Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Jon Iruretagoiena: "Garai hartan armadak erakusten zien soldaduei dantzan"

Dokumentuaren akzioak

Jon Iruretagoiena: "Garai hartan armadak erakusten zien soldaduei dantzan"

2019/07/02 12:05
Jon Iruretagoiena: "Garai hartan armadak erakusten zien soldaduei dantzan"

Jon Iruretagoiena Zuberoako dantzak erakusten, Errenteria, 2015-06-27. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Hogeita zortzi urte daramatza dantzan Jon Iruretagoienak. Ume-umetatik dantza mundua oso gertuko izan du, aita dantzaria eta dantza-maisua izanda, bera ere segituan erori zela dantzara dio eta hor jarraitzen du. Bizitzaren bideak dantzatik zertxobait apartatzeko beharra eskatu badio ere, dantzatik ezin guztiz aldendu; Zuberoako dantzei buruzko ikerketa amaitu eta bere taldeari segida ematea du helburu. Balletaz eta euskal dantzaz aritu da Iruretagoiena Alaia Martinek eta Pantxis Bidartek gidatutako Zubiak irratsaioan.

Dantzari bezala aurkeztu du Jon Iruretagoienak bere burua, "euskal dantzaria naiz". Balletean aritzen ez bada ere, balleta ez zaio arrotza egiten, "kuriositatez eta gogo handiz gazteago nintzenean ene dantzaren eboluzioan egin nuen ballet pixka bat. Gero, dantzaren ulermen bat izateko bortxaz balletera hurbildu behar da gure dantzak ulertzeko".

Ion Iruretagoiena
Aurreskua, Biarritz, 2017-09-17. Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC-BY-SA

Balleta eta euskal dantza

Dantza mota guztiek bere sistema eta kodeak dituztela azaldu du Iruretagoienak eta balleta guztiz lotzen du ikuskizunarekin, "Balleta antzokirako edo espektakuluak egiteko dantza da. Ez da Euskal Herrian eta Europan edo munduan zehar ikusten diren dantzak bezalakoa. Bestelakoak dira plazetan eta dantzaldietan egiten diren dantzak. Balletaren lehendabiziko funtzioa ikusgarriak egitea da, ballet handiak eta koreografiak egiteko erabilia da".

Euskal dantzaren eta balletaren arteko loturez galdetu diote esatariek Iruretagoienari, baina bere ustez ez dute harreman zuzena. Bai euskal dantza eta bai balleta dantza formak dira eta bakoitzak bere historia eta eboluzioa dutela dio, "gero badira bien arteko loturak, egin daitezke zubiak, urrats franko baitira amankomunak, baina zuzenki trukatzen direla ez dut uste horren erraz esan dezakegunik. Ez nuke esango balletak elikatzen duela euskal dantza, eta ezta euskal dantzak elikatzen duela balleta".

Jon Iruretagoiena Krakovia 2014
Jon Iruretagoiena, Lajkonik erakusketaren kartelaren aurrean. Krakovia, 2014-03-29.

Dantzaren ikerketan

Dantzan eta dantzak irakasten aritzeaz gain dantzaren ikerketari ere heldu dio Iruretagoienak. Zuberoako dantzetan XIX. mendean armada frantsesak izan duen erakina ikertzen ari da, "Garai hartan armadak erakusten zien soldaduei dantzan. Ideia gimnastiko eta fisiko batekin eta ez ideia artistiko batekin. Zuberoan armadan ikasitako urratsak baliatuak izan dira gero bertako ohituretan eta gaur egun ezagutzen dugun Zuberoako dantza moldatu da batez ere armadak izan duen eragin horrekin".

Jon Iruretagoienak ikusi du euskal dantzek balletarekin izan dezaketen lotura ere hari horretatik egiten dela, "Armadak irakasten zuen dantza balletean oinarritutakoa zen, XVIII. eta XIX. mendeko dantza-formetan oinarritutako dantza irakaskuntza ematen zen armadan; eta gero hori guztia Zuberoan eta beste toki batzuetan aurkitu da pixka bat geroago".

Jon Iruretagoiena: Nundik nora 2013
Jon Iruretagoiena Nundik Nora hitzaldi dantzatua eskaintzen Gipuzkoako Dantzagunean, 2013-11-16an. Argazkia: Iñaki Zugasti.

Dagoenetik eta bestearengandik elikatuz

Gaur egun, euskal dantzetan bi korronte edo mugimendu ikusten ditu Iruretagoienak, askok sorkuntzaren bidea aukeratu dutela dio eta beste batzuk dantza berak dituen oinarriekin dantzaren eboluzio bat sortzea. Bera azken horretan kokatuko litzateke. Sortzaile baino, dantzaritzat du bere burua, "Sortzaile izan naiteke, baina nik zerbait sortzen badut ez dut inpresio hori. Sortutako dantzak sortzen dira jadanik badiren beste gauza batzuekin. Azkenean ez dugu gaur egun gauza handirik asmatzen".

Jendea, mundua mundu denetik mugitzen dela dio Iruretagoienak eta berarekin eramaten dituela bere ezaugarriak. Horrela, argi ikusten du euskal dantzak eta beste herrialdetako zenbait dantza oso antzekoak direla. Besteen dantzak ezagutzea ezinbestekotzat jotzen du, "Besteen dantzak nola eraikitzen diren erreparatzea interesgarria baino, beharrezkoa da. Oso interesgarria da beste dantza mota batzuk begiratzea, beste sistema nola eraikia den, batez ere musika eta urratsaren arteko lotura nola eginda dagoen".

Elkarrizketa:

Irratsaio osoa: Balea (Euskadi Irratia, France blue, 2019-06-07)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.