Dokumentuaren akzioak
Zubieta eta Iturengo joaldunak duela 25 urte
Jonmikel Intsausti
Argazki bilduma hau 25 urte betetzen ari da egunotan; 2001eko urtarrilaren 29an, astelehenean, lanean jai-eguna hartuta, hartu nuen autoz Zumarragatik Zubietarako bidea, Tolosa, Leitza, Eratsunerako errepidetik barrena, aspaldidanik interesa pizturik zizkidaten joaldunen aurrez aurre ezagutzera.
Gogoko ditudan tokietara garaiz gustatzen zait iristea, are gehiago ezagutzen ez dudan ingurunea bada. Eta hala egin nuen orduan. Oroimenean dut autoa plaza ondoko bide bazterrean aparkatu nuela; egun lainotua zen, ateri ere eta plazara hurbildu nintzen bertatik hasiko ziren joaldunen pasaera argazkitan ateratzearren. Urte haietan entzuna nuen bai Zubietak baita Iturenek ere, euren herritako erritua zaintzen zutela, eta kanpotarron argazkiak (eta gero turistifikazio basatia bihurtuko zena) gogoko ez zituztela (erabat ulergarria egun gertatu den ereduarekin). Hala, distantzia apur bat mantendu nuen argazkiak ateratzean, eta daitort, ez nuela ariketa errazik egin, ez neure buruari jarri nizkion mugak jarrita seguruenik.
Oroimenean dut ere -irudiak lausoturik gordetzen baditut ere- jende gutxi elkarturik ginela Zubietako plazan; tartean joaldun izango zirenak erdi jantzirik etortzen ari ziren eta erdiko eraikineko behealdean sartzen ziren osorik jantzi eta joaleak gerrian lot ziezaieten. Aitortuko dut banuela gogoa bertan sartu eta irudiak ateratzeko. Ez nuen egin ordea, lotsaz edo muturra behar den tokian ez sartzearren agian. Geroztik telebistan joaldunen janztearen errituaren irudiak ikusiak ditut sarritan, eta zinez ederrak iruditzen zaizkit: tradizio honen atzean prestaketa lanak, bistan geratzen ez direnak, une batez bertakoentzako soilik gordetakoak ...
Plaza ikuslez erdi hutsik, eta argazkilari lanetan jende gutxiago omen ginen orduan. Kontuan izan, sakelako telefonorik bazegoen ere, telefonoek ez zutela argazkiak ateratzeko balio (benetako telefonoak ziren!) eta reflex argazki-kamerak ere ez zirela etxe guztietan aurkitzen ziren gailuak, besteak beste garesti samarrak baitziren.
Halako batean argazki kamera ere soinean zeramala, neu agurtzera etorri zitzaidan (elkarrizketan izena emango zidan) Joxe Lacalle argazkilari etxauriarra (Nafarroako argazkilari trebatua, ARGIA aldizkarian topatuko duzu egin zioten elkarrizketa). – Egun on. – Egun on -erantzun nion. – Egunkarirako argazkiak ateratzeko etorri zara? – galdetu zidan zuzen eta bat-batean nire harriduraz, neuk nire Nikon kamera analogikoa soinean ere jantzita erakusten ari nintzela.
Ezetz esan nion, eta tartean hitz batzuk elkar trukatu genituen (orduan esan zidan Egunkarirako lan egitera zetorrela, biharamunean berak ateratako argazki batzuekin argitaratuko zela ohitura zaharrari buruz artikulu bat euskal kazetan). Fabore bat eskatu zidan gero, joaldunak autoz Aurtiz auzoraino joango zirenez (hara! bide osoa oinez egingo zutelakoan nengoen), Aurtizeraino eraman nezan autoz, bera. Plazan buelta batzuk eman eta joaldunek berrehun bat metroren lana egiten zuten, eta segidan, denborarik galdu gabe, aurrean zituzten ibilgailuak hartu eta bi herrien arteko zati bat aurreztu zuten. Guk ere gauza bera egin genuen. Eta Aurtizen aparkatu nuen autoa.
Joaldunak Aurtiz auzoan dinbili-danbala ibili ondoren, nola egin nuen gogoan ez dudalarik, Iturenera iritsi ginen; Iturenen bai, jende askoz gehiagok okupatzen zuen plaza, eta bi herriotako joaldunak plazan gora eta behera ari ziren, hartzak eurekin bidea egin artean. Mozorrotutako gizasemeak ere, aurpegia estalirik, atsoz jantzitako mozorroak… (ez nintzen ausartu argazki askorik ateratzen).
…
Biharamunean Euskaldunon Egunkariaren alea irrikaz erosi nuen; Joxe Lacalleren argazkiak zeintzuk ote ziren jakin nahi bainuen. Kokapenagatik -ez banaiz oker- Aurtiz auzoko kalexketako batean atera zuen artikuluan goian argitaratutakoa. Bueltatua naiz berriz Zubietara, baina ez joaldunen ikustera: Arantzako zirkuaren Izu, Ekaitza, Mendieder, Mendaur… tontorren bakardaderako abiapuntu gisa. Eta ez, ez dut asmorik urtarril amaieran berriz bertaratzeko. Oroimenean eta diapositiba izandako argazki hauetan geratuko dira gogoan gorde ditudanak.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Jonmikel Intsausti
Lazkaon sortua, Urretxu-Zumarragan hazia eta azkenik oñatiartatua. Aita, informatikari, mendizale, argazki zaletu; historia eta euskal kulturazale, Zuberoarekin izan du harreman estua. Polonian ere jartzen du arreta.
Maskaradak 50 argazkitan
20. Hou Pitxu Hou! - Biarnesarekin jolasean
24. Zuberoako dantzak neskei esker
25. Xorrotx nagusia Pitxurekin lanean
35. Joseba Aurkenerenaren interpretazioa



