Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Jonmikel Intsausti 3. Goizeko barrikadak

Dokumentuaren akzioak

3. Goizeko barrikadak

2021/02/10 08:45
3. Goizeko barrikadak

Goizeko barrikada, Ligi-Athereiko taldea, Altzürükü, 2001. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Maskaraden ikuskizunak bi zatitan banatzen dira, goizean egiten diren ‘Barrikada hauste’-etan eta arratsaldez egiten diren ‘joko’-etan. Biak erabat desberdinak dira.

Barrikadak hausteak’ hain zuzen, gaur egun metaforikoki ulertzen diren herrietan sartzeak dira. Metaforikoak dira egun bere zentzu osoan. Hala eta guztiz ere, iraganean benetako ‘barrikadak’ osatzen zirela esan genezake, denboraren poderioz aldatzen joan dira eta.

1899an argitaratutako "La tradition au Pays Basque" lanaren 269. orrialdean, J. D. J. Salaberryk honela deskribatzen ditu orduan nola egiten ziren barrikada hausteak:

Dibertimendu horien antolatzaileek gure herriko gazteei gaur jakinarazi diete bisita baten ohorea egingo dietela, eta gure gazteak buru-belarri ari dira prestatzen harrera adeitsuena egiteko, ahalik eta abegikorrena, jakina, etorkizunean mendeku hartuko duena, agian hurrengo inauterietan.
Haurrak mezulari gisa igorriak, lasterka doaz, arnasarik gabe, han dauden maskaradak datozela iragartzeko, azken begirada bat emanez beren jantzi eta burukoei eta prozesio erregularrean elkartuta, herriko lehen etxetik hurbil.
Modu errazean eta zailtasunik gabe sartzen utziko zaie? Ez! Hori ez da egin behar, ez du zertan izan; hau antzinako tradizioen aurkakoa da! Lagunak diren arren, jasan beharreko inbasioa da. Haren aurka egin behar dugu, formaz behintzat.
Eta horrela, gure gazteak, maskaradarako erabat beztiturik, herri sarrerarantz abiatzen dira presaka, eta han, makila handi eta erratz luzeekin, lasterka etorri diren emakume eta umeekin elkartzen dira. Kopuru handia, barrikada bat osatzen dute, dike bizidun moduko bat, inbaditzaileen jarioa geldiarazteko.
Baina barrikada honek ezin ditu luzaroan geldiarazi. Cherrero (sic) buruan, Bohame Jaonek (sic) fusilez tiro zaratatsu batzuk bota ondoren, sortzen duen katea hautsi egiten da, eta prozesio guztia herrirantz erortzen da, tchurulak (sic), flauta nazionalak, jotzen duen musika biziaren doinuan. Hiru zuloko musika-tresna dena, lau sokako ttun-ttun eta danbor batez lagunduta.
Beraz, maskaradako aktoreek erritmoan egiten dute aitzina.
Eta batez ere, Cherrero (sic), mezulari moduko bat, espazioa garbitzeaz arduratzen da, dantzariek beren bilakaera koreografikoei garapen guztia, beharrezko irismen guztia eman diezaieten. Cherrerok (sic) daraman jantzia ez da Chahok deskribatu ziguna. Zamalzainak jantzita daraman jantziaren oso antzekoa da, jaka, galtzerdiak eta zapatak direla eta; kanpai eta kriskitin gerrikoa gorde du, urrunetik iritsi dela salatzen duena; gerriko horren zarata zalapartatsuek harmoniarik gabeko musika egiten dute batzuetan tchurularen (sic) trillo zorrotzen kontra.

 

Georges Herelle ikertzaileak pista gehiago ematen dizkigu gero. 1840an datatutako elementuetatik abiatuta, Herellek "Le théâtre comique" (1925) liburuan honela dio:

"[J.] Badé sinetsi behar bada, jarraian deskribatutakoa bere garaian eraso orokorraren aurretik gertatu zena da: 'Entseinariak', edo bandaren liderrak, aurrea hartzen du, setiatuei, kapitulatzera deitzen dien gutun bat eramaten die, eta, bere ezezkoaren aurrean, setiatzaileek errifle eta pistola batzuk disparatzen dituzte".

Gero, beste artikulu batean, barrikadak XX. mendearen hasieran ikusi zituen bezala deskribatzen ditu. Bi zatitan banatzen ditu, antzezleen bidean beste herri batzuetan aurki daitezkeen barrikaden aurkako eraso simulakro bat, eta, ondoren, maskarada jasotzen duen herriko agintariei bisita bat. Gogoan izan, herritik herrira lehen oinez joaten zirenez, esaterako urdiñarbetarrek Atharratze bitarteko bidean zituzten herrietako barrikadak gainditu behar izaten zituzten: Garindaine, Maule, Gotañe...

Dominika Agergaraik (Patrick Queheillerekin batera) 2002ko otsailaren 14an Donibane Lohizuneko Ducontenian emandako UEUren hitzaldian azaldu zuenez, barrikaden elementua sakratua da, garai zaharretan, hain zuzen, herritako dantzariak onak ote ziren probatzeko erabiltzen ziren. Orduan, dantzariek soka baten gainean dantzatu behar zuten, eta haren gainetik ezin bazuten saltorik egin, buhameek, beltzek, beharrez sartzen ziren herrian. Esan bezala, herriz herri oinez joaten zirenez, bertako barrikadak gainditu behar zituzten.

Barrikada Maulen
Barrikadak Urdiñarbeko dantzarien eskutik, Maule, 2019-02-23. Argazkia: Jonmikel Intsausti

Gurdiz ere egiten ziren oztopoak; geroago botilak aurrean dituztela, aitzindariek dantzatutako Barrikadak ikusi ditugu, edo baita ere botilarik gabeko barrikadak.

Dantzariak dantzan aritzen dira. Johañe Etxebestek adierazi bezala, “Maskaradako barrikadetako dantzak, adibidez, desafioa agerrarazi behar du. Dantzariak haien arteko norgehiagokan aritu behar dira (nor goren jauzi egiten duen, zeinek urrats ederrena...)“; ondoren, buhame eta kauterak trumilka agertuko dira.

Egunen batean Maskaradak ezagutu nahi badituzu, zalantzarik gabe goizean Xiberuan izan beharko duzu.

Ondorengo bideoan, 2017an Ezpeizen, Pettarreko maskaraden lehen barrikada.


Iturriak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.