Dokumentuaren akzioak
Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
Euskal Herriko udaletako euskara zerbitzuek Udaltop izeneko jardunaldiak antolatzen dituzte urtero. Aurtengo edizioak Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz izan du izenburu eta mami. Maiatzaren 11an eta 12an egin da Lasarte-Orian. Bertan, azken hamarkada luzeko gure dantza taldearen jarduna azaltzeko ponentzia eskatu zidaten eta horren fruitua da honako testua.
Euskal dantzak azken hamarkadetan gure kulturaren definizio orokorrean sartzeko zailtasunak izan baditu ere, ekarpen handia egiten die bai herrigintzari, bai kulturgintzari eta baita euskalgintzari ere. Euskal dantzak, berak bakarrik edo bestelako arte jardunekin elkarrekintzan, badu komunitate sentimendua sortzeko, antolatzeko eta trinkotzeko bertutea, bertute politikoa, alegia. Elkarrekin dantzan egiteak gorputz kolektiboaren esperientzia sentsorialaren gozamena sentiarazten digu. Ondokoaren presentzia baloratzeak eta disfrutatzeak komunitatea eraikitzen laguntzen digu. Dantzak komunitatea irudikatzen du sinbolikoki eta irudikatzeak berak komunitatea ehuntzen laguntzen digu, harremanak indartuz. Hainbat esperientziek erakutsi digute, bi hari horiek —euskal dantza eta komunitatea— euskararenarekin korapilatuz gero, txirikorda sendoa ehundu dezakegula.
Euskararen zinta-dantza
Zinta-dantzaren printzipioa zera da: dantzari bakoitzak zinta bati eusten dio bere eskuan eta gainontzeko dantzariekin gurutzatuz, zintak ere elkar korapilatzen eta txirikordatzen doaz, ehundura bat sortuz. Juan Antonio Urbeltzi ikasi diogu txirikorda bat ez dadin askatu gutxienez behar ditugula hiru soka. Euskal dantza —euskaldunon gorputz hizkuntza—, euskara eta komunitatea izanen dira beraz, testu honetako zinta-dantzaren txirikorda ehuntzeko erabiliko ditugun hiru sokak. Iruñeko Duguna dantza taldearen zinta-dantzan, honako korapiloak txirikordatu ditugu azken hamarkada luzean:
2005ean Eibarko Kezka dantza taldeak Arrateko ezpata-dantza sortu du, Argia dantzari taldearen ezpata-dantza eredutik abiatuta. Berezko testuingurura eta funtziora itzuli nahi izan dute, horrela, haien jarduna. Arrateko festek berreskuratu dute galdua zuten dantza ohitura eta dantzak berak, zentzua eta festara bertaratzen den komunitatearen babesa. Margaret Bullen antropologoaren esanetan, ingurukoekin elkartzeak sentiarazten digun gozamenaren bitartez komunitatea sortzea da jaien funtziorik behinena, eta horretan, dantzak berebiziko garrantzia jokatzen du. Eibartarren saiakera arrakastatsua gertatu da. Halako moldez non, ondoko urteetan Euskal Herri osoko hainbat xokotan (Beasain, Iruñea, Andoain, Elgoibar, Biarritz, Donostia, Portugalete, Sestao…) ugaldu egin baitira egikera berriko ezpata-dantza errituak. Nork bere dantza apailatzeko prozesuan besteen lankidetza eta emaria barneratuz, elkarrekin dantzan zintak korapilatuz, sormenaren eta dantzaren plazera kolektiboki gozatzeko bidea eskaini digu ezpata-dantzarien —Eduardo Apodakaren izendapena erabiliz— gozamenerako partzuergoak. Errealitate sozial, kultural eta linguistiko oso desberdinetan diharduten dantzarien arteko lokailu bihurtu da dantza ulertzeko duten modua, eta euskal gorputz-hizkuntzan eta euskal berbazko hizkuntzan bizi eta erreproduzitzen den komunitatea txirikordatu dute, beren ingurune geografikoa ere zipriztinduz.
Donostiako Argia dantzari taldearekin elkarlan oparoa eraman dugu azken hamarkada eta erdian. Haiekin atondutako ikuskizunen errepiketan, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa Garaiko dantzariak biltzen gara eta euskara hutsean izaten dira entsegu horietako harremanak, emanaldietakoak eta baita emanaldi horietatik kanpokoak ere —festa girokoak barne—. Argiarena belaunaldiarteko egitasmoa da, gazte eta helduek partekatua, zeinean transmisioa gauzatzen den: gazteek energia eta aitzinatzeko kemena dakarte, eta helduek egindako bidearen ezagutza transmititzen diete, gure gorputz eta berbazko hizkuntzetan oinarrituz. Argiarekin ikasi dugu dantza ulertzen herrigintzarako tresna gisa —herrigintzarako ardura soziala deitu izan dio Juan Antonio Urbeltzek—, taldekeriak gaindituz eta proiektua partekatzen duten guztiak sare berean integratuz. Argiako zinta-dantzaren sokak txirikordatzen jarraitzen dugu aste oroz, euskaraz, Euskal Herriko lau kornerretako dantzariok.
Iruñeko Duguna dantza taldean, bide hauekiko hautua egin dugu 2009az geroztik. Hasteko, gure hiria jarri dugu gure lanaren jomugan. Zein komunitateri ariko gatzaizkion erabakita, Iruñeko egutegian indarrean diren festa testuinguruetan txertatuko ditugun dantza errepertorio/erritu berriak sortzeari ekin diogu. Horri beste bi hari txirikordatu dizkiogu: batetik, dantzarien arteko genero bereizketarik eza eta, bestetik, gorputz-adierazpenaren bidezko gure hizkuntza-jarduna —euskal dantza— berbazko adierazpenaren bidezko gure hizkuntza-jardunaren bitartez —euskaraz— garatzea. Helduen eta txikien errepikak osoki euskaraz egiten ditugu geroztik. Iruñeko —euskal— komunitatea helburu sortu ditugun dantza ohiturek, Euskal Herriko beste komunitate batzuen ordezkari diren dantza ohiturekin jarri gaituzte harremanean. Esaterako, sanferminetarako trokeo-dantzak atondu eta horrek, Oñati, Iurreta edo Tuterako dantzari eta jendeekin korapilarazi ditu gure zinta-dantzaren sokak.
Sare honetako azken partzuergoa libertimenduena dugu. 2019an Iruñeko Iruinkokoa libertimenduaren sorreran akuilatzaile eta eragile izan da gure dantza taldea, besteak beste. Antton Lukuri zor diogu libertimenduaren berpiztea, komunitatea egituratu eta gazteak euskarazko herrigintzan kateatzeko tresna gisa. Gure arte diziplina ezberdinak barnebiltzen ditu antzezpen oso honek: musika, dantza, antzerkia eta bertsoa nahasten dira bertan. Hartara, alor horietako guztietako arizaleak lanean aritzen dira 3-4 hilabetez inauteriaren sorkuntzan eta errepikan, euskara hutsean ematen den prozesu luze eta aberasgarrian. Sortze, negoziazio eta eraikitze testuinguru horretan emozioak puri-purian dira eta hor trabatzen diren harremanek beste dimentsio bat hartzen dute. Iruinkokoaren eguna bera euskara hutsean ematen den festa handi bat da, goizeko 8:00etako gosaritik hasi, eguerdiko mustra nagusitik segiz, bazkari, bazkalburu eta ordu txikietako bestan bukatuz. Hala, Iruñean musikan, antzerkian, dantzan, bertsotan… ari diren gazteak euskaraz elkar-ezagutzeko eta harremanetan hasteko aukera aproposa —eta bakan samarra— dute, eta harreman horiek euskaraz jarraitzen dute gerora ere, prozesu osoak eragiten duen zirrari esker. Iruñeko libertimenduak Iparraldeko libertimenduen sarearekin harremanean jarri gaitu gainera, eta hor, beste gozamenerako partzuergo baterako ateak zabaldu zaizkigu parez pare. Gure zintak, Urepele, Baigorri eta Baigurako herrietako dantzari eta arizaleekin korapilatu ditugu, horrela.
Iruñeko egoera soziolinguistikoak ez dizkie eskaintzen bertako gazteei euskaraz egin eta bizi ahal izateko milaka aukera. Alta, dantza taldearen baitan parada hori eman diegunean, poliki-poliki lotu zaizkio erronkari eta gaur egun euskaraz ari dira haien artean —lehen baino dezente gehiago behintzat—, entsegu eta emanaldien testuingurutik kanpo ere. Arestian aipatutako partzuergo guztiek eskaintzen dizkiguten aukerek zerikusi garrantzitsua dute aldaketa horretan.
Gure euskararen zinta-dantza ehunduz sortutako sare zabal hau taldeko txikienen esku ere bada. Azken urteotan, gure ezpata-dantzan dantzatzeaz gain, Biarritzeko San Martingo ezpata-dantzariekin ere aritzeko aukera izan dute, Ezpeletako Gauargi festibalean aritu dira dantzan Lapurdiko —eta mundu osoko— dantzari gaztetxoekin batera eta urte honetan berean, Eibarko Kezka taldeko dantzari txikiekin dantza, plaza, besta eta igurtzia partekatzeko aukera ere izanen dute, euskaraz. Gerora, ikusi dugunez, jarraipena izanen du hazi ereite horrek helduen dantza taldeak edo Iruinkokoak eskainiko dizkien euskarazko harreman sareen txirikordan.
Euskaraz kontsumitu vs euskaraz bizi
Euskal-dantzaren sareak gazteei euskaraz sortu eta bizi ahal izateko eskaintzen dien ingurune horrek fruituak eman ditu gurean, baliabideak urriak izanik ere. Komunitate-ehun horrek euskaraz blaitzeko aukera eskaintzen die haur eta gazteei, segur aski gaur egun ohikoagoak ditugun kontsumigarriek baino gehiago.
Jon Sarasua irakasle, ikertzaile eta euskaltzain urgazleak Euskararen Gogoetagunerako bideo mamitsu eta interesgarriak sareratu ditu duela zenbait aste. Horietan euskalgintzaren azken urteotako errepasoa egin eta etorkizunerako erronkak aletzeaz gain, ohartarazpen bat ere egin digu: bere esanetan, gizarte gero eta hipermoderno, hiperkapitalista eta hiperindibidualista honen logikan, komunitate-loturak orduan eta ahulagoak ageri zaizkigu eta testuinguru horretan euskarak galtzeko guztiak ditu. Munduko hiritar izatera jokatzekotan gureak egin duela, alegia. Sarasuaren ustez, euskararen etorkizuna gertuko komunitate bizitzaren etorkizunaren norabide berean egon liteke. Horretarako, kulturgintza eredua birpentsatzeko aukera ere aipatzen du Sarasuak, adibidez. Eta galdera bat pausatzen: zer pisu eman beharko geniokeen kultura komertzial horri, zeinetan beti marjinalak izanen garen eta zenbat, aldiz, berrelikatu gaitzakeen kultura komunitarioari, esaterako. Sarasuaren ondorioa: komunitate ehuna sortzea dagokigu.
Jadanik aipatua dugu dantzak eta festak ekarpena egiten dutela komunitatea sinbolizatzen eta eraikitzen. Ez dira gure komunitate-ehuna trinkotzen lagundu dezaketen ariketa bakarrak. Miren Artetxe bertsolariak bere doktorego tesian aztertua du bertsolaritzak eragiten dituen aldaketa onuragarriak gazteen hizkuntza identitateetan eta portaeretan. Kultur-diziplinen arteko hierarkia kuestionatzen badugu eta, hala, elkar eragiten eta elkarrekin aritzen diren alorrarteko jardun moduan irudikatzen baditugu, argiago geratuko zaigu kulturak duen gaitasuna gizarte artikulaziorako, herrigintzarako eta, kasu zehatz honetan, baita euskararen bultzadarako ere. Sortzeko, igurzteko, plazererako, bizitzeko… balioko diguten jardunak antzeman, bultzatu, zabaldu eta lehenetsi beharko genituzke, beraz, kontsumo hutsa helburu dutenak baino. Ikusle edo kontsumitzaileen gainetik, parte-hartzaileak, arizaleak behar ditugu.
Ondorioak
Euskal dantzariok gure lurralde osoan korapilatutako zinta-dantzaren ehunak ekarpen handia egiten du komunitatea eraiki eta trinkotzeari dagokionez. Ehun hori euskaraz txirikordatua da batez ere eta beste kultura jardun batzuekin elkarreragintzan —igurtzian, sormenean, plazerean— asmatuz gero, euskarazko komunitate sareak sortzeko potentzialitatea biderka lezake. Areago, nahastura hori belaunaldi artean, herrialde artean eta festa giroan ematen bada. Jarrai dezagun bada, dantzariak nola, elkargurutzatzen. Gurutza ditzagun gure zintak eta lagunarekin korapilatu, segi gurutzatzen eta han beste korapilo bat, eta beste bat, gurutzatu eta korapilatu, gurutzatu eta korapilatu… gure euskararen zinta-dantzak osatuko duen komunitate-ehuna ahal bezain trinkoa izan dadin!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aritz Ibañez Lusarreta
Jasotako azken erantzunak
- Aritz Ibañez Lusarreta on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Xabier Etxabe on Euskararen zinta-dantza: euskal dantza, euskara eta komunitatea txirikordatuz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Xabier Etxabe on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Anartz Ormaza Ugalde on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Aritz Ibañez Lusarreta on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Oier Araolaza on Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz
- Patxi Laborda on Nafar eta zuberotar dantzariak Bartzelonako 1929ko Nazioarteko Erakusketan
- Aritz Ibañez Lusarreta on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
- Ekaitz Santazilia on Yanza yauci, zortzitan sinple eta burrunba dantza, 1920an Iruñean
zure artikuluaren ondoren, Igor Goitia lagunak "zuzeu"n idatzi berri duen euskararen inguruko hausnarketa irakurtzeko aukera izan dut.
Abiapuntu desberdinetatik bada ere, iruditu zait leku antzekoetara ailegatu zaretela biak.
Hau da lotura, irakurri nahi duenarentzat:
https://zuzeu.eus/[…]/
Izan ondo,
Xabier.