Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 34. Hegoaldeko Maskaradak

Dokumentuaren akzioak

34. Hegoaldeko Maskaradak

2021/03/20 09:00
34. Hegoaldeko Maskaradak

Barrikadetan Muskildin, Urdiñarbeko taldea, Muskildi, 1993-01-24. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Aurreko batean Zuberoako Maskarada eta dantza taldeak herrialdetik kanpo (bereziki Hegoaldera) joan izanaz mintzatu ginen, oraingoan, ordea, Hegoaldeko taldeek zer eman dieten Maskaradei komentatuko dugu.

Hegoaldean Zuberoako dantzak zabaldu izanaz bada zer idatzia: Juan Antonio Urbeltzez gain, Gaztedik 1954ko maiatzaren 9an egin zituen Zuberoako dantza batzuk lehen aldiz, Dindirri dantza taldeak irakatsita. Gipuzkoako Goierri behean ere geroago aitortzen dute Goierri dantza taldearen barnean 7 probintzietako dantzak aurkezten ibili izana; baina dantza hutsez aritu baino, mugarri izan diren hiru Dantza talde ekarriko ditugu gogora, eurak izan baitira Hegoaldean Maskaradak egindako lehenetarikoak.

Argia

Wikipediak dioen arabera, 1980ko hamarkadan Donostiako Argia taldeak lortua zuen Zuberoako maskarada oso bat kaleratzea; Juan Mari Beltranek harreman zuzena izan zuen gaztetan Argia Dantza Taldearekin. 60ko hamarkadan dagoeneko Euskal Herrian barrena baziren dantzak dokumentatzen eta bertako dantzak ikasten eta dantzatzen. Beltran grabazioak egiten aritu zen.

Duguna

Hala eta guztiz ere Iruñean garai berean Duguna dantza taldea ere urrats berriak irekitzen ari zen. 1985 inguruan Dugunak Maskaraden erakustaldi bat egin zuen Gaiarre antzokian eta oinarri hartatik abiatuta prestatu ziren 1991an antolatu ziren Maskaradak.

1991an hain zuzen, saioa osorik antolatu omen zuten nafarrek, Barrikadak Iruñeko Alde Zaharrean egin ziren goizez, eta ondoren Burgoen plazan ofizioen emanaldia. Patxi Labordak eta Xabier Arrizibitak prestatu zituzten testuak. Iñaki Dominguezek egin zuen bideoa eta horri esker ezagutu dira bertan parte hartutako hainbat partaideren izenak. Eta adi! Pitxuren paper enblematikoan Joxemiel Bidador idazle eta filologoa izan zen. Dantzaria ere izanik, bere heriotzaren ondoren, merezitako Joxe Miel Bidador Pastorala eskaini zioten Iruñean.

1991ko maskaradetako arizaleak:

  • Txerreroak: Iñaki Dominguez eta Mikel Moreno
  • Gatuzainak: Mikel Iraizoz eta Juanpe Garziandia
  • Kantiniersak: Pedri Martinez eta Oskar Arizala
  • Zamaltzaina: Karlos Aleman
  • Entseinaria: Jose Luis Martinez
  • Jauna: Iosu Martinez
  • Anderea: Olga Gaztanbide
  • Laboraria: (-)
  • Laborarixa: Nerea Delgado
  • Kabana: Patxi Laborda
  • Pitxu: Joxemiel Bidador
  • Xorrotxak: Xabier Arrizibita eta Peio Setoain
  • Kherestuak: Gustavo Valencia eta Iosu Alzorriz

 

Azkenik, Dugunaren historiari buruz gehiago jakiteko, Aritz Ibañezi Argian argitaratutako elkarrizketa irakurtzea merezi du. Taldeak 1949an dituela oinarriak dio Auñamendi Entziklopediak. Besteak beste, garai zailak bizi izan zituen Dantza Taldeak 1987tik aurrera, izan ere 1978an Nafarroako bandera eta ikurrinarekin ateratzea erabaki zuen dantza taldeak, eta 1987tik aurrera UPN Iruñeko Udalean sartu zenean, elkarlanerako akordiorik ez izanik, udalak “inexistente” deklaratu zuen taldea. Nahiko traumatikoa izan zen taldearentzat. Kale gorrian gelditu zen eta 1996ra arte dantzariek Sanferminetan dantzatzen zuten, baina beren kabuz, ez modu ofizialen. 1996an Jose Javier Chourraut alkateak berreskuratu nahi izan zuen lehenagoko ohitura eta azkenean banderarik gabe ateratzeko akordioa sinatu zuen Dugunak.

Gaztedi

Amaitzeko, Hegoaldean talde zuberotarrik bada Santutxuko (Bilbo) Gaztedi dantza taldea da, baita ere Santutxu auzoa euskal kulturarekin oparo sustatu duena. Taldearen sorrerak 1951n koka daitezke Aita Txanton Goiria karmeldarraren erantzukizunpean. Dindirri dantza taldeak lagundu zuen asko lehen urte haietan. Sarritan, Francoren erregimenak ezarritako bideetatik kanpo ibiltzeak arazo ugari ekarri zizkion taldeari, 1955ean Aita Txanton Goiriak Karmeloko Gazteriaren estatutuak legeztatzea lortu zuen arte.

1960ko hamarkada inguruan urrezko urteak bizi izan zituen: orduan euskal dantzak jatorrizko herrietan ikasten ziren eta dantza taldeen arteko laguntza eskaini zen: hain zuzen, adibidez, Luzaide, Lesaka zein Otsagiko dantzak edota Larrain Dantza ikasi ahal izan ziren, azken hori Iruñeko Duguna taldearen eskutik. 1970eko hamarkadan lehen krisialdia jaso zuen, partaide askok taldea utzi ondoren. Gorantza taldearekin batu zen, baita geroago banatu ere eta honi esker ere aurrera jarraitu ahal izan zuen. 80ko hamarkadan bigarren krisia izango zuen. Testuinguru horretan neskei esker mantendu zuten taldea, belaunaldi berria etorri arte. 2002an egoitzarik gabe geratu ziren Karmeldarrek Udalari egoitza eman ostean, 2004an berriz bat lortu arte.

1994an antzeztu zituzten beraiek euren lehen Maskaradak, eta nola ez (biba Urdiñarbe!) urdiñarbetarrek behar zuten guztia irakatsi zieten. Hainbat emanaldi eman zituzten (ni Aretxabaletako (Gipuzkoa) plazan egin zuten hartan izan nintzen, buhameak, xorrotxak, kauterakk eta Pitxu euskara batuan mintzatu ziren. Kerestuak, ordea, ez ziren biarnesez mintzo, galizieraz baino, Santutxu auzoko immigrazio galiziarrari omen eginez. Harremanak mantenduz, 2006an Urdiñarbek Santutxuko Jaietan maskaradaren zenbait pasarte eskaini zizkieten. 

Lehenengo Maskaraden 20. urteurrenean, 2014an beste bat antzeztu zuten, aurreko belaunaldia omentzeko asmoz, baita ere eurengandik jasotako laguntzarekin. Santutxun eskaini zuten lehendabizikoa eta ondoren beste hainbat tokitatik ibili ziren: Bilbo, Zamudio, Arantzazu, Dima, Durango, Donostia, Baiona… Umeek ere izan zuten euren maskarada propioa Santutxuko Inauterietan, ezin zuen bestela izan.

Maskarada emanaldi guztien artean, bada nabarmendu eta azpimarratzeko mugarri bat: Gaztedik Zalgizen Maskaradak egiteko konbitea jaso zuen; Gaztedi orduan Iparraldean Maskarada egiten duen Hegoaldeko lehendabiziko taldea bihurtu zen. Geroztik, bestetan (2019an esaterako) egin dute Maskarada taldean. Taldearen garapena jakitearren, merezi du bere historia irakurtzea.

Bideo honen irudietan Gaztedi taldea Maskarada dantzak erakusten ditu, tartean Arribada, Marexaleen Ofizioa, Kadrilak, Satan Dantza, Larraburu eta Ostalersak Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren egitarauan Bilboko Euskal Museoaren klaustroan (2020ko irailaren 28an).

Iturria:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.