Inauterietako bide garbitzaileak eta erratzak

2021/02/15
Inauterietako bide garbitzaileak eta erratzak

Inauteri giroan Euskal Herriko herri bat baino gehiagotan agertzen dira eskuan erratza edo isipua daramaten mozorroak. Bidea ireki edo garbitzen dute gehienek, edota etxeko atarietan erratza pasatzen dute.

Zuberoako maskaradetako txerreroa

Zuberoako maskaradetan, gorrien taldean, maskaradetako segizio aberats eta koloretsua irekitzen duen txerreroak isipua eramaten du eskuan. Txerreroaren tresna makila izan ohi da, eta muturretako batean zaldi buztana lotuta eramaten du. Zaldi isatsa alde batera eta bestera astinduz dantzatzen du arribadan eta barrikadan txerreroak, bidea irekiz edo nolabait, segizio osoak pasatuko duen bidea "garbituz".

Txerreroak, Pettarreko maskaradak, 2017-01-22. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Txerreroa, maskaradak, Muskildi, 2018-01-07. Argazkia: Aritz Ibañez - Dantzan CC-BY-SA

Zubieta, Ituren eta Aurtizko joaldunak

Malerrekako joaldunek ere bideak zaldi isatsarekin egindako isipuarekin irekitzen edo garbitzen dituzte. Hain zuzen ere, zaldiek euliak uxatzeko erabiltzen duten antzeko moduan, batera eta bestera dantzan ibiltzen dira joaldunen joan-etorri erritualetan.

Joaldunak isipuak eskuan, 2017. Argazkia: Maite Irizar CC-BY-SA

Kotilun gorriak isipuarekin

Lapurdiko hainbat herrietako inauterietako kaskaroten segizioa ireki ohi dute. Pertsonaia alaia eta txantxazalea da, baina aldi berean, isipua eskuan hartuta, taldeari bidea irekitzen dio eta etenaldi bakoitzaren ostean berriro antolatzen du konpartsa.

Kotilun gorriak, Uztaritze, 2011-06-18. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Eibarko koko-dantzetako mamarruak

Eibarko baserrietan koko-dantzan eta koko-eskean ibiltzen diren kokomarruen artean mamarruak izenekoak aritzen dira, zaku-zaharrez estalita, otarrean baserritarren emariak jaso eta zaldi buztanez egindako isipua eskuan inguruan astindu eta bideak eta atariak garbitzen dituztenak, koko-dantzariek makila-dantza egin aurretik.
Mamarrua, koko-dantzak 2015, Eibar. Argazkia: Fernando Retolaza - Dantzan.eus CC-BY-SA

Oiartzungo ihote-dantzarien erratza

Oiartzungo auzoetan eskean aritzen diren ihote-dantzarien taldeetan erratza eramaten dute. Bisitatu den etxeko ataria erratzarekin garbitzeaz arduratzen den pertsona bat izaten da, sarritan, taldearen gidaria izan ohi dena.

Ihote-dantza, erratza, Oiartzun, 2017-02-18. Argazkia: Amaiur Aristi CC-BY-SA

Abaltzisketako txantxoen atari garbitzailea

Abaltzisketako txantxoekin bi mozorro joaten dira baserriz baserriko eske-errondan. Batek otarra darama puskak biltzeko eta besteak erratza. Aurpegia belztuta eta erratza eskuan ibiltzen da makila-dantzari taldearen aurretik. Ate aurrera iritsi eta erratzarekin garbitzen du baserriko ataria, txantxoek makil-dantza egin aurretik.

Txantxoak eta erratzadun mozorroa, Abaltzisketa, 2018-02-11. Argazkia: Jon Zubeldia

Txantxoak eta mozorroa erratza eskuan, Abaltzisketa, 2005-02-06. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC-BY-SA

Zalduondoko kale garbitzaileak

Zalduondoko inauterietan ere ageri dira kale garbitzaileak. Gainerako mozorroen aurretik, kale garbitzailea eta errauts zabaltzailea joaten dira lehenbizi. Bata, errautsak lurrera botaz, eta, bestea, makil baten muturrean lotutako trapu zahar batekin kalea "garbitzen" aritzeko plantan ibiltzen da. Garai batean, puntan txaketa bat daukan makil luze batekin jendearen aurpegiak garbitzen ibiltzen zen.

Kale garbitzailea, Zalduondo, 2009-02-22. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Lantzeko txatxoak

Koloretako arropa zaharrak, apaindutako kapela konikoak, aurpegia estalita eta, sarri, animalia larruak soinean, lastozko erratzak hartu eta oihuka eta korrika, ingurukoak zirikatzen ibiltzen dira.

Txatxoak erratzekin, Lantz, 2009-02-24. Argazkiak: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Ihabarko moxorroak

Erratza zikintzeko, baino garbitzeko erabiltzen dute Ihabarko moxorroek. Etxez etxe errondan ibili ohi dira eta bidean harrapatzen edo gurutzatzen duten edonor zikintzen edo jotzen dute. Goitik behera zipriztintzen dute lokatzez parean tokatutako edonor, edo erratzarekin kolpatzen dituzte.

Moxorroak erratzak eskutan hartuta, Ihabar, 2015-02-22. Argazkia: Maialen Astigarraga CC-BY-SA