Lehen zartakoa: bi pitzadura Gipuzkoako dantzen tradizioan
Lau hilabetetan sakabanatuta, liseriketa egin ahal izateko saio batetik bestera hilabeteko tartea hartuz joan da aletzen Gipuzkoako dantzak, jatorria, estiloak eta bilakaera izeneko ikastaro edo desikastaroa Dantzan Ikasin. 2015eko azaroaren 21ean egin genuen lehen mintegia Gipuzkoako Dantzagunean: Gipuzkoako dantzak I. Sarrera historikoa eta Gipuzkoako taula gimnastiko koreografikoa izenekoa. Eta hor iritsi zen lehen zartakoa, bi pitzadura nabarmen agertu baitzitzaizkigun gure Gipuzkoako dantza maitatuen tradizioan.
Oier Araolazak egin zuen ikastaroaren sarrera eta testuingurua aurkeztea. Dantzan Ikasi abian jarri zen lehen urtetik (2009) aurreikusita zegoen Gipuzkoako dantzen dekonstrukzio ahalegin hau, baina aitortu zuen ez zekiela gai honekin inork interesik izango ote zuen eta honenbestez ikaslerik hurbilduko ote zen. Zazpigarren urtean ostera, ikusita badela dantza irakasle multzo eder bat Dantzan Ikasiko saio gehienak jarraitzen dituena, eta han hemenka askorekin izandako elkarrizketetan gai honekiko jakinmina sumatuta erabaki da 2015-2016 ikastartean ausartzea.
"Ez da ohiko ikastaroa, ez da ikastaro erosoa. Ikasi baino desikasi, eta ditugun ziurtasun apurrak kolokan jartzera dator", beraz, hori guztia kontuan hartuta, harrituta eta pozarren agertu zen Araolaza ikastaroak izandako harreraz, izen-ematean eta lehen saioan —ikastaro osoan bezala— Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako dantzari eta dantza-irakasle talde ederra bildu zela ikusita.
Bi galdera eta hainbat aurrekari
Ikastaroan bi galdera nagusi planteatzen zirela aurreratu zuen Oier Araolazak, eta galdera horien inguruan arituko zirela lau saioen bidez:
- Gipuzkoako dantzen singularitatea nola esplikatzen da? Nola ezkontzen da Gipuzkoako dantzetan antzematen den eite akademikoa herri tradizio izaerarekin? Sinesgarria al da ahaiderik gabeko dantza tradizio isolatua moduan aurkeztea? Noiz sortua da Gipuzkoako dantzen tradizioa eta nondik eratorri da?
- Zer gertatu da Gipuzkoako dantzaerarekin azken 50 urtetan? Zeintzuk dira dantzakera horretan gertatu diren transformazioaren ezaugarriak, eta nork eta noiz eraginak izan dira?
Bi galdera hauek aspaldi jarriak zeudela mahai gainean, eta ikastaro honen aurrekarietako batzuk aipatu zituen Oier Araolazak bere sarreran:
- 1987 Ikerfolk-ek antolatuta Errenazimenduko dantzen ikastaroa egin zen Claude eta Lou Flagel-ekin Donostia.
- 1994 Juan Antonio Urbeltzek Gipuzkoako dantzen jatorria argitzeko orain arte egindako ahalegin sendoena argitaratu zuen Bailar el Caos liburuan.
- 1998 Iñaki Arregik —Urbeltz, Aristizabal eta Larrearen laguntzarekin— Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko-koreografikoa argitaratu zuen
- 2005 Gasteizko Udal Folklore Eskolak antolatuta Berpizkundeko dantzen ikastaroa egin zen Carles Mas-ekin Gasteizen.
- 2009 Mikel Sarriegik Gipuzkoako dantzakera zaharrera egindako lehen hurbilketaren berri eman zuen Dantzan Ikasin antolatutako Goierriko dantzen ikastaroan.
- 2014 Jon Iruretagoienak Zuberoako dantzakeraren eraikitze eta elikatze prozesua aztertu du Nundik Nora ikuskizunaren bidez.
Berpizkundeko dantza-maisuetatik Iztuetara
Lehen pitzaduran sakontzen hasteko Berpizkundeko dantza-maisuen testuingurua, sistema koreografiko eta pedagogikoak, eta XVI. mendetik XVIII. mendera 
Berpizkundeko dantza-maisuen ondarearen aztarnak tokian-tokiko herri tradizioetan identifikatu dituztela hainbat ikertzailek, eta horien artean Ingalaterrako morris dantzak, Balkanetako eta Greziako dantzak, Italiako Tarantalla, Eskola Boleroa eta euskal dantzak aipatu ohi direla. Hain zuzen ere, azken aurreko horri, Eskola Boleroari heldu zion, gaur egungo Espainiar dantza eta flamenkoaren aurrekari izan den Eskola horretan argi ageri delako Berpizkundeko Dantza Maisuen sistemaren jarraitasuna, eta horren erakusgarri, aurretik Dantzan.eus-en argitaratu zen bideo bat ikusteko aukera izan zen: Leandro anaiak dantzan, eskola boleroaren azken dantza-maisuak.
Gipuzkoako dantzakera
Jatorriari buruzkoak alde batera utzita, azken 50 urteetan Gipuzkoako dantzakerarekin gertatu den eraldaketaren gaia jarri zuen mahai gainean Oier Araolazak ondoren. Ikastaroaren bigarren gaia Goizaldiren dantzakeran gertatutako eraldaketa, eta horren hedapena eta estilo zaharraren ia-desagertzea argitzen saiatzera zetorrela adierazi zuen. Hau azaltzeko bideo bat baliatu zuen, eta bideo hori aletuz joan zen identifikatzen eraldaketa hori agerian jartzen duten hainbat adibide. Bideoa egun batzuk lehenago Dantzan.eus-en argitaratu zen, ikastarora begira lur-eremua ongarritzen joateko asmoz. Hauxe da:
Segidan, ikastaroa osatuko zuten lau saioak aurkeztu zituen Oier Araolazak. Eten bat egin arropak aldatzeko eta Dantzaguneko dantza-gela ederrean sartu ginen denok, lehen saioaren bigarren zatiari ekiteko.
Taula gimnastiko-koreografikoa
Ondoren, Iñaki Arregik, alboetatik Jexux Larreak eta Fernando Aristizabal-ek babestuta, Argia taldeko dantza-maisuek Gipuzkoako dantzen oinarrizko egitura koreologikoaren inguruan 1998an egindako Taula-gimnastiko koreografikoaren abiapuntua, oinarriak eta azalpen praktikoa eskaini zituen.
Argiak 1972an Gipuzkoako dantzen inguruan egindako monografikoa, Flageldarrekin Errenazimenduko dantzen inguruan egindako ikastaroa, Urbeltzek Berpizkundeko dantza-maisuen eta Iztuetaren lanei buruz egindako berrirakurketak, Guilcher eta Guillard frantziako dantza ikertzaileen ekarpenak, Goizaldin, bereziki Iñaki Gordejuelakin jasotako formazioa, eta Iztuetatik gaurdaino, han eta hemen ezagutu dituzten dantza-maisuen legatua Frantziako akademia militarretatik eratorritako dantza-maisu eta prebosten sistema koreologiko eta pedagokoarekin uztartzeko ahaleginen ondorioa da Jira Galdua aldizkarian, Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko-koreografikoa izenburuarekin argitaratu eta hainbat ikastaroren bidez zabaldu zen eredua.
Urrats, aldaira eta dantza progresioaren inguruko azalpenak emanda, eta sistemaren hainbat ezaugarri tekniko azalduta, zenbait urratsen inguruan egindako gogoeta eta hautuak azaldu zituen praktikoki Iñaki Arregik. Sentzilloarekin, Iztuetak deskribatzen duen sentzilloa praktika koreografikoan ageri zenarekin lotzeko egindako ahalegina grafikoki azaldu zuen adibidez. Iztuetak aipatu arren tradizioz iritsi ez diren beste zenbait urrats, zorrotzak eta jira-galduak adibidez, noiz, nork eta nola berrasmatu zituen azaldu zuen, argi utziz interpretazio ahalegin bat direla. Bereziki JIra Galduaren kasuan, Argiak egindako proposamena baita, Iztuetaren deskribapena eta tradizio koreografiko desberdinetan dauden antzeko urratsak lotuz.
Hurrengo saioek zer eman zuten jakiteko gogoz geratu zara? Ba hurrengo kapitulua argitaratu arte itxaron beharko duzu! ;-)