Dokumentuaren akzioak
28. Gizonek soilik...
Eskiulako Maskaradak emandako azken kantorea, Eskiulako taldea, Maule, 2002-03-23. Argazkia: Jonmikel Intsausti
Garai zaharretan soilik gizonek antzezten zituzten Maskaradetako pertsonaiak. Ez genuke kontu hain ezezaguna izan behar: antzezpen desberdinak izan arren, oroituko duzunez Shakespeareren garaian emazte rolak ere gizonek soilik egiten zituzten antzerkietan: iragan urrunean emakumeak gizartean zituen rolak mugatuak ziren (boterean, zientzian, politikan, zuzendaritzan…) eta Maskaradetan ere falta horiek nolabait era berean islatzen dira.
Beste faktoreetako bat erlijioa daiteke. Maskaradetan egiten den gisako erritua laborantzan oinarritutako gizarteei lotua da; gizarte horietan erlijioa zen gizarte-kohesioa ematen duen faktoreetako bat. Bihar eta etzi ikusiko dugunez 1992an Eskiulak egin arte, emazteak beltzerian sartu ez izana erlijio eta moral argudioekin ere lot daiteke.
Baina gauzak aldatu dira pixkanaka, atal anitzetan, baita Bralia dantzan ere: 1980ko hamarkada aurretik gizonek bakarrik parte hartzen bazuten ere, eta arratsaldeko saioan dantzatzen den Bralia soka-dantzan neskak soilik ateratzen bazituzten dantzara -nolabaiteko korteiatze errituala zen-, egun aldatua da (Dominika Agergaraik aldaketak Gerra ondorenetik amiñika jinak izan zirela zioen). Orain arizaleak neska-mutil izaten dira. Gonbidatuak ere neska eta mutil daitezkeelarik, edo neskak bakarrik, maskaraden antolatzaileen arabera. Kontuan izan Bralia dantzatzeko gonbita ohorea dela!
Argazkian ditugu eskiulatarrak. Euren senide eta emazteek egin zituzten 1992ko emazte-Maskarada haietan; aurretik 1983an Maskarada mistoak eginik zituzten Eskiulan (misto ziren lehendabizikoetakoak hain zuzen). Argazkian ageri dena 2002an soilik Eskiulako gizonek egindakoa, pertsonaia guztiak, baita femeninoak ere, gizonek eginikoak.
Iturria:
-
Sü-aziak argitaratutako liburuxka (1993).
-
Manexaren gida: 10 gomendio Maskaradetan ez galtzeko (Dantzan, Aritz Ibañez, 2014-02-19)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa