Dokumentuaren akzioak
26. Küküileroak
Gaur egun Küküileroek ez dute eginkizun berezirik Maskaradetan eta dantzari gazteenak eta apalenak izanik, Barrikadetan eta denek batera egiten dituzten biribileko plaza-dantzetan besterik ez dute hartzen parte. Dantzari aitzindariak bezala, pertsonaia gorriak dira eta Küküileroak ere, eurak bezala mutuak. Marexalen ondoren hartzen dute parte dantzan.
Maskaradetan idatzita dauden lehenbiziko dokumentuetan (XIX. mendeko hasiera) Zamalzainaren laguntzaile eta gortesauak bezala agertzen dira, dantzan parte hartze handia zutela azpimarratzen delarik. Hala da, Sallaberryk eta Chahok diotenez, Küküileroak Zamaltzainaren segizioaren zati ziren, eta honen ondoren zihoazen; Caubisens-ek, ordea, Gathüzainaren gibelean kokatzen ditu.
Zenbaki bikoitian aurkezten ohi dira, normalean lau edo sei, eta dantzari gazteak izaten dira, paper honek Maskaradetan parte hartzeko aukera ematen dielarik. Zenbaki bikoitia izatearen arau hori errespetatuz, Salaberryk esaten digu hamar edo hamabi zirela berak ikusi zituenean, eta zortzi zirela Caubisens-entzat.
Honela jantzita daude: galoi urreztatuz apaindutako txapel gorria; urre-koloreko zintaz apaindutako bularralde zuridun jaka gorria; praka zuriak eta galtzerdi eta zapatila zuriak; eskuan makila txiki bat daramate, zintaz apaindua hori ere.
Hérelle-k, 1914an, oso antzeko jantzi bat deskribatu zigun; alde aipagarri bezala, batzuetan txapela zuria eramaten zutela eta, kasu batzuetan, bular urdin bat zeramatela aipa dezakegu.
Badé-k 1840an adierazten du Küküileroek zurezko ezpatak zeramatzatela eta batzuetan kartoizko kasko koniko batzuk, kriskitinez beteak; Chahoren deskribapenean, 1855ean, Zamalzainaren arropa bera zeramaten, eta hau bezala, xingoladun buruko bat.
Interpretazio batzuek Küküileroak Infanteriako soldaduekin lotzen dituzte, eta beste batzuentzat, berriz, Zamalzainaren edo Jaunaren zaindari gisa; Kepa Fernandez de Larrinoak informatu bezala, Küküileroen [bufoien] rola parte-hartzaile gazteenei ematen zaie eta kopurua alda daiteke, baina bi edo hiru gutxienez ohikoak dira. Küküilero hitza zaila da itzultzeko, eta etimologikoki latinezko cucullus-etik dator (gandor, ernamuin, muino edo bufoi bezala itzul liteke). Hiru lehenek, inauteria/ugalkortasuna/eraberritzea iradokitzen dute. Azkenak inauteria/subertsioa/barrea iradokitzen du. Garamendik ere Erdi Aroko bufoien jaiekin lotzen ditu pertsonaia horiek (Garamendi 1991). Gaztetasuna sinbolizatzen dute. Bertako jakintsuek diote jaunaren soldaduak direla. “Nire ikerketa landa-lanean” –dio Fernandez de Larrinoak “rol horrek gaztetasuna adierazten duela esan zidaten. Hain zuzen, bufoien rola Maskaradako parte-hartzaile gazteenek interpretatzen dute.”
Egun gaztetxo dira, eta ez dira dantzari trebeak (eman denbora! Lehenengo Maskaradetan parte hartzen ari dira eta). F. Michel kexu da, 1857an, bere garaiko Küküileroak ez direlako antzinakoak bezain dantzari onak, oso gazteak direlako eta ez dakitelako ondo dantzatzen. Horrek erran nahi du XIX. mendearen lehen erdian Küküileroak dantzari onak zirela, eta, agian, partaidetza handiagoa zutela.
Izan ere Küküileroek jatorriz bazuten bere dantza Maskaraden barruan, Makhila Dantza. Joko-dantza hau oso ongi desberdindurik dauden bi zatitan banatuta dago. Lehenengo zatian dantzari bakoitzak eskuetan daramatzan bi makilak elkar jotzen ditu; bere gorputzaren aurrealdetik zein atzealdetik. Bigarren zatian, bi makila horiek lurrean jartzen dira gurutze tankeran, eta gurutzaturiko bi makila horien irudiak horrela sorturiko lau hutsunetan dantza egiten du dantzariak. Trebezia dantza bat da: Maskaradetan bada familia honetako beste dantza bat, Godalet dantza hain zuzen.
Tsetuko argazkietan 2019-02-23an Urdiñarbeko Küküileroak ageri dira Mauleko Maskaradetan. Guztiz gorriz jantzita dira, jertse eta praka gorri biziak, espartin beltzak eta buruan, aurpegia estaltzen dien antifaz itxurako zorroa, urre-koloreko litsez edertua. Joana Llargoren diseinua dute eta dirudienez bat egin nahi du Küküileroek iraganean zuten bufoi funtzioarekin. Ikusten dugunez, amiñika bada ere, aldatzen ari dira Maskaradak.
Hemen adibide bat nolakoa den Makila dantza:
Iturria:
- Ahozko literatura
- Carnival Performance and Folk Aesthetics in a French Pyrenean Basque Valley (Kepa Fernandez de Larrinoa)
- Haur folklorea Euskal Herrian. Irakaskuntzako materialak
- Küküleroak (Auñamendi Entziklopedia – Javier Santamaria) [moldatua]
-
Kükülleroak oilarrak dira (Dantzan, Jon Iruretagoyena, 2020-21-11)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa