Dokumentuaren akzioak
29. Emazteen sartzea
Garai zaharretan gizonek soilik antzezten zituzten Maskaradak, Eskiulako taldea, Maule, 2002-03-23. Argazkia: Jomikel Intsausti
Argazkian 2002ko Eskiulako Anderea, gizon batek antzeztua. Gizonek bakarrik osatutako Maskaradak ziren aspaldidanikoak. Eta memento jakin batetik aurrera poliki gizonek nagusitasuna galduz joan ziren.
Baina nola izan zen prozesua? Topatu dudan informazioarekin hau osatu dut, kontuan hartuta datu gehiago jaso gabe utzi ditudanik.
-
UEUk 2002-02-14an antolatutako Maskaraden inguruko jardunaldietan, Dominika Agergaraik eta Patrick Queheillek erran bezala, gerraren ondoren hasi omen zen lehen emakumeen parte hartzea dantzetan.
-
Kontu honetan data zehatzik ez dut ezagutzen. Iraganean emakume batek dantzan egindako lehenetariko bideo bat 1968 Ligin eta Pagolan grabatutakoa daiteke (UNESCOk gordea gaur egun). Horretan barrikadetan, emazte gazte bat dantzatzen du (6:30 ea 9:40 minutuetan) errezibitzaile gisa eta kalez jantzita. Aitzindaria izana zen edo izateko bidean? Argi da dantzan bazekiela; bere jarduera txalotzen da amaitzen duenean.
-
Mathilde Caraminotek idatzitako “La transmission de la danse basque en Soule” dokumentuan honako informazioa ageri zaigu (nesken eta mutilen dantzen arteko desberdintasunak ere jakinarazten dizkigu):
-
Emakumeak Maskaradetan parte-hartzearen prozesua graduala izan da. Kepa Fernandez de Larrinoak (“Mujer, ritual y fiesta” liburuan) emakumeen parte hartzea nola gauzatu zen informazio baliagarria emango digu:
- Joan den mendeko 80eko hamarkada hasieran, Maskarada antzezten den herrietako emakumeak Maskaradetako paper sekundarioak egiten hasi ziren (hau da, Anderea eta Laborarisa). Garai hartan berritasun honetaz asko mintzatu zen zuberotarren artean baina dirudienez, ez zuen kontrako iritzirik sortu, erritualean pertsonaia hauen papera, bizitza errealean emazteen generoarekin bat egiten duelako.
- 80ko hamarkadako erdialdetik aitzina, aitzindarien taldean dagoen pertsonaia femeninoa (kantiniersa) emazteez eginik hasi zen eta pixkanaka-pixkanaka aitzindarietako gainerako dantzariak emazteak dantzatzen hasi ziren. Kontu honek bai, emakumeek Maskaradetan duten legitimotasunari buruzko eztabaida piztu zuen: eztabaida 1997an oraindik pizturik zegoen. Are gehiago, 1970eko hamarkadara arte, aurpegi afeminatuak zituzten gizonak Maskarada de kantiniersa, anderea eta laborarisaren pertsonaiak antzezteko lehenetsiak ziren.
- 1992an Eskiulako herriak soilik emakumeez osaturiko Maskarada aurkeztu zuen. Egoera horren ondorioz, emakumeek erritu-dantzaren eremuan parte hartzea kongruentea den ala ez eztabaidatu zen, eta eztabaida hori emakume batek ijitoen, zikiratzaileen eta kauteren taldearen balioak ordezkatzearen egokitasunari buruzko eztabaida bihurtu zen.
Egun belaunaldi berriagoek bestela ikusten dute egun emaztearen parte-hartzea Maskaradetan. 2016an Sohütako taldeak buhame andereak aurkeztu zituen. Ederra oso Sohütako buhameen predikua.
Hemen denboran gertuago dugun beste adibidetako bat. Pettarrako Maskaradetan, Laborariaren rola emazte batek egin ere ikusi genuen. Rol maskulinoak pixkanaka emazteak hartzen ari diren seinale. Argazkia Zizurkilen (Gipuzkoa) aterea , 2017-05-07an.
Eta azkenik, urteak pasa ahala, era berean emazteak gero eta gehiago integratzen ari dira Beltzerian. Berritasunak, edo bestela esanda, tradizio berrituarekin zerikusia duten ezaugarriak ekarri zituen 2019an Urdiñarbek antolatutako Maskaradan. Maiana Barreix Urdiñarbeko arizaleak zera esan zuen Naizen:
«Beltzerian usu mutikoak dituzu, eta emeki-emeki emazteak sartzen dituzu joko horietan. Aurten bagenituen emazte andana bat, nahi genituen beltzerian ezarri, eta ez ditugu ez kauteretan, ezta buhameetan ere ezarri, baina beraientzako joko berezi bat asmatu dugu, belagileak». Bertan belagileak azaldu ziren, hots, sorginak, non zopa berezi bat prestatzen zuten hartz baten iratzartzeko; gero Pitxu ere iratzarriko zuten, baina zoparik gabe.
Iturria:
-
Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14).
-
1968ko Maskaradak Ligi eta Pagolan (Frantziako Centre National de la Recherche Scientifique (CNRS) – Unescok gordetako bideoa) -
-
La transmission de la danse basque en Soule (Mathilde Caraminot)
-
Carnival Performance and Folk Aesthetics in a French Pyrenean Basque valley in the twentieth century: an anthropological study (Kepa Fernandez de Larrinoa).
-
Mujer, ritual y fiesta (Kepa Fernandez de Larrinoa).
-
Maskarada «tradizioz berritua» eginen dute urdiñarbetarrek (Naiz, Idoia Eraso, 2019-01-05)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa