Dokumentuaren akzioak
Nicole Lougarot maskaradetaz
Eta bai, aurten ere Xiberoan maskaraden itzulia abiatu da berriz, eta igandero Urdiñarbeko Xorrotxek Buhame taldea hola aurkeztuko dute kantuz:
"Buhame debrü horik lanik egin gabe, arraza debrü hori bizi dirade
Aberatsik horregatik ez da nihur ere, aldiz sortüak oro ohoinak dirade".
Gero Buhameen erregea antzezten duen aktoreak taldearen bizi arauak oihustatuko ditu: "Debekatua ezer hartzea bestearena ez bada; Etxeetan gomita badugu, atetik sartu behar bezala, baina nehor ez denean, isilik leihotik e.a…"
Behin gehiago harriturik uzten nau eta maskaraden zati hori salatu nahi dut.
Entzunen dut berriz :
"Autoderisioa da!"
Gezurra: euskaldunek dute buhameen rola egiten.
"Betidanik Buhame pertsonaiak beren predikuetan giza ordenaz trufatzen dira, kasu hontan maskaradetako gorrietaz!"
Gezurra: Hau da gure ohiturak ikertu dituzten ikerlarien interpretazioa, berek ez zutenean ezagutzen buhameak nola sedentario egin ziren Euskal Herrian, ez eta haien kontrako errepresio neurriak edo talde horren kontrako gaitzespenaren berri.
"Xiberoan ez delakoz buhamerik gehiago, nehork ez daki nortaz ari garen, beraz ez da hain larri!"
Gezurra: Gazteenek ez dute buhame familiarik ezagutu, baina 60 urtez goitikoek bai. Maskaradetan aipatzen direnak dira Xiberoan bizitu diren buhameak. Ikusleer irri eginarazteko, haien izengoitiak erabiltzen dira, alfer agertzen, ahalkegabe, mozkorzale eta emaztekari, bai eta den denak ohointzat harturik. Alta haien ondokoetarik anitzek ibarra utzi badute, batzuk oraino hemen bizi dira. Baina egia da gutitan ikusten direla hurak maskaradetako aktoreetan edo publikoan. Eta badenean, berek ere ez dakite deus beren familiaren historiaz, funtsean hobe da horrela!
"Dena den buhameak ez ziren aingeruak"
Egia baina…. Ezagutu dituztenak haietaz urrikaltzen dira beren bizi miserablea aipatuz, erranez beti zerbait emaiten zietela eskale ibiltzen zirenean, baina beti ixtorio irrigarriak gehituz haien kontuz. Irriz aipatzen dituzte orduan zeren buhame batzuek dohaina zuten bihurri izateko, legeak urratuz, jendarmen edo errekazainen autoritateaz trufatuz, gero berdin probokatuz beren balentriak kontatuz. Oroitzapen hau da gehienik egon jendartearen memorioan.
Baina erraiten ez dena da Buhameek anitzetan kario pagatu dutela hortarako. Haietarik anitz, gizon emazte edo haur, presontegian izan dira batzutan ebasten zutelakoz bizitzeko, herrialdeko beste pobreak bezala, baina gehienetan eskale eta erromes ibiltzen zirelakoz. Garai bat baino gehiagotan Euskal Herrian, errepresio neurri ikaragarriak hartuak izan dira haien kontra (giza ehiza, departamendutik uxatzea, galeretarat igortzea). Haur anitz burrasoei kenduak izan dira, ez baitituzte sekula ikusi geroztik. Bizi baldintzak anitz aldatu zaizkie industria zabaltzearekin, espartiña fabriketan harturik izan direnean, edo kanpoko obretan, bai eta haurrak eskolan ibiltzen hasi direnean eta laguntza sozialak agertu. Ordutik aitzina herrialdean egon diren ondokoek behar izan dute fama txarra ahantzarazi.
"Beraz maskaradak ezin dira gehiago egin!"
Gezurra: maskaradak egiten dituen herri bakoitzari dagokio ikusgarri zati horri buruz gogoeta egitea. Eta arazoa saihestea Europako beste maskaradetan egin duten bezala. Beste batzuetan zorigaitzez, Errumaniako Moldavia lekuko, gureen tonu berdina aurkitzen da.
XXI. mendean oraindik ahal ote da, tradizioaren errespetu estakuruan, egiaz izan den giza talde baten ikuspegi hau zabaldu, jakinez baztertuak izan direla, batzutan herra handiarekin? Gehiago dena dakigularik talde hori zela Tzigano populuaren parte, hau denean gaur ere bazterketaren biktima herri anitzetan, Manux, Gitano, Rom… eta Euskal Herriko buhameak, gehienak Garazi aldean bizi direnak, eta batzu jendartetik bazter!
Dokumentuaren akzioak