Juan Antonio Urbeltz: "Dantzak mugitzen diren sinboloak dira"

2019/11/12
Juan Antonio Urbeltz: "Dantzak mugitzen diren sinboloak dira"

Soka-dantzen sinbologiaz aritu da Juan Antonio Urbeltz, Iñaki Arregi eta Mikel Sarriegirekin batera eskaini duen "Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldian. Gipuzkoako alkatetzen protokolo koreografikoa den soka-dantza edo aurreskua izan da hizketagaia Dantzan Ikasik Igartza jauregian antolatutako solasaldian. Urbeltz mundu kontzeptualean sartu da, ideien munduan, Argia dantza taldearen planteamenduak sortzen diren inspirazioaren munduan. Bai urbeltz eta bai Arregi "Dantzak mugitzen diren sinboloak dira" esalditik abiatu dira.

Sokan-dantzak gurean eta munduan

Euskal Herriko soka-dantzek eta Europako beste lurraldeetakoek dituzten harremanak azaltzen hasi da Urbeltz; "Oso zabalduta dagoen eredua da, modu askotan garatzen da. Sarri ikusten dira zubiak. Berezitasunak baditugu guk edo alderantziz". Bulgarian esaterako sokan ordena jakin bat mantentzen dutela beti azaldu du: gizon zaharrak, ezkonduak, andregaia dutenak, andregairik ez dutenak eta gero soka batekin emakume helduak, ezkonduak, gizongaia dutenak, gizongaia ez dutenak. Bretoiek, berriz, adinekoak kokatzen dira hasieran eta bukaera-bukaeran haur txikiak joaten dira.

Iñaki Arregi, Jua Antonio Urbeltz eta Mikel Sarriegi. Soka-dantza politikoa hitzaldia, Beasain, 2019-10-17. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Aurrendariak eta azkenkiak ere askotan ageri direla dio, beste izen batzuekin, noski. Grezian adibidez, azkenkiari antikristo izena ematen zaiola dio, "beraz, antikristoa bukaeran bada, kristok sokaren buruan egon behar du". Grezian zubien azpitik pasatzean idien moduan uztarriari eutsita daudela diote. Sinbolo hori Zuberoako Branlean ere agertzen dela dio Urbeltzek.

Testuinguruari begiratuta, soka-dantza ohikoenak gazteek igandeetan edo festa egun handietan ondo pasatzeko eta neska eta mutilak harremantzeko dantzatzen zituzten dantzak izan direla dio. Hala ere Juan Inazio Iztuetak hainbat soka-dantza izendatu zituen: gizon-dantza, etxekoandre-dantza, esku-dantza galaiena, esku-dantza neskatxena, edate-dantza... Iztuetak soka-dantzen Goierriko herrien loturen inguruko datuak ere aurkezten ditu eta lotura horien irudia erakutsi du Urbeltzek. Lotura horien inguruan, Mikel Sarriegik hitz egingo du.

Azeri-dantza

Soka-dantzan hainbat sinbolo ikusten ditu Urbeltzek, baita animaliak ere. Azeri-dantzaren edo abarketen partean, dantzariek batak bestearen atzetik dantzatuz bizi-bizi, azeria biraka irudikatzen dutela dio, "Azeria korrika ari dela konturatzen da goitik arranoa datorrela, erritmoa ez du aldatzen eta arranoaren hegoek egindako itzala alde banatan sumatzen duenean bira azkar bat ematen du, muturra ipurdira hurbildu du eta biraka hasten da. Arranoa nahastu egiten da, orain ikusten duen animalia beste bat baita. Ez da atrebitzen borobilean mugitzen ari den hori harrapatzera".

Soka-dantza politikoa hitzaldia, Beasain, 2019-10-17. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Soka eta ehungintza

Ehungintzari lotutako sinboloak ere ikusten ditu soka-dantzan Urbeltzek, "Soka-dantzak hirugarren zenbakian deskantsatzen du, hiru zenbakiarekin haria egiten da. Haria ez da bi zuntzekin egiten, tiratzen badugu zuntz bakoitza bere lekura joaten baita. Hirurekin egiten da, bat erdian eta beste biak bere inguruan. Hori sendotzeko modu bakarra, atzeko zatia korapilatu eta aurreko zatia korapilatzea da". Hori soka-dantzan irudikatzen dela dio, lehenengo zubia aurreko korapiloa da eta bigarren zubia, atzeko korapiloa, "Horrela inork ez du soltatuko soka".

Ehuna eta destinoa lotuta daudela ere kontatu du, baita bizitza ere, "Greziako mitologiako hiru Morak, batak haritu egiten du besteak, ehundu, bizitza izango litzatekeena eta azkenak moztu egiten du bizitzako haria". Askotan zubiak herritarrak baztertzeko tresnak zirela esan ohi da, baina irakurketa hori okerra dela dio Urbeltzek. Soka, herritarrak batzeko korapiloak direla uste du.

"Soka-dantza, koreografia politikoa" hitzaldiaren kronika hiru ataletan argitaratuko dugu. Hurrengo atalak:

  • Iñaki Arregi: "Alderdi guztietako ordezkariak eskutik helduta joatea lortu genuen"
  • Mikel Sarriegi: "Gure interesek eta Ikerfolken nahiak bat egin zuen"