Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 11. Buhameak Maulen

Dokumentuaren akzioak

11. Buhameak Maulen

2021/02/18 08:20
11. Buhameak Maulen

Buhameak, Eskiulako taldea, Maule, 2002-03-23. Argazkia: Jon Mikel Intsausti

Buhameak astapitoenak dira, basakerietan ematen dute eguna. Buhame jaunak hala ere, bere manamentüak esango ditu. Hona hauek adibide gisa:

Arrunt emaiten dut lege berria,
buhame orok ikasia:
libre dugu iseiatzia,
borda hutsetan deusen ez hartzia;
lanian eskien ez tehutzia (zikintzea);
atzamanen oroen harrapatzia;
presuntegian denboraren erdia;
sosa dugunian asetzia;
eztugunian zor uztia...
holaz dugu uneski bizia!

Baina nolakoak dira buhameak? Horrelakoak dira? Ijitoak, tziganoak, XIV. mendean iritsi ziren Euskal Herrira: X. mendean abiatu ziren Indiatik lehen belaunaldiak, eta harrera beroa egin zieten bertako biztanleek eta agintariek, mesfidantza eta arbuioa hasi baino lehen. Euskal Herrian, 1802ko Baiona eta Maule inguruan bizi ziren 475 buhameei egindako sarekada izugarria jazarpen horretako pasarterik deigarrienen artean nabarmentzen da (orduan 600 eta 800 artean ziren Iparraldean XIX. mendean - 1802ko abenduaren 6tik 7rako gauean 125 gizon, 155 emakume eta 12 urtetik beheko 195 haur atxilotuak izan ziren).

Maskaradetan ageri diren pertsonaien parte-hartze eta jarrera dela-eta, komenigarria da esaterako ezagutzea nolakoa zen XVIII. mendean Euskal Herriko gizartearen egitura. Orduan lau maila sozialetan bana zitekeen (horietarik 3 gure Maskaradetan islatuak dira!): landa-eremuko jauntxoak (jauna eta anderea), baserritarrak (laborari eta laborarisa), bugesak (hirietan bizi ohi zirenak, merkatariak gehienak) eta baztertuak (gurean kauterak, buhameak, xorrotxak, kerestuak…).

Baztertuen kontrako xenofobia agerikoa izan zen. Euskal Foruak ere nolabaiteko izaera xenofoboa, auzotasuna ukatzen zieten kanpotarrei, beste herrialdeetako euskaldunak ere kanpotarrak ziren. Baina talde batzuk bereziki baztertuak ziren, ijitoak, agotak, frantsesak… asto ile-motzaile, zikiratzaile, galdaragile lanak egiten zituztenak.

Baina buhameak, beste baztertuak bezala (agotak…) gure artean bizi eta Euskal Herrian instalatu ziren. Euskal buhameen taldea berdin-berdina zen XIX. mendean euskal lurralde guztietan, eta beste ijito espainiar eta frantses batzuengandik bereizten ziren, auzokideengandik xurgatu zuten kulturagatik eta gainerako gizartearekiko zuten asimilazioagatik. Gogora dezagun erromintxelaz ere mintzo zirela.

Bohemiens Nicole LougrotIjitoak hizpide, Nicole Lougarot, Gotaine-Irabarneko idazleak polemika sortu eta hautsak harrotu zituen 2009an ‘Bohémiens’ liburua argitaratu zuenean (kultur elkarteetan engaiaturik, 3 urte lehenago Xiru festibalerako musika-talde tzigano baten xerka, jakin zuen 1802ko bertako tziganoei egindako segadaz – horrela jaio zen liburua idazteko ideia). Lougarotek liburuan hipotesi bat agertzen du: Maskaradak, Europako eskualde askotan existitzen diren edo egon diren bezala, Zuberoan barne, jatorrian buhameek berek egindako jaiak ziratekeen, eta herri honen erritualak, sinesmenak edo egiten jakitea irudikatuko zituzten, hortik Europako mutur batetik bestera Maskaradetan diren antzekotasun indartsuak. Leku horietan guztietan ezarri ziren buhameak, eta bertako Maskaradetan euren parte-hartzea garrantzitsua ere bada.

Bigarren kritika batean, Maskaradetan Buhameei ematen zaien arlote eta lapur izaera horren oso kritiko da Lougarot. Bere iritziz, Maskaradek buhameei ematen zaien trufa (burla) da deitoragarria: (hari honen hasieran aipatu ditugun) Buhameen Legeak buhameez trufatzeko dira (bidenabar, Lougarotek pentsa ez bezala ere ageri dira iritziak euskal prentsan). Maskaradetan buhameen irudia aldatu beharko litzatekeela dio Lougarotek. “Tzigano pare batekin aipatu dut eta uste dut tziganoak kapable liratekeela norberari zuzendu trufa hori egiteko”, –dio Lougarotek “antzerkia maite dutelako. Kontua ez da hori, izugarri ontsa eginen lukete. Baina egiazko buhameek egin dezatela! Hori duzu kontua”.

Iturriak:

  • Bohémiens (Nicole Lougarot) – Gatuzain argitaletxea – 2009

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.