Dokumentuaren akzioak
38. Maskaradak urtez urte
2021ean Maskaradarik ez izatea ezohikoa izan da bizi garen garai honetan. Joan den urtean Altzürükü-k antolatu zuen, baina ostera pandemiaren zabaltzeak bertan behera utzi zuen amaitu gabe utzi zuten egitaraua. Aurten ere ezin izan da aitzina egin. Beste zenbaitetan ere bertan behera geratu da, gazte parte-hartzaile baten galera mingarriren batengatik edo. Hor ere ikusten da Maskaraden zaurgarritasuna.
Azkeneko urteotan talde batek gutxienez –izan diren zailtasunak medio- antolatu ditu urtero Maskaradak Zuberoan (gogoan izan euskararen egoera ere biztanleriaren kopuruarekin bat ere datorrela – gai horiek beste argazki banarekin jorratuko ditugu datozen egunetan).
Lehen saioa beti Maskarada antolatze-taldeak bere herrian egiten du; baita azkenekoa ere, igandetan egiten dira guztiak, azkenik erratearren salbuespen bat ere badela: ez dakit zergatik, egia erran, baina Mauleko plazan egiten direnak neskengünetan antolatzen dira, larunbatetan alegia.
Jakin dezagun gero 1990eko hamarkadan sustatu zela Maskaradak urtez urte antolatzeko gaur egun ezagutzen dugun ohitura, aurretik ez baitzen hala egiten. Adibide interesgarri bat: Muskildiko Maskarada 1987. urtean ospatu zen, Zuberoako hamar herritan baino gehiagotan antzezturik izan zela. 1988. urtean inongo herri zuberotarrak ez zuen Maskaradarik plantatu, eta ez ziren Maskaradak Zuberoan ikusi. Hegoaldean, aldiz, bai. 1988. urtean Hegoaldeko herri batzuk -batez ere bizkaitarrek- muskildiarrak gonbidatu zituzten beren herrietara etortzeko eskatuz, Maskarada bertan emateko. Herri haien artean Larrabetzu, Markina, Mundaka, Galdakao eta Gipuzkoako Usurbilera ere hurbildu ziren. Herri horietan, bestalde, normaleko kopla klasikoak kantatzeaz gain, zenbait berri ere idatzi zituzten bat-batekoan (gai hori jorratuko dugu ere beste argazki batekin batera).
Bestalde, Aritz Ibañezek Dantzanen jaso duen bezala, XX. mendeko 20ko hamarkadan urte batzuetan noizbait baita 5 Maskarada ere urteko antolatu ziren Xiberoan (1925ean Altzürükü, Ligi-Atherei, Lexantzü, Montori eta Sarrikotagainak hartu zuten parte). Arrazoia? Orduan herrialdeko populazioa egungoaren bikoitzetik hurbil zen eta gazte xiberotarrak ere gehiago baziren.
Iturria:
- Zuberoako maskaradak urtez urte (Dantzan, Aritz Ibañez, 2020-01-15)
- 1987. URTEKO MASKARADA ZUBEROTARRETAN MUSKILDI HERRIKO XORROTXEK GOIZEKO BARRIKADETAN KANTATURIKO KOPLAK (Kepa Fernandez de Larrinoa)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa