27. Lagünak

2021/03/09
27. Lagünak

1993ko urtarril hartan iritsi ginen lehendabizi Zuberoako lurretara, eta urteak pasa ahala oroimenez gain lagünak dira (hango eta hemengoak) kantian geratu diren bakarrak. Maskaradak estakurua izanik, lagun artean asteburu iragatea zen helburua.

Ia 15 urte horietan lagun asko etorri ziren gure mahaia partekatzera, hala, irekia zen gure taldea: euskaraz aritzen ginen beti mahaiaren bueltan. Hala eta guztiz ere, denbora pasatua da eta bi lagun eraman zituen heriotzak: Juankar (zenbat afaloste egin genituen elkarrekin Hegiaphalian) eta Gaxuxa (giltzak ematen zenizkigun orotan irribarrez agurtzen gintuzun beti Garindaineko Ostatüan).

Harremanetan agitzen den bezala, eman eta kendu dit Zuberoak… berarengandik jaso baino gehiago opari egin didalarik.

 

Garai haietan batzuetan bertsoak idazten nituen. Honako hauek idatzi nituen hango egonaldian:

Urdiñarbeko herriari eskertuz

Doinua: Maitasuna da bizi izateko

I

Hemendik landa bizi gerade

nahiz ez den festa berria

bere barnean emaiten duen

mezua da igarria

Maxkaradetan dantzatuz dira

Zamaltzain beltz ta gorria

izan dadila irria

jai giro izügarria (bir)

irri egiten duen sendia

ez izanen hilgarria

hala espero izan dadila

Urdiñarbeko herria (bir)

 

II

Xibero alderat jin egin gira

bidai luze ta bortitza!

Ezagutzeko festa giroan

daramazuten bizitza

zuen bihotzak zabaldurikan

eman diguzue giltza

eki beroa bailitza

izan da zuen eskeintza (bir)

bertso hauexek ozen kantatuz

nik hartu egin düt hitza

gure partetik eman desiaz

bihotzez esker anitza (bir)

 

III

Bizkai aldeko kosta aldetik

Xiberoko menditara

laborariek baserrietan

berdin dute begirada

hemen elkartu ziren Aitorren

zazpi seme ta alaba

bertan hizkuntza bera da

herri bakarra bait gara (bir)

gure eskuak batu eginez

aldendurikan erdara

denon artean beti mintzatuz

gorde dezagun eskuara (bir)

 

Urdiñarben, 1993ko urtarrilak 17