Tolosan gorde diren eskola zaharreko moldeak
Tolosako garai bateko eta oraingo dantzariak, Udaberri dantza taldearen bueltakoak asko, elkartu dira Mikel Sarriegirekin Tolosan egin dugun Dantzan Ikasiko saioan. Gipuzkoako dantza-sistemaren inguruan egin duen lana, oraingoan Tolosan zentratuta aurkeztu du. Ikerketan jasotako datuak, testigantzak eta hainbat dantza irudi ekarri ditu, eta informazio horrez gain bertako dantzarien hitzetik eta gorputzetatik ere kontrastatu eta konparatu ahal izan ditugu zenbait kontu eta mugimendu.
Tolosako transmisioaren sarea
Tolosako dantzaren historian esanguratsuak izan daitezken datu batzuk aurkeztu ditu lehendabizi; azpimarratu du Tolosan hainbat informazio dagoela aurrez jasota eta argitaratuta. Lan horietan bildutako zenbait datu aipagarri erakutsi ditu. XVII. mendean bada ezpata-dantzaren aipamen bat eta XVIII. mendean azaltzen dira azeri-dantza, galaien-dantza, alagai-dantza... XIX. mende hasieran, Iztuetaren garaian, Maria Amalia Saxoniako printzesari eskainitako dantzen aipamenak dokumentatuta daude, zenbat aldiz egin zitzaion harrera ezpata-dantzarekin edo bestelako dantzekin. 1840an Iztuetak bere taldearekin eskaini zuen emanaldia Tolosan; 1877an Ordiziako dantzariak izan ziren kontratatuta eta 1913an Jose Lorenzo Pujana bere dantzariekin.
Dantza aipamenen ondoren dantza-maisuen eta taldeen kronologiari begiratu dio. “Harritu ninduen, niretzako bordon-dantza betiko dantza bat zen eta hala da jatorriz. Baina 1970eko hamarkadan berritu zela jakiteak alarma piztu zidan”, horrela, bordon-dantzak eduki duen ibilbidea ere azaldu du Tolosako dantza irudi zaharrekin lagunduta.
Arau orokorrak Tolosan
Aurrekariak kontatuta Tolosako sistema edo dantzakeraren ezaugarriei begira jarri da Sarriegi. Azken hilabeteetan egiten ari garen hainbat saiotan (Elgoibar, Antzuola, Donostia) ikusi dugu hasierako posizio nagusia orpoz orpokoa izan daitekeela; behin eta berriz ari da aipatzen Sarriegi 1960ko hamarkada aurreko argazkietan hala agertzen dela. Mintegira bertaratu diren tolosarrek gurutzekoarekin ikasi dutela diote, baina Tolosako argazki zaharretan dantzariak hankak orpoz orpo dituztela ageri dira.
“Gurutzeko posizioaren antzera Iztuetak ez digu esaten hanka puntak zorroztu behar direnik, gehienez, lurrera begira egon behar dutela”, argazki zaharretan oso punta gutxi ikusten direla dio eta tartean Tolosako argazkia erakutsi du. Belaunekin ere berdina gertatzen dela dio, “argazki gutxi aurkituko dituzue belaunak zuzenduta, malgutasun handia ikusten da. Nire hipotesia da puntak lurrera begira jarrita belaunak okertzen direla”.
Tolosako ezaugarri propioak identifikatzen
“Dantza-maisu zaharren sisteman garrantzitsua ez zen hanka asko altxatzea, garrantzitsua zen 'oin punta' [mugimendua] ondo markatzea. Zenbait kasutan erabiltzen zen apaingarri modura, azeri-dantzan, esaterako, batez ere lasterka jiratuetan eta azkenengo ostikoan” eta 1989an Tolosan sanjoanetan atera zuten soka-dantzako azeri-dantzaren partearen bideoa ipini digu.
Ikusi dugu dantzariak behetik ari direla dantzan, abiadura bizian. “Ez da hanka altxatzeko interesik ikusten eta, gainera, hor musika jota dagoen bezala hanka asko jasota ezin iritsi behar den denboran ixtera. Hanka asko jasotzeko joera nagusitu ahala musikariei mantsoago jotzeko eskatu zaie eta "musika mantsotzearekin energia asko jaitsi da. Apaingarrien erabilerak dantzaren estiloan eragin du bete-betean".
1968ko bordon-dantzako irudiak ikusi ditugu, Jaime Albillosek grabatuak eta Sarriegik Tolosako bordon-dantzan bakarrik identifikatu duen sentzilloa ikusi dugu bertan. Galdutako hari bat ere aipatu du Sarriegik. Iñaki Arregik aipatu zion 1981. urteko Pasaiako Aurresku Txapelketan dantzari oso adineko batek lauarin zaharra izan zitekeenaren antzeko mugimendua erabili zuela. Joxemi Garikano Tolosako dantzariak baieztatu zion Pedro Aierza “Ezkerra” tolosarra izan zela dantzari hura eta laurogei urte beteak zituela; baina ez dute gogoan Pedro Aierzak lauarin hura nola egiten zuen.
Tolosako beste bereizgarri batzuk ere identifikatu ditu, adibidez, sentzilloaren eta lasterkaren aurretik bi urrats emateko ohitura, “hori beste inon ez dut ikusi. Bideo zaharrean ikusten da, beraz, ez da gerora asmatutakoa, urrutitik datorren zerbait ari zarete transmititzen”
Iztuetaren liburutik ateratakoak
Udaberrik ere egin zuen 1980ko hamarkadan Iztuetaren arauen irakurketa eta ikusi dugu irakurketa hartatik abiatuta zenbait mugimendu nola plazaratu zituzten. 1983ko irudietan ikusi ditugu, adibidez, tolosarrek eginiko lauarinen interpretazio ezberdinak.
Muriska jirakoaren kasuan, Iñaki Arregik esana zion lehen aldiz Joxemi Garikanori ikusi ziola mugimendu hori egiten. “Udaberri dantza taldeko tolosarrak hasi ziren 1980ko hamarkadaren hasieran Muriska jiratua berriz ere plazaratzen, Iztuetaren deskribapenetan oinarritutako zenbait mugimenduren berreraiketa egin zutenean”. Garikano mintegian bertan da eta denok ikusi dugu 1983ko bideoan nola egiten zuen. Kandido Pujanaren alabak Sarriegiri kontatu zion bere aitarentzat mugimendu hori inportantea eta zaila zela.
Sarriegik ikusten du orain badagoela obsesioa mugimenduetan dena moztekoa. “Lehengoko dantzakera ez zen horrelakoa, lehen aurreko mugimenduaren bukaera hurrengoaren hasierarekin lotzen zen”. Basauriko bideoan ikusi dugu Soinu Zahar bat dantzatzen Dori Viloria. "Tolosan gorde duzue dantzatzeko modu hori. Jarioa esaten zaio, dantzaria ez da gelditzen berriz hasteko. Eta horretan laguntzen du saltoka dantzatzeak. Tradizio zaharrean ere hala ikusten da” .
Minutua batean zenbat informazio
Saio osoan zehar behin eta berriz aipatu du Sarriegik bideo zahar bat, zenbait adibide hor ikusiko genituela eta goiz osoan zain-zain egon gara. Sarriegiri duela pare bat aste bidali zizkion irudiak Xanti Nazabalek, “harrituta geratu nintzen zenbat gauza ikus daitezkeen minutu eskasean”.
Ez dakigu noizko irudiak diren, 1989an argitaratu zen bi orduko erreportaje batean agertzen diren irudiak omen dira, baina askoz ere zaharragoak dira. Sarriegik agertzen diren mugimendu aipagarriak zerrendatu ditu: zortziko sentzilloa txingokoa, saihets txingokoa, korrika (arkua), lasterka arrastatua, oinpunta saihetsekoa (Iztueta), muriska osoa, besoak gerrian, lasterka prestaketa (urratsak), punta-orpokoa... Eta alderatu ditugu bideoan nola agertzen diren eta egun nola egiten dituzten. Horretarako Xanti Nazabali eskatu dio laguntza.
Saioaren bukaeran ondorioztatu du Sarriegik Tolosako eskola nahasketa bat izan dela, “baina Ordizia, Legazpi eta Pujanatarren eskolatik gertuen egongo litzateke”. Gogoratu du ezaguna eta zabaldua den Donostiako sistemak ez duela kontuan hartu izan dantza-maisu guztien edukia, “Goierrikoa, Gipuzkoako besteak eta galdu diren zenbait mugimendurekin eduki dezakegu sistema osoago bat”. Eta tolosarrei erronka luzatu die, “Udaberri beti izan da aktiboa eta hemen eduki duzuen ibilbide eta tradizioarekin zer ikertua badago. Gutxienez jaso eta ez daitezela galdu”.



