere. Zaldiz mugitzen baziren, zaldi gogorrak erabili behar izaten zituzten. Zaldia asko zaintzen zuten, elikadurari, higieneari eta osasunari dagokienez. Garraiobide izateaz gain, bidaide ere baitzuten: zaldiak bidaiatzeak zekartzan beroa, hotza, euria edo elurra, egarria, gosea, nekea… ere sufritzen baitzituen.
Biarnora itzultzea, hala ere, aberastasunaren seinale zen. Etxe handiak, bitxiak, seme-alabentzako ikasketak… kerestuek ia dena ordain zezaketen (haraneko familiarik aberatsenak ziren). Baina etxera itzultzean hainbesteko diruak lapurren interesa ere pizten zuen. Hilketak eta lapurretak maiz gertatu ziren. Azkenik, kerestuek Albaitaritza Eskolek emandako Zikiratzaile Lizentzia lortu behar izan zuten euren lanbidean askatasunez jarduteko. Askok behin betiko Espainiar estatuko lurraldean instalatu ziren, eta albaitariek ordezkatu zituztenean akabatu ziren: Espainiar estatuko herri batzuetan oraindik, zaharrenek kerestu biarnesak gogoratzen jarraitzen dute.
Penintsulan lanean izandako kerestuen zenbait kasu dokumentatu dira, 1763ko uztailaren 27an Augeun (Ogeu-les-Bains, Biarno, Eskiulatik 20 kilometrora) jaio eta 1820ko apirilaren 18an Arjonillan (Jaen, Espainiar estatua) 56 urte zituela hil zen Bertran Joannerena bezalakoa. Bere lanbidea praktikatzen ari zen hil zenean. Bertranek bere aitaren lanbidea ere heredatua zuen.
Edo Pierre Casauxen istorioa, hau ere Augeun jaioa 1865eko azaroaren 6an. 20 urterekin Talavera de la Reinako (Toledo, Espainiar estatua) eskualdera joan zen eta garai hartan biztanleria suntsitu zuen koleratik libratu zen. Ondoren, Toledo eta Ciudad Real probintzien zati batzuk eta Caceres eta Badajoz udal-mugarteak hartzen zituen eremu bat hartu zuen (azienda kopuru handiarekin eta bestelako keresturen lehiarik gabe) bere lana egiteko. Zaldi gainean zebilen eta bidelapurrez eta otsoez libratu behar izan zuen. La Hiniestan (Zamora) finkatu zen eta bere lehengusu Franciscarekin ezkondu. Bere semeen artean, Estebanek (1901ean jaioa) bere lanbidea jarraitu zuen. 15 urterekin bere aitari laguntzen hasi zen.
Kerestuek erabilitako tresnen artean, ikusgarri diren hauek aipa ditzakegu: txio honetan ageri dira:
RT @MHVQ76: #jourdefermeture, on vous présente les derniers objets arrivés dans nos collections. Objets de torture ? en quelque sorte, il s'agit du matériel d'un #hongreur autrefois chargé de la castration et la stérilisation des animaux de ferme #insolite pic.twitter.com/e0fAK4tAOv
— Aurélie Romand (@Aurelie_R_) September 4, 2019
Iturriak:
- BERTRAN JOANNE, CIUDADANO FRANCÉS MUERTO EN ARJONILLA EN 1820
- Pequeña historia de un emigrante bearnés
- Les "Crestadous" du Béarn
- Pour une critique contextuelle des« petites littératures » BernardoAtxaga : l'invention de l'écrivainbasque
- RIXE ENTRE CHÂTREURS A SAINT ANTONIN DE LACALM EN 1758
- Les villages du aut Ossau
- HONGREURS ET MARÉCHAUX EXPERTS: HISTOIRE D’UNE PROFESSION MÉCONNUE
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa