Dokumentuaren akzioak
Xiberoko dantza
Edozein dantzak zerbait adierazi, helarazi, nahi du. Johañe Etxebeste xiberotarrak, dantzari ezaugarri hauek atxikitzen dizkio: mezu bat, kultura batean oinarritua, eta horren helarazteko teknika berezi bat, gorputza tresnatzat hartuz. Harentzat, euskal dantza batetaz hitz egin dezakegu euskal kulturatik datorren heinean. Hau da, Euskal Herriko ohituretan oinarritzen delako. Egia da dantzek kontestu kulturaletan dutela haien jatorria; ihauterietan, pastoraletan, maskaradetan...
Dantzariak dioenez, Xiberoko dantzak bereziak baldin badira erabilitako teknikarengatik da. Horretan hainbat pausu definituak dira (figurak, jauzi egiteko eta mugitzeko manerak...). Nahiz eta kuadro batean mugatua den, askatasun haundia uzten die dantzari bakoitzari hauen interpretatzeko eta hori aberastasun haundia dela dio Johañe Etxebest-ek. Horrengatik ere, urratsen egiteko manera anitz aurkitu ditzazkegu dantza eskolen arabera.
Gehitzen du gaurko dantzaren arazo haundiena teknikari atentzio gehiegi emaiten dela, usu mezua eta kalitatea baztertuz. Dantzariek baita publikoak ere urratsak ea ongi eginak diren begiratzen dute, zangoei begira egonez. Ez dira orokorrean dagoen mezuaz jabetzen.
Maskaradako barrikadetako dantzak, adibidez, desafioa agerrarazi behar du. Dantzariak haien arteko norgehiagokan aritu behar dira (nor goren jauzi egiten duen, zeinek urrats ederrena...), pastoraletako satan punduek ere birtuositatea dute mezutzat… Eta hau dantza eskoletan bazterrean utzia da, Etxebesten ustez, dantza bakoitzak helarazi behar duen mezua bigarren planoan geratzen da teknika bakarrik jorratuz.
Urte asko behar dira dantza ikasteko eta momentuko ez da metodo amankomunik. Erakasle bakoitzak bere dantza eskoletan nahi duen edo ahal duen bezala egiten du. Urrats guziak ahoz ezagutuak dira, liburu batean bilduak izan gabe. Alimaleko lana baliteke hauen biltzeko eta transkribatzeko.
Dantza eskoletako beste arazo bat leike dantzari gehienak gaztaroan gelditzen dutela nahiz eta teknika oraindik ez barneratu. Johañeren arabera, urrats guziak ikasi ondoren da bakarrik plazerra hartzen, teknika menperatu ondotik du dantzariak interpretatzeko eta bereganatzeko ahalmena. Eta hau 20 urteak bete ondoren bakarrik gerta liteke.
Hala ere, batzuek segitzen dute dantzan eta hainbat proiektu kulturaletan parte hartzen dute.
Dokumentuaren akzioak