Maskaradetan ikusle gisa parte hartzen dugunok, ez dugu inoiz horren gibelean den lan handia ikusten. Maskaradak antolatzeko manera ere aldatu da denboraren poderioz. Egun dantza-eskolak dira Zuberoako 19 herritan, baina orain dela hamarkada batzuk arte, ikasketa prozesua bestelako zen.
Thierry Truffaut-ek La danse Basque (Lauburu – 1981) liburuan, La Danse en Soule (117 – 123 orriak) idatzitako kapituluan, II. Mundu Gerra artean dantza-ikasketen prozesua aintzinakoa zela gogoratzen digu eta era berean Maskaraden antolaketa nolakoa zen azaltzen digu:
“Bigarren Mundu Gerra amaitu arte, dantzak erakarritako gazte zuberotar bakoitzak bere ibilbide pertsonala jarraitu zuen, hurbileko jende nagusia imitatzen saiatuz. Telebistak eta errugbiak ez zuten bere denbora libre guztia hartzen, eta noizean behin eskalapoiak errepidearen alde batean utzi eta ariketa fisikoa egin zezakeen.
Gaur egun ia desagertu diren une pribilegiatuak zituzten eskura; artaldeak zaintzen zituzten egunak luzeak ziren, baita ere familiako edo inguruko etxeetako dantzari ohiek parte hartzen zuten gaueko jaiak, eurak baitziren dantzaren benetako maisuak.
Etxean gurasoen gelan ispiluak zituen armairu bat zegoenean, gazteak bere akatsak hobeto ikusteko baliabide bat zuen eskura.
Beraz, ia artaldeen guardiaren eta armairuaren artean eman zituen lehen urratsak zuberotar gazteak, nagusiei begira.
Hamabi urtetik aurrera, auzoko eta herriko beste gazte batzuekin izandako topaketa guztiak probestu zituen puntuak trukatzeko (1), nahiz eta batzuk, bere püntüez jeloskor, ez ziren batzuetan elkarrekin trukatzeko prest.
Zenbait urtez ia bakardadean ikasi ondoren, gazteak maskarada bat antolatzea erabaki zuen gazte-talde batean egoteko aukera izan zuen.
Horretarako, euren artean bildu ziren, prest zeudela sentitu eta tradizioaren eramaile ziren herriko dantzari zaharren bila joan ziren arte.
Zahar horiekk paper garrantzitsua izan zuten, beraiek izan baitziren gaztearen eskariaren merituak erabaki zituztenak.
Une hartan, herriaren ospea zen jokoan zegoena, eta bi urteko ikasketa-prozesurik ez bazen, maskarada bat antolatzeko eskubidea ukatzen zen.
Bilera herriko aletegirik handienean egiten zen, eta han, adinekoek onartu edo baztertu egiten zuten gazteen proposamena, horiek dantzan ikusi ondoren. Erantzuna baiezkoa izan bazen, orduan haiek hartu zuten iniziatiba maskaradan.
[…]”
(1) dantza pausoak, Zuberotarrek püntüak darabiltzate, ez pausoak.
Gaur egunera etortzen bagara, egun dantzen ikasketa nola egiten den ikasiko dugu 2019ko Maskaradetan Urdiñarbek egin zuen prozesua aztertzen dugunean. Hain zuzen, Maritxu Negelua (Maskaradetan Kantiniersa Beltza izandakoari) galdetu izan diot zein izan den bere esperientzia Maskaraden prestaketan, dantzen ikasketan eta (adin desberdinetako taldekide izanik) taldearen batzean. Hauxe erantzun zidan Maritxuk. Eskerrik hanitx erantzunarengatik!
“Bai, hasten gaituk dantzak ikasten urte t’erdi lehenago, Maskaradak hasten dituk urte hatsarrean eta aurreko urteko uda baino lehentxeago hasten gaituk dantzak ikasten; gero dantzaririk haboroenak (gehienak) jadanik dantzari dituk Maskaradak baino lehen, orduan ttipidanik ikasiak dira dantzan, baina hor zonbaitek ikasten dira azken mementoan, ttipi zirelarik ikasi ez direnak hasten dituk hor, uda baino lehen.
Izigarri laket izan bai dantzen ikasten bai ere irakasten, amiñi bat ororen artean alkar laguntzen baitugu. Gero baditiagu zaharragoek ere dantzak irakastea, harreman hori bai eurekin izigarri goxo dük, hor baita agitzen transmisionea, dantzaren transmisionea, hor baitira beren plazentako, gure plazentako, eta izigarri goxo dük, hor dük ere bai egiten taldearen batarzüna nonbait, trebaketan eta denbora alkarrekin iragaiten baitugu, eta bai harremanak izigarri honak dira Maskaraden denboran, zeren eta partekatzen ditiagu memento hunak baizik, duk besta, herri osoa hor gaituk, dantzan aritzeko, kantan aritzeko; jentea kontent dugu herriz ibiltzeaz… badük lana herri osoarentako, bai hanitx lan baduk arropen josten, besteak harremanetan herriekin joateko, finkatzeko noiz nora joaten giren, beste zonbait dantza irakasten, beste zonbait peredikü iskribatzen gurekin, beste zonbait berri biltzen, bon, badük lan hanitx eta herrian horientako badük lan egiteko, badük platzainak (txapak saltzen dütüenak), pintza horiek, txapa horiek egiteko eta sos biltzeko, bon, hanitx lan eta herri guziarentako eta goxo duk bai, oro alkarrekin nahasten baikira, alkarrekin kantan ari baikira, eta bai, zinez goxo dük eta ez dük üsü (sarri, maiz) Maskarada eta Pastoralaz aparte hola, oro alkarrekin nahasteko eta alkarrekin gozatzeko.”
Hurrengo Maskaradetan parte hartzen dugunean, ez eman sos gutti platzainei emanaldiaren truke. Beti zorretan izango gara –eta.
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.