Dokumentuaren akzioak
Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
Luzaide eta Garazi aldeko dantzariak, 1929an Bartzelonan dantzan. Argazkia: Atracción aldizkaria, 218. zenbakia, 1929ko abuztukoa
Hiriaren garapen urbanistikoari bultzada eman nahian eta 1888ko erakusketak ekarritako aitzinatze ekonomiko eta teknologikoak gogoan, 1929. urtean ere Nazioarteko Erakusketa arranditsua antolatu zuten Bartzelonan. Bertan, 20 herrialdetako parte hartzaileak izan ziren eta 9 hilabetez luzatu ziren kolore eta molde guztietako ekitaldiak. Artean, kultur-ekitaldien baitan, Nafarroari eskainitako aste oso bat —Nafar Astea—, zeinean Otsagabiko, Baztango, Luzaide eta Garazi aldeko eta Mauleko dantzariek parte hartu zuten. Artikulu honetan Nafarroa ordezkatuz Bartzelonan aritu ziren dantzari horien emanaldien berri izanen duzue, eta baita horiekin harremana duten zenbait bitxikerien berri ere.
Tren berezian Bartzelonara
Bartzelonako erakusketan parte hartzeko gonbidapena harturik, Nafarroako Diputazioa ez zen xuhurkeritan ibili; Iruñeko Orfeoiko 80 kide, Iruñeko erraldoien konpartsa —erraldoi, kiliki eta zaldiko— eta Baztango eta Otsagabiko dantzariak mobilizatu zituen Bartzelonara. Ez hori bakarrik. Nafar astearen irekiera ekitaldian aurkezle lanak egin zituen Francisco Javier Arbizu kazetariaren hitzetan "Nafar arima tradizionala erakutsi nahian" eta "Pirinioz haraindiko Nafarroa gogoratuz", Baionako Euskal Museoarekin harremanean jarri eta Nafarroa Behereko eta Zuberoko dantzari talde bana galdetu zizkioten foru agintariek museoko zuzendari William Boissel-i. Salbaterra Biarnoko tronpa-jole talde bat ere abiatu zen Bartzelonara, nafar delegazioaren barne, bi herrialdeek mendetan izandako harremana gogoan.
Boissel Faustin Bentaberrirekin harremanean jarri eta azken hori arduratu zen bolant-dantzari taldea prestatzeaz. Ohi zuenez, hango eta hemengo dantzari onentsuenekin egin zuen nolabaiteko "selekzioa". Erditsuak luzaidarrak izan ziren: Regino Aierra, Martin Etxart Maitena, Martin Kantero Kiteria, Periko Garbaio Aldabe eta Mixel Kamino Ttanka. Kroniken arabera, gainontzekoak Garazi aldekoak izan ziren. Haien izenik atzematerik ez dut lortu.
1929ko ekainaren 14an, ostiralarekin, arratsaldeko 16:00etan, Donibane Garazitik partitu zen autobusean iparraldeko ordezkaritza, Donibane, Donapaleu eta Salbaterra Biarnoko merak eta Willian Boisel buru. Luzaiden, bertako dantzariak hartzeko geldialditxoa egin zuten Iruñera heldu aitzin. Hiriburuko San Martin hotelean pasa zuten gaua, Iruñeko udalak harrera egin ondotik.
Arizkun, Erratzu, eta Elizondarrak izan ziren Bartzelonan aritu ziren mutil-dantzari baztandarrak, Manuel Arburua, taldearen buru. Txistulariak, aldiz, Antonio Elizalde eta Manuel Jaurena (atabala) Arizkungo txistulari ofizialak eta Joxe Telletxea xulubitari erratzuarra. Ez zituzten mutil-dantzak batera jo, aldiz. Lan horretan tarteka aritu ziren, beraz, Elizalde eta Telletxea, azken honek gehixeagotan jo zuelarik. Hen-hemenka ezberdin dantzatzen baitziren, zenbait mutil-dantzen koreografia eta urratsen bateratzea egin zuten Elizaldek eta Telletxeak, mutil-dantzarien oniritziarekin. Horrela dio Mariano Izetak, Baztango txistularien kondaira bere idazlanean:
Antonio eta Joxe txistulariak bazuten zenbait mutil dantzetan zenbait pauso eta itzuli desberdin, adibidez «zozoarena» deitzen dugun dantzan. Orduan elkar harturik eta Baztango mutil-dantzari guziak ere ados zirela, «zozoarena» zuzendu zuten eta Barzelonan holaxe dantzatu zuten.
Beraz, igandean, goizean goiz abiatu zen nafar-konboia, tren berezian, Bartzelonara buruz. Orotara, 400 bat lagunek osatu zuten espedizioa. Nafarroa Garaiko agintaririk ere ez zen falta izan: Daniel eta Javier Arraiza diputatuak, Iruñeko udaleko 3 ordezkari, alkatea barne, baita Otsagabia, Elizondo eta Luzaideko auzapezak ere.
Bartzelonako nafar jatorriko jendeak ongi etorria egin zien Iparreko Tren Geltokian, Konde-hiriko beste hainbat buruzagirekin batera. Bertan izan ziren Jose Gay de Montellá alkate ordea, Emilio Puigdomenech udaleko zeremonialen arduraduna eta Lluís Domènech i Montaner nazioarteko erakusketako antolakuntzako kidea, besteak beste.
Sei egunetan bost emanaldi
Ekainaren 16ko inaugurazio-ekitaldiarekin hasi eta 21ean Nafar Astearen ospakizunak bukatu bitarte, bost emanaldi egin zituzten nafar eta zuberotar dantzariek, 16, 17, 18, 20 eta 21ean, hain zuzen. Diario de Barcelonako egunkariko kronikaren arabera, ekainaren 16an karrika-inguru batek abiatu zuen gure dantzarien parte-hartzea. Iruñeko erraldoi, kiliki eta zaldikoak aitzinean, Luzaide-Garazi, Otsagabia, Baztango eta Mauleko dantzariak ondotik. Erronkariko eta Zaraitzuko jantziz beztitutako emakumeak ere aipatzen ditu kazetariak, baita jota dantzari eta kantariak ere, haien rondallarekin batera. Salbaterrako tronpa-joleak eta Iruñeko Orfeoia gibelean. Ah ze besta! Poble Espanyoleko plaza nagusian bururatu zen kalejira eta behin bertan, Remigio Mujikak zuzendutako Iruñeko Orfeoiak hainbat kantu eskaini zituen; Ithuna, Goizian-on eta Gernikako arbola, besteak beste. Ramon Bengarai eta Segundo Egaña orfeoiko baritono eta tenoreek Joaquín Larreglaren Siempre p'alante jota ere kantatu zuten solista gisa. Dantzarien saioa heldu zen gero, erraldoien kalejira ere bai eta dantza gehiago ondotik. Nafarrez, katalanez, iparraldeko jendez eta itsas-gizon suediarrez (?) lepo bete omen zen plaza —10.000 lagun aipatzen dituzte kronikek—. Sartzeko ere ilara luzeak sortu ziren.
Hurrengo egunetako Diario de Barcelona eta El Matí egunkarietako kroniketan gure dantzariek emandako errepertorioei buruzko xehetasunak topa ditzakegu. Esaterako, ekainaren 17 arratsaldeko emanaldia ez omen zen oso jendetsua izan. Aurreko egunean bezala, kalejiran heldu ziren parte hartzaile guztiak Poble Espanyol-era. Behin plazara heldurik, zuberotarrek Gabota eta Godalet-dantza eman zituzten, hasteko. Ondotik, luzaidar eta garaztarrek Lapurtar-Motxak eta Sorginak-en aldeko hautua egin zuten. Otsagabiarrek aldiz, Modorro eta Enperadorea dantzatu zituzten, kazetariak Kataluniako Ball de Bastons-ekin harremandu zituenak, eta bukatzeko Jota. Baztango dantzarien aipamenik ez dakar kronikak.
Ekainaren 18ko arratsaldeko emanaldia bi partetan antolatu zuten. Lehenbizikoan, Otsagabiko dantzariek Enperadorea dantzatu zuten, bezperan nola. Luzaide eta Garaziko bolantek "Euskalduna dantza" eman zuten eta zuberotarrek, Aitzina-pika. Baztango mutil-dantzariek, oraingoan bai, Añoarxume eta Muxikoak dantzatu zituzten. Saioaren bigarren partean Bentaberrik prestatutako dantzariek Lapurtar-motxak dantza-jauzia eman zuten, eta mauletarrek Godalet-dantza, bezperan baino arrakasta handiagoz, antza, kazetariaren esanetan. Otsagabiko dantzariek Pañuelo-dantza eta Jota dantzatu zituzten eta baztandarrek, Zozoarena. Emanaldiari amaiera emateko, talde guztiak batera dantzatu ziren, bakoitza plazaren bazter banatan.
Ekainaren 20ko emanaldia gauez izan zen. Aurreko egunetan bezala, karrika-dantzan arribatu ziren Poble Espanyol-eraino, Iruñeko erraldoiak aitzindari. Ondoko programan ikus dezakegunez, gure taldeekin batera Bartzelonako Esbart Folklore de Catalunya ere sardana dantzari aritu zen emanaldian, nafarren omenez. Sanfermin iluntzeetan baleude bezala, zezensuzkorik eta dantzaldi irekirik ere ez zen falta izan:
LA SEMANA NAVARRA
El programa del festival de esta noche
Esta noche, a las diez, se celebrará el gran festival popular que ha sido organizado con motivo de las fiestas navarras, bajo el siguiente programa:
Primero. — Desfile general.
Segundo. — Explicación de los bailes por el señor Arvizu.
Tercero. — "Tango de los siete saltos" por la comparsa de Elizondo.
Cuarto. — "Misa de San Huberto", por las trompas del Bearn.
Quinto. — "Danza de las brujas" y "Los siete saltos", por la comparsa de Valacarlos
Sexto. — "Sun-Sun-Sun"; "La sardana de las Monjas" y "Sagarraren" por e Orfeón Pamplonés.
Séptimo. — Sardanas por el "Esbart Folklore de Catalunya".
Octavo. — "Modorro" y "Jota" por la comparsa de Octiagavía.
Décimo. — Bailes de Jotas de la Ribera de Navarra.
Undécimo. — Canto de Jotas de la Ribera de Navarra, por la Rondalla.
Duedécimo. —"Zezénzusko" (El toro de fuego).
Décimotercero. — Verbena y Baile.
Biharamunean, ekainaren 21ean, eskaini zuten gure dantzariek azken emanaldia, arratsaldez, beste behin ere. Nafar Asteak aurrera egin ahala, ikusleak poliki-poliki lehen egunetako ikusmina galduz joan zirela adierazten digute egun horietako berri-paperek. Ikusle gutxiago izan zela azken emanaldi hura ikusten, alegia, lanegun arratsaldea izanik. Zerikusirik izanen zuen horretan, ere, agian, Iruñeko erraldoiek etxerako bidea hartua zutela jadanik, ordurako. Tira, Luzaidar-Garaztarrek nafar "farandola" —Dantza-luzea— eta Euskaldunak eman zituzten azken emanaldi hartan. Otsagabiko zaraitzuarrek Modorro eta Pañuelo-dantza dantzatu zituzten hurrenez-hurren. Baztandarrek, Xoxuarena eta Muxikoak dantza-jauziak. Zuberotarren hautua honakoa izan zen: Gabota, Godalet-dantza eta Satan-dantza.
Dantza berriak nazioarteko erakusketari jarriak
Hainbat euskal dantzari haien jatorrizko herrietatik kanpoko emanaldi berezietan dantzatu ziren sarri, 1920 eta 1930eko hamarkadetan: Iruñean, Baionan, Parisen, Londresen eta Bucaresten aritu ziren artikulu honetako protagonistetako batzuk urte haietan. Baita Bartzelonan ere, noski. Halako emanaldi ospetsu eta arrandia handikoetan ohiko errepertorioaz haragoko dantzak erakusteko gutizia ulergarria eginen litzaiguke. Izan ere, Bartzelonako bidai honetarako zenbait dantza berri prestatu eta mustu ote zituzten irakurri izan dut han-hemenka. Eta bai, baina ez...
Otsagabia: Paseoa eta Jota
1925 aurreko dokumentazioan ez dago Otsagabiko paseoaren edo/eta jotaren arrastorik. Aldiz, 1930etik aurrerako argazki eta filmazioetan dantzariak dantza horietako jarreretan agertzen hasten dira eta dagozkien partiturak ere data horretatik aurrerakoak dira. Datu horiek aintzat hartuta, bi dantza horiek Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan mustu zituztela ondorioztatzen dute Rosa Villanuevak eta Angel M. Aldaiak haien Danzas de Ochagavía, 300 años de Historia liburuan. Hala, Poble Espanyol-erainoko desfile jendetsuetan parte hartu beharko zutela jakinik, taldearen aurkezpenerako balioko zuen dantza bat gaineratu zioten Otsagabiarrek haien errepertorioari, adierazten digutenez: Paseoa. Gauza bera gertatu omen zen Jota famatuarekin, haien emanaldiei ikusleak agurtuz amaiera eder bat emateko moldea hautatuz.
Luzaide-Garazi: Euskaldunak, Sorginak eta bonet gorriak
Faustin Bentaberrik sortutako Euskaldunak eta Sorginak dantzen estreinaldiarekin nahasmendu pixka bat bada. Bartzelonako erakusketarako sortu ote zituen entzun (eta irakurri?) izan dut. Baina Miguel Angel Sagasetak Luzaideko ddantzak liburuan dioenez, 2 urte lehenago, hau da, 1927an, Londres-eko Albert Hall antzokian dantzatuak izateko sortu omen zituen Bentaberrik bi dantza horiek. Zentzua baluke; bi lerrotan ematen baitira —ohiko dantza-jauziekin alderatuz— eszenatoki batean publikoari buruz dantzatzeko bezalako forman.
Baina dantzok Albert Hall-erako sortu zituztela zalantzan jartzen duen grabazioa dugu ikusgai Dantzan.eus-en. Edo behintzat, Euskaldunak eta Sorginak Londreseko bidaiaren aurretik ere dantzatu zituztela erakusten du bideoak —agian, hori bai, Albert Hall-eko hitzordu handirako test gisa?—. Izan ere, Londreseko bidai famatua 1927ko azaroan izan zen. Baina 1927ko apirilean Baionako Euskal Museoak antolatutako Euskal Festak ospatu ziren. Dantzan.eus-en argitaratutako Frantisek Pospisil-en grabazioan ikus dezakegu (1:20 minutuan), Bentaberriren dantzariek jadanik dantzatuak zituztela Euskaldunak eta Sorginak Ingalaterrara joaterako.
1929ko bidaiaren haria berreskuratuz, Luzaideko bolantek, Bartzelonako emanaldietarako ikasi zituzten Euskaldunak eta Sorginak —Baiona eta Londreseko emanaldietan Garazi-aldeko dantzariak soilik aritu omen ziren-eta—. Horren ondorioz errotu ziren bi dantzak Luzaideko errepertorioan, denbora izpirik galdu gabe, gainera. Miguel Angel Sagasetak Pedro Juan Etxamendiren hitz hauek biltzen ditu, Luzaideko dantzen bere liburuan:
"Luzaiden, ondoko igandean [Bartzelonatik heldu eta ondokoaz ari da], arratsaldeko bailia gelditurik, Fauxtinen lau luzaidar ddantzariek eman zuzten Bolant arropan beztiturik, Martzelinoingo plazan, Fauxtinek airia eginez, Eskualdun-ddantza eta Sorgin-ddantza. Lehen aldizkoz ordian ikusi gintuen".
Han-hemenka irakurri dudan beste datu bat izan da, bidai honen ingurumarian gertatu zela txapel gorriek ordura arteko luzaidarren kaska loredunak ordezkatu izana. Baina honakoan ere, ez dirudi hala izan zenik. Miguel Angel Sagasetak, esaterako, 1920ko hamarkadaren hasmentan kokatzen du aldaketa, bere liburuaren edizio zaharrean:
Según Bernardo Lapeire, la primera vez que bailaron con orquesta fue en la plaza de Arneguy teniendo él 16 años, es decir hacia el año 1922. Dice que Faustín, viéndoles un tanto preocupados por una parte por el cambio de instrumentos y por otra por el mayor gasto que se les avecinaba, les dijo antes de empezar: «Ez izi mutikoak, kitorik ere ariko gituk». (No os asusteis muchachos, si hace falta actuaremos debalde). Ese mismo día fue, según el mismo informante cuando cambiaron la Kaska por la boina colorada.
Bernardo Lapeireren memoriari konfiantza egiten badiogu 1922an gertatu zen kapela aldaketa, baina badakigu ere zeinen tranpatia izaten ahal den norberaren oroimena. Tira, topatu dudan beste aipu honi kasu eginez gero, pentsa dezakegu aldaketa, zehazki noiz izan zen jakin gabe, 1929a baino lehenago, behintzat, gertatu zela.
El resto de los danzantes, mozos de diecisiete a veinte años, de porte hirsuto, talante agreste y candorosa expresión, vestidos de blanco también; con su "alkandora" o camisa de rizos filigranada de oro, su pantalón níveo de bombasí, su boina roja de ancho vuelo y su faja del mismo color, sus alpargatas trenzadas de cinta carmín y ostentando en los hombros la misma oriflama que la de los heraldos.
Fiesta en Valcarlos, Jaime Brunet. Vida Vasca aldizkarian (153. orrialdea). 1927
Tira, bitxikeriak bitxikeri, arrakasta handia bildu zuen nafar ordezkaritzak Bartzelonan Nafar-astearen biharamuneko kronikek adierazten dutenez. Ekainaren 23ko Diario de Navarrak erreportaje luzea eskaini zizkion espedizioaren ibilerei, argazki ederrez apaindutakoa —tartean Otsagabiko dantzarien paseoaren eta Luzaidar-Garaztarren Euskaldunak-Sorginak-en fotografiak—.
Ekainaren 22an egin zuten gure dantzariek itzulerako bidaia, trenean Iruñeraino, baina pausarako tarterik gabe. Izan ere, Bartzelonako lanak gutxi ez eta oraindik, ekainaren 23an, Sanfermin bezperetan beraz, Iruñeko zezen plazan emanaldia eskaini zuten Poble Espanyolen nola baztandar, zaraitzuar, luzaidar baxe nafartar eta zuberotar dantzariek, Iruñeko Orfeoiarekin batera. Pausatuko ziren pausatuko zirenez etxera heldutakoan!
Bidaia honen xehetasunei buruz kuxkuxeatzeko aitzakia polita eskaini dizkidate, beraz, Facebooken Paula Llanes-ek argitaratu zituen argazkiak. Milesker berari, oharkabean, xaxatzaile lanak eginik, eta konfinamendu garai hauetako ordu batzuk behintzat betetzeko parada emanik!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aritz Ibañez Lusarreta
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean