Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Zuberoako maskaradak urtez urte

Dokumentuaren akzioak

Zuberoako maskaradak urtez urte

Zuberoako maskaradak urtez urte

Sohütako Maskaradak, 1934. urtean

Altzürüko gazteek emanen dituzte 2020ko maskaradak heldu den otsailaren 9tik aitzina. Memoriak hutsegiten ez badigu iaz Urdiñarbeko gazteek eman zituzten eta duela 2 urte Muskildikoek. Baina... duela 3 urte? Eta duela 4? Eta zein izan zen Altzürüküko gazteek maskaradak muntatu zituzten azken aldia? Galdera horien erantzunak bilatu nahi dituenak Dantzan webgune honen tripetan arakatzea du biderik onena, baina hamarkada batzuk atzera egin nahiko bagenu, gauza konplikatu egiten da. Beraz, urtez urte maskaradak zein herrik eman dituen zerrendatzea otu zaigu, norbaitendako lagungarri izan daitekeelakoan. 

Iturriak

Urtekako egutegi hau osatzeko, esan bezala, Dantzan-eko hemeroteka izan dugu ezinbesteko informazio iturri, bai eta beste hedabide batzuena ere: Berria, Euskaldunon Egunkaria eta Argia-renak, besteak beste. Beste zenbait argitalpenetan ere kuxkuxeatu dugu hala nola, Jean Mixel Bedaxagarren Aitzina Pika eta George Herelle-ren Les mascarades souletines liburuetan, Zuberoako pastoraletako hainbat liburuxketan, Sü Azia elkarteak argitaratutako Maskaradak liburuxkan, Dantzariak aldizkarietan, Euskalduna astekariaren hemerotekan, Bizkaia.eus-en irakurgai dagoen Kepa Fernandez Larrinoaren Mujer Ritual y Fiesta liburuan eta artikulu honetan eta Bilketa.eus-en gordetako François Fourquet-en beste liburu honetan ere.

Urtekari hau egitean hainbat gauzek deitu digute arreta eta horiek ere partekatuko ditugu zuekin beheraxeago, baina lehenik horratx Zuberoako maskaraden antolatzaileen zerrenda, urtez-urte.

Maskaraden urtekaria 

Urtea Herria
2024 Pagola
2023 Maule
2022 Atharratze-Aloze
2021 Barkoxe (udan) eta Atharratze (bertan behera). Basa maskaradak
2020 Altzürükü 
2019 Urdiñarbe
2018 Muskildi
2017 Pettarra
2016 Sohüta-Hoki
2015 Idauze-Mendi
2014 Zalgize-Iruri
2013 Gamere-Zihiga
2012

Gamere-Zihiga (bertan behera). Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak

2011 Santa Grazi (bertan behera)
2010 Larraine
2009 Barkoxe
2008 Aloze-Atharratze
2007 Maule
2006 Urdiñarbe
2005 Altzürükü
2004 Iruri-Zalgize
2003 Sohüta
2002 Gamere-Zihiga eta Eskiula
2001 Ligi-Atherei
2000 Atharratze
1999 Idauze-Mendi
1998 Altzai-Lakarri
1997 Larraine
1996 Muskildi eta Mitikile
1995 Barkoxe
1994 Santa Grazi
1993 Urdiñarbe
1992 Eskiula eta Altzürükü
1991 Altzai-Lakarri
1990 (...)
1989 Muskildi
1988 (...)
1987 Muskildi
1986 (...)
1985 Basaburua
1984 Barkoxe
1983 Eskiula
1982 Urdiñarbe
1981
1980
1979 Altzürükü eta Barkoxe (udan)
1978
1977 Urdiñarbe
1976 Altzai-Lakarri
1975
1974 Xiberoko Zohardia elkartea
1973
1972 Altzürükü
1971
1970 Altzai-Lakarri
1969 Sohüta
1968 Altzürükü
1967
1966
1965
1964
1963 Altzürükü
1962
1961
1960 Sohüta
1959
1958
1957 Altzürükü
1956
1955
1954 Eskiula
1953 Atharratze
1952 Altzai eta Sohüta
1951 Altzürükü
1950
1949 Urdiñarbe
1948 Eskiula
1947 Atharratze, Onizegaine eta Sohüta
1946 Hauze eta Barkoxe
1945
1944
1943
1942
1941
1940
1939
1938 Altzürükü
1937
1936 Urdiñarbe
1935 Atharratze
1934 Sohüta
1933 Altzürükü eta Ligi-Atherei
1932 Montori
1931 Hauze
1930 Ozaze-Zühara eta Urdiñarbe
1929 Etxebarre
1928 Eskiula eta Altzai
1927 Gaztelondo (Barkoxe) eta Mendikota
1926 Larraine
1925 Altzürükü, Ligi-Atherei, Lexantzü, Montori eta Sarrikotagaina
1924 Sohüta, Aloze eta Gaztelondo (Barkoxe)
1923 Urdiñarbe, Etxebarre, Mithikile eta Atharratze
1922 Hauze eta Barkoxe
1921 Zalgize
1920
1919 Larraine
1918
1917
1916
1915
1914 Urdiñarbe, Gamere Zihiga
1913 Ligi eta Lexantzü
1912 Lakarri eta Etxebarre
1911 Hauze, Gaztelondo eta Kapera (Barkoxe)
1910 Gamere eta Hastüe
1909 Larraine eta Atharratze
1908 Aloze
1907 Sarrikota
1906 Atharratze eta Altzai
1905 Montori
1904 Barkoxe
1903
1902
1901 Atharratze

Hutsuneak

Datu interesgarri asko biltzea lortu badugu ere, konturatuko zineten zerrenda hutsunez betea dela. Horretarako bi arrazoi nagusi daude. Batetik, izan daiteke urte horretan ez zela maskaradarik izan, edo bestetik, ezin izan dugula lortu urte horri buruzko informazio zehatzik eta hartara ez dakigula maskaradarik izan ote zenez. Beraz, lehenbiziko eskea informazio xeheagoa izan dezakezuen lagunoi, zerrenda osatzen lagunduko?

Maskaradak 1930
1930eko maskaradak. Argazkia: Aitzina pika... liburutik jasoa

Maskaradarik gabeko urteak

Hutsuneak hutsune baina jakinda, hain zuzen, horiek gure ondorioak baldintza ditzaketela—, begi kolpe batez, hainbat kontuk deitu digute arreta. Denboran atzerago egin eta orduan eta zailago egin zaigu informazio zuzena lortzea. Horregatik ez dugu garbi hutsik agertzen diren urteetan maskaradarik izan ote zen ala ez. Alta, Allande SokarrosThierry Truffaut eta Kepa Fernandez Larrinoaren artikuluei esker egiaztatu ahal izan dugu, adibidez 1988 eta 1990 urteetan ez zela maskaradarik izan eta François Fourquet-en liburutik ondorioztatu dezakegu 1986an seguraski ere ez zirela egin, garai hartako maskaraden zerrendatze batean urte hartakoa saltatu egiten baitu. Hutsik agertzen diren gainontzeko datetan aldiz, ez dugu egiaztatzerik izan Zuberoan inauteririk izan zen ala ez. Bi Mundu Gerren garaiko etenaldiak (1914-1918 eta 1939-1945) azaltzen errazak dira. Bestetik, azpimarragarria iruditu zaigu, François Fourquet-ek bere liburuan dioen beste hau ere: "Après 1959, plusieurs années s'écoulent sans qu'on voie une seule mascarade dans toute la Soûle. La tradition paraît définitivement éteinte". Hau da, 1960ko hamarkadatik aitzina Zuberoako herritarrek nekez montatu ahal izan zutela maskaradarik maiztasunez. 

Ibilbide gora-beheratsua

Pentsatzen ahal dugu, beraz, XX. mendeko gainontzeko hamarkadetako beste zenbait hutsuneren arrazoia hori bera izan daitekeela, maskaradak plantan emateko bateko eta besteko zailtasunak, hain zuzen. Izan ere, egutegi(osatugabe)ak erakusten digun argazkitik zera ondoriozta genezake: maskaradak takadaka antolatu zituztela joandako mendeko zenbait garaitan. Herri batek ohitura berrabiarazi, beste herrietako gazteak ere animatu eta indarra hartzen zuen inauteriak —II. Mundu Gerraren ondotik, esaterako—. Horrenbeste, urte berean 2, 3 edo, areago, 5 herrik maskaradak aldi berean muntatzeraino. Baina hortik urte batzuetara ekimenak indarra galdu eta zenbait urte pasatzen ziren zikloa berriz abiatu arte, galtzeko arriskuan.

Zentzu horretan esanguratsua da 1974. urteko maskaradak Zuberoako Zohardia elkarteak antolatu izana, hango eta hemengo dantzari eta arizaleekin, indarrez ahul ziren inauteriei bultzada emateko asmoz. 

Mendikota Maskaradak 1972 - 04
Altzürüküko maskaradak Mendikotan, 1971. urtean. CC-AT-SA Javier Garaialde - Guregipuzkoa.net

Suspertzea

Azken denboran maskaraden etorkizuna arriskuan egon ote litekeen behin baino gehiagotan aipatua izan bada ere, urtekari honen arabera ondoriozta dezakeguna da 1980tik aitzina maskaradek haien garairik egonkorrena bizi dutela azken 120 urtetan. Aktibitate handiagoko urteak izan badira ere, azken lau hamarkadetan 35 aldiz lortu dute zuberotar gazteek maskaradak abiatzeko aski lagun biltzea eta arazoak izan direnean —2012an kasu, bi urtez segidan maskaradak bertan behera geratzeko arriskua izan zenean— irtenbide burutsuak izan dituzte. Urte hartan, Santagraziko maskaradak bigarren urtez suspenditzeak ekar zezakeen etenaren arriskuaz oharturik, Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek hartu zuten aste gutxitan maskaradak muntatzeko ardura. Arizale guzti-guztiak euskaldunak izan ziren urte hartan eta haien erabakiak argi uzten du maskaraden sokari jarraipena emateak Zuberoako gazte hoiendako zuen garrantzia.

Maskaradak 2012 Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiek emanak
2012an Xiberoko Ikastoletako Ikasle ohiek eman zituzten maskaradak ((2012 - Oier Araolaza / dantzan.com - CC-BY-SA)

Aitzindarietan aitzindariak

Halako zerrenda bat esku artera heldu eta lehen tentaldietako bat izaten da ikustea zein herrik eman duen maskaradarik gehien. Zuei gertatu zaizue? Bada guri bai. Beraz, zerrendaren arabera maskarada gutxien eman duen herritik hasi eta honakoa litzateke hurrenkera: Pagola (1), Astüe (1), Maule (2), Mithikile (1), Ozaze-Zühara (1), Sarrikota-gaina (1), Idauze-Mendi (2), Lexantzü (2), Santagrazi (2), Etxebarre (3), Zalgize-Iruri (3), Aloze (3), Montori (3), Gamere-Zihiga (4), Hauze (4), Ligi-Atherei (4), Larraine (5) Altzai-Lakarri (6), Eskiula (6), Sohüta-Hoki (8), Barkoxe (11), Urdiñarbe (10), Atharratze (11), and the winner is... Altzürükü 12rekin!! 

 

Altzürüküko maskaradak, 1979
Altzürüküko maskaradak, 1979. Argazkia: Mujer, ritual y fiesta liburutik.

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.