Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maskaradak, hiriburuaren eskutik

Dokumentuaren akzioak

Maskaradak, hiriburuaren eskutik

Maule-Lextarrek paratutako Zuberoako inauteriak dira aurten herrialdean zehar ibiliko

Egilea
Allande Sokarros
Komunikabidea
Berria
Tokia
Maule
Mota
Albistea
Data
2007/01/18
1974. urtean, Xiberoko Zohardia elkarteak aurkeztutako maskaradek Maule-Lextarre izan zuten ohantze, hango bilgune batean egin baitziren mustrakak, baina arizaleak Zuberoako herri askotakoak ziren, eta bakar bat ere ez, antza, hiriburukoa.

XORROTXAK NESKAK IZANGO DIRA. Aurtengoak bai, aurtengoak Maule-Lextarreko maskaradak izango dira, zeren eta, sorgunez ala bizigunez, Zuberoako hiri nagusikoak baitira 30etik gora diren arizaleak. Berez oso gertakari aipagarria izateaz gain, erabateko berrikuntza dakarte aurtengo maskaradek. Ezen, gizonezkoek eta emakumezkoek osatutako maskaradetan, lehenengo aldia izango da Xorrotxak bi neska izatea. Patricia Etxebarne eta Mailis Irigoien dira kantuz arituko maskaraden zatien artean, Jaunaren ezpata zorrozteaz gain. Egia da emakume Xorrotxak egon zirela Eskuila herriak 1992an eman zituen maskaradetan, baina haietan arizale guztiak ziren emakumezkoak. Lehen aldia da, ordea, gizonezkoz eta emakumez osatutako maskaradetan Xorrotxak neskak izan daitezen, eta horrek ikusmin handia sortuko du, ziur aski, Zuberoan bertan zein kanpotik etorriko diren ikusliarren artean.

HARTZKUMEA AGERTUKO DA. Beste berezitasun bat ere nabarituko da Maule-Lextarreko maskarada hauetan: hartz bat egongo da pertsonaien artean, eta hori ere hain ohikoa ez bada -maskarada guztiek ez daukate-, orain arte inoiz ez da hartzkumerik egon.... Halaxe izango da aldiz maskarada hauetan, Junes Bedaxagar mutikoa baita hartzez mozorrotuta ibiliko plazetan.

Maskaradetako beste pertsonaia aipagarrienak izendatzearren, jakitekoa da Regis Claverie izango dela Kabana handia, Ximun Jauri Pixu, eta honen anaia Allande Jauri Buhame gehien. Patricia Etxebarne eta Mailis Irigoien Xorrotxei ezpata zorroztera emango dieten Jauna egiten arituko da Daniel Mainhagiet, Anderea izango duelarik Mailis Huret. Laboraria egiten txandakatuko dira Sebastien Xala eta Benoit Elgoien; Laborarisa kargutan, berriz, Maider Erbin ariko da. Gabi Keheille izango da Pitxu berpizteko lanetan jardungo duen Bedezia.

Gogoan edukitzekoa da Lextarreko plazan -otsailaren 3an- eta Mauleko gaineko pilotalekuan -apirilaren 21ean- gertatuko diren maskaraden lehen eta azken agerraldiak larunbatean izango direla. Zuberoako beste hamar bat herritan egingo diren jelkaldiak, berriz, igandearekin egingo dira, Barrikada hausteak goizeko hamarrak inguruan hasiko dira, eta maskaraden ikusgarria bera arratsaldeko hiru eta erdietatik harat izango da.


Azken 15 urteotako Xorrotxen kantoreak CD batean

Zuberoako maskaradetako une oroigarrienen artean egon ohi dira Xorrotxen kantoreak. Jaunaren ezpata zorrozten duten euren agerraldi zati bereziaz gain, Xorrotxek, bertsetak emanda, lotura egiten dute maskaradetako beste joko emanaldien artean.

Xiberoko Botza euskal irratiak ekimen guztiz txalogarri bat obratu du, azken 15 urteotako Xorrotxen kantoreak CD batean grabatuta. 1992 eta 2006 bitartean, hamabost urtetako Xorrotxen kantuak bai... baina guztira 17 abestiz osatutako CD bat. Izan ere, 1992, 1996 eta 2002. urteetan, Zuberoako bi herrik paratu zituzten maskaradak. 1994. urtean, berriz, ez zen maskaradarik izan.

Zehazki, honako hauek dira Euskal Herriko liburu eta disko saltoki gehienetan eskuragai dagoen CD honetan entzun daitezkeen abestiak : Oritzapena (Altzürükü -- 1992), Bihotzez eüskaldün (Eskiula -- 1992), Urte berri hon (Urdiñarbe -- 1993), Denak dira Xorrotxarenak (Barkoxe -- 1995), Oskaxe patar zolan (Muskildi -- 1996), Bihotzeko argia (Mitikile -- 1996), Gaztearen amets amodioa (Larraine -- 1997), Gora Ibar esküina (Altzai -- 1998), Ene izar maitea (Idauze-Mendi -- 1999), Ama Euskaldi (Atharratze -- 2000), Lo, ama maitea (Ligi-Atherei -- 2001), Emigranteen balada (Eskiula -- 2002), Libertate nahia (Gamere-Zihiga -- 2002), Lür maitea (Sohüta-Hoki -- 2003), Gazte girade gazte (Iruri / Zalgize-Doneztebe -- 2004), Ahaire zahar hontan (Altzürükü -- 2005) eta Lagünt dezagün bihotzez (Urdiñarbe -- 2006).

Dokumentuaren akzioak