Dokumentuaren akzioak
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
Hou Pitxu hou! Hou Pitxu hou! Haigü hunat, badiat lan eijer bat hiretako!
Dakigunez kerestuak pertsonaia biarnesak izanik biarnesez mintzo dira Maskaradetan. Ez dago argi pertsonaia gorri edo beltzak ote diren. Aditu batzuk Zamaltzainarekin duten harremana dela eta (bera zikiratzen dute) gorritzat dituzte. Beste batzuk, ordea, plazan sartzen diren moduan ikusita, beltz kolorekoak.
Panazko trajeak janzten dituzte eta makilak bizkarrean daramatzate. Irudi honetan kerestuen nagusia Pitxu deitzen ari da, zamaltzainaren zikiratzea egin behar duelako eta aurretik, bere morroiaren desadostasuna dela eta (igandean lan egitea dela, ez duela nahiko sosik jasotzen…), morroirik gabe geratu delako. Pitxuk gaizki egingo dio lana, Kantiniersa (pertsonaia femeninoa) zikiratzen saiatuko da eta.
Uste okerrean izango ginateke uste izango bagenu kerestuen papera beti berdin antzezten denik. Kepa Fernandez de Larrinoak gaia aztertu zuen, eta baldin eta Xiberoko zein herritan antzeztu maskarada, baita nor antzezlea izan, antzeztutakoa desberdina izan zitekeela ondorioztatu zuen. Kepak 3 adibide desberdin aurkitu zituen:
-
1992ko Altzürüküko Maskaradaren errepetizionean, kerestuek dantzari hitzari baino garrantzi handiagoa eman zioten. Eta biarnesez mintzo beharrean, euskaraz hitz egin zuten, baita espainolez tartekatu hainbat hitz bertan hegoaldetarrak zirela jakitean.
-
Beste adibide bat #DominikaAgergarai-k Kepa Fernandez de Larrinoari errandako da. 1987an muskildiarrek kerestuen testua aldatzea deliberatu zuten. Testu berria biarnes batengandik jaso bazuten ere, ez zuten ondo ikasi nola ahoskatu eta azkenik -Biarnotik urrun delako biarnesez ulertzen ez duen Muskildi herrian- inprobisatuz, bearnes-kutsuko frantsesean mintzo izan ziren euren aurrean.
-
Azkenik eskiulatarrek Biarnon egin zutena. 1992an herriaren aurrean egin zuten agerraldietan biarnes zuzen-zuzenean egin zuten, publikoaren artean biarnes hiztunak izango zirela jakitun.
Interesgarriak 3 aukerak biarnesen hizkuntzari begira. Ikusi dugunez, Zuberoan biarnesaren ezagutza ere ez dela hain uniformea.
A! Bazenekien 1994an Santutxuko Gaztedi Dantza Taldeak euskara batuaz Maskarada antzeztu zuenean, kerestuak galegoz mintzatzen jarri zituenik? (inolako isekarik gabe eta errespetuz Santutxuko emigrazio galegoa oroituz). Ederra izan zen orduan Aretxabaletako plazan emandako emankizuna hizkuntzarekin jolasean.
Iturria:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa