Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 9. Zuberoako dantzak eta Maskaradak Hegoaldean

Dokumentuaren akzioak

9. Zuberoako dantzak eta Maskaradak Hegoaldean

2021/02/17 09:55
9. Zuberoako dantzak eta Maskaradak Hegoaldean

Barrikadetan dantzan, Arrokiaga, 2003-02-23. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Zuberotarrek dantzak Zuberoatik kanpo erakutsi dituzte aspaldian. Dantzan-en jasorik den bezala 1929. urtean Nazioarteko Erakusketa arranditsua antolatu zuten Bartzelonan eta bertan Zuberoako dantza talde bat izan zen bertako dantzak erakutsiz.

Geroztik irtenaldiak egin dira gainerako Iparralde zein Hegoaldera, bai Maskarada osoak erakustera, baita dantzaldiak erakustera ere. XX. mende amaieran, 1988an, muskildiarrek bizkaitarrek gonbidaturik, Larrabetzu, Markina, Mundaka, Galdakaon egin zituzten Maskarada emanaldiak, Gipuzkoako Usurbilera ere hurbildu ziren. Herri horietan, bestalde, normaleko kopla klasikoak kantatzeaz gain, zenbait berri ere eman zituzten bat-batekoan (gai hori jorratuko dugu geroan).

Zuberoatik kanpo, adibidez, Urdiñarbekoak 2006an Parisen dantzatuak dira Maskaradetan. Muskildiarrek zabaldutako bidea jarraituko zuten geroago hainbat taldek eta azken urteotan Zuberoatik etorritako zenbait taldek Hondarribian, Usurbilen, Aiztondo eskualdeko herrietan, Idiazabalen… izan dira Maskaradak antzeztuz. Horiek adibide batzuk dira.

Baina aurretik zuberotarrek Hegoaldera egindako bisitak ez ziren beti azken horien bezain errazak eta gozoak izan. Franco oraindik agintean zegoen garaian (60ko hamarkadako azken urte edo 70eko lehendabizikoetan) Bilbora ere etorri ziren dantzari zuberotarrak; hala kontatu zigun behin Garindaineko ostatuan urtez urte egiten genuen geldialdietako batean Mixel Xilope tabernari urdiñarbetarrak, kafesne bana zerbitzatzen zigun artean: etxetik irten ondoren han egiten baikenuen lehen (edo bigarren) geldialdia Oxkaxe mendatetik behera jaitsi ostean.

Mixelek kontatu zigunez, gaztetan herriko dantza taldean aritu zen. Behin Bilbora joan ziren Xiberoko dantzen erakustera eta dantzaldian ikurrina erakutsi zuten (ez zidan xehetasunik eman): kontuan izan orduan Hegoaldeko kaleetan ikurrina zabaltzea zigorturik zela; poliziek ikurrina ikusi eta berehala gelditu zituzten, haien esanetan debekatua zela, hots, ezin zutela bandera hori Bilboko kaleetan erakutsi. Haiek ordea ‘frantsesak’ zirela erran zieten, eta ikurrina mugaz bestalde legezko ikurra zutela. Poliziak ezin izan zien ikurrina kendu.

Eta azkenik: Pierre Bordazarre, Etxahun-Irurik, arrazoia zuen ‘Oihanian’ idatzi zuenean; hala diote abestiaren azken hitzek: Hots! Anaie maitiak / Bandera esküetan / Eskualdünak beikira / Nausi [plaza] güzietan (abestia Xiberoots-ek eginda)

Oihanian zuinen eijer
Txorino bat kantari
Eskualdün arbolari
Zazpi probintzier
Amodioz dio gazter
Eskuarari bethi exker
Jarraiki zaiten ürratxer
Ez sekülan bazter

Ez deia xarmagarri
Nuri ez dü plazer
Txori bat kantan ari

Eskaldün aurhider (birritan)

O txoria hanitxetan
Zurekilan batian
Boztarioz kantatzian
Nian desiretan
Sartü gira plazeretan
Egün plaza eder huntan
Nahiz bozkario ezarri
Eskual bihotzetan

Hots! Anaie maitiak
Bandera esküetan
Eskualdünak beikira
Nausi güzietan (birritan)

 

Iturria:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.