Dokumentuaren akzioak
18. Entseinaria
Entseinaria jauzian godalet dantzan, Gamere-Zihigako taldea, Zalgize, 2002-03-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti
Entseinariak Xiberuko entseina edo ikurrina eramaten du eta tradizioaren zaindaritzat hartzen da. Bere izena, entseina edo bandera eramateagatik datorkio.
Entseinaria jantzi beltzarekin agertzen zaigu: jaka beltza, bularralde zuria urrezko apaingarriekin; praka beltza luzeak orkatiletaraino; galtzerdi, eta zapatila zuriak. Buruan txapela beltza darama, eta bularretik gurutzatuta bi edo hiru koloreetako (gorria, zuria eta berdea) ohi den banda janzten du. Beste Aitzindariek ez bezala, Entseinariak ez darama zangozorrorik, ezta belaunetaraino prakarik.
XX. mendean egindako Maskaradetan Entseinariek Frantziako Bandera zeramaten, eta banda gorri, zuri eta urdina zeramaten bularrean 1970eko hamarkadara arte. Ikus daitekeenez, kolore horiek berak erabili ziren jaunaren bandarako mendearen lehen erdian. Hala ere, 70eko hamarkadatik aurrera tokiko ikurrak hobesteko joera dago, frantziar nazionalen kaltetan (argazkian Entseinariak ikurrinaren koloretako banda darama jantzita). Bestalde, 1968ko Maskaradetako bideoan Altzürüküko Maskaradetan Entseinariak Frantziar bandera astintzen duela ikus daiteke.
Hérelle-k 1914. urtean deskribatzen digun jantzia ez da oso ezberdina: "txapela urdina hiru koloreko intsignia batekin ezkerraldean; oihal beltzeko jaka, zilarrezko galoiekin apainduta; bularralde urdina, zilarrezko galoiekin eta urrezko perlekin apainduta; praka beltza. Bandera txikia, metro erdikoko aldea duena, haren hitzetan "antzina zuria zen urrezko lirio loreekin, eta gaur egun hiru kolorekoa da urrezko bandekin apainduta".
Gaur egungo modak lehentasuna ematen dio Xiberoko ikurra den hondo gorriko lehoi horidun entseinari: ikurrina noizbait ere erabilia izan omen da (nik ikusi dudanez, egon naizen guztietan Xiberoko entseina erabili izan da).
Dantzari trebe eta arina izan behar du Entseinariak eta dantzako mugimenduak eginez bandera astintzen du, lehenik esku bataz eta gero besteaz. Baina noizko pertsonaia da Entseinaria?
Jon Iruretagoyenaren Entseinaria laborariaren erdibitzea da sarreran irakur dezakegunez, Entseinaria omen da Maskaradetan aurkitzen diren bost aitzindarietatik, azkenik agertu den pertsonaia, eta honen harian Maskaradetara orain gutxi sartu den pertsonaia izan daitekeeneko hipotesia egin daiteke. Bralearen koreografia luze eta konplexua zuzentzeko lana besterik ez zuen laborariaren bikoizketa bat liteke (Entseinaria ere beltzez doa jantzita goitik beheraino, txapela, jaka eta praka luzeak (Laborariak bezala eta ez beste aitzindarien gisa) janzten duelarik).
Harira, Javier Santamaria Auñamendi Entziklopedian ere informazio gehiago ematen digu:
Bralearen dantzan aldaketak egin ziren unean sortuko zen ziurrenik Entseinaria, orduan gehitu baitzituzten bakarlarien zatiak, aitzindarientzat (Géorges Hérelle – Les Mascarades souletines – 1925). Jasotako beste datuen arabera 1860 eta 1880 artean lehen Entseinari pertsonaia sortu zela dioen hipotesia baieztatuko daiteke. Janzkera dela eta, beste Aitzindariek ez bezala, Entseinariak zangozorrorik ezta belaunetaraino prakarik ez eramatea hurbilago sartutako pertsonaia delako seinalea ote?
Bigarren argazkiak, Adunan (Entseinaria Barrikadetan) eta Larraulen (Godalet dantzan) - (Gipuzkoako Aiztondo bailaran) 2017-05-07an egindako Pettarrako Maskaradetan atereak.
Iturria:
- Maskaraden inguruko mahai ingurua (UEU, Donibane Lohizune, 2002-02-14)
- Ahozko Literatura
- Carnival Performance and Folk Aesthetics in a French Pyrenean Basque Valley (Kepa Fernandez de Larrinoa).
- Entseinaria laborariaren erdibitzea da (Jon Iruteagoyena, Dantza, 2021-02-22)
- Laborari eta Laborarisa - Auñamendi Entziklopedia (Javier Santamaria) [moldatua]
- Entseinaria - Auñamendi Entziklopedia (Javier Santamaria) [moldatua]
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa