Dokumentuaren akzioak
43. Eskiula
Zuberoaz mintzatzen ari garenean sarritan agertzen da Eskiula, baina jakin dezagun Eskiula Euskal Herri barnean izan arren, ofizialki Biarnoko herria dela.
Lukuzeko jauna izan omen zen Eskiulako larreak lantzeko agindua eman zuen lehena, XV. mendean hor nonbait. Ordura arte, Biarnoko Leduixekoaren jabegoa zen Eskiula izeneko zelaia, Littos eta Jos ibaien artean, Barkoxetik gertu, Biarno eta Zuberoa arteko mugan.
Mendiko argazkietan, ezkerraldean ikusten den mendia Kanbilu da, Ahargotik hain zuzen. Barkoxe ondoko erreka, sakonean ikusten den Jos ibaia da muga bi herrialdeen artean. Kanbilu Eskiulako mendia da.
Orduan, etxe handietako nagusiek erabakitzen zuten herri edo soro bakoitza zer eta non zen, eta, askotan, mugak urte batetik bestera aldatzen ziren, boteretsu bakoitzaren ahalaren arabera. Eta Eskiula Zuberoako jaunaren esku geratu zenean, orduan hasi zen Euskal Herria izaten. Eta lur horien gainean euskal jendea (barkoxtarrak hain zuzen) etxaldeak eraikitzen hasi ziren. Eta horrela izan da guztiz geroztik. Eta 1816. urtean Eskiula Oloroeko kantonamenduan sartu bazen ere, alegia administratiboki Biarno bilakatu bazen ere, bertakoak euskaldun sentitzen dira. “Biarnoko barrendegi eüskaldüna”, horrela izendatzen dute.
Eskiula ez da, alta, Euskal Herritzat hartzen dugun mugetatik kanpo euskaraz mintzo den herri bakarra. Biarnon bertan, Jeruntze, Orin, Oloroeko Sanpe, Inhasi, Arhantze eta Aramitzen, joan den mendean oraindik euskaldunak baziren (irudian berdez, euskaldunak ziren lurraldeak).
Gaur egun Jeruntzen, Eskiulatik hamar bat kilometrora Biarnon barna, azkenak geratzen dira. Baita Inhasin eta Aramitzen ere. Johañe Mainhagü jerunztarrak, 1908an jaioa, garbi esaten zuen: “Behar dik gauza bat ezagutu: Eskiula eta Lazea (Jeruntze) Biarnon dituk, baina euskaldunak gaituk, nahi ala ez. Eta hiru mintzaira entzuten genian: frantsesa prefosta, biarnesa eta euskara. Etxe batetik bestera, bi auzoen artean, batak Eskiulan, besteak Jeruntzen ibiltzen zituan. Eta aita eta ama euskaraz mintzatzen zituan etxean. Osabak, izebak, kusinak, auzoak, lagunak oro, apur edo hanitx euskaraz ari zituan”.
Argazkiotan Kanbilutik bista; Eskiulako udaletxea eta herria festen egunetan.
Erran nahi baita, Jeruntzen, Orin, Oloroeko Sanpen, … euskaldunek Eskiula eta Barkoxerekin auzoko harreman estuak izan zirela beti, baina eleaniztasunaren pean. Inguruko laborari euskaldunek Oloroeko merkatuetara joan behar zuten ekoizpena saltzera, eta biarnesez jakin behar zutela, baina bestelako harremanak, Elizakoak barne euskaraz zituzten (beraz beti euskaraz mintzo izan ziren). Biztanle horiek Barkoxeko edo Eskiulako elizetan hilobia ere bazuten.
Biziki interesgarria da gaia. 2012an, lan itzela egin ondoren Philippe Etxegorri jerunztarrak gomendatzen dudan ‘Biarnoko Euskaldunak’ izeneko liburua argitaratu zuen Biarnoko euskaldunei buruz. Argian egin nion elkarrizketa sarean duzue.
Iturria:
-
Nora aldizkariaren 22. alea – 2009ko azaroa – Berria Taldea.
-
Philippe Etxegorri – Biarnoko Euskaldunak (2012)
-
Wikipedia - Eskiula udalerria Zuberoa ala Bearno den
-
Euskaltzaindia - Biarnoko Euskaldunak (pdf)
-
Mendiko argazkiak 2010-06-06an Martxel Plazaolarekin Ostadar Mendi Taldearen ibilbide bat prestatzean ateratako argazkiak. Eskiulakoak ordea 2015/08/29ko argazkiak.
-
Ahotsak proiektua - Jean-Louis Davant Eskiulaz eta Biarnoko hizkuntzez mintzatzen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa