Ikastaroa: Lau urrats eta kitto!

2020/11/23
Ikastaroa: Lau urrats eta kitto!

Ikasturte honetarako aurreikusitakoari jarraiki, bigarren saio honetan umeekin dantza tradizionala lantzeko eredu bat aurkeztuko dute Claude Iruretagoienak eta Jon Olazkuagak. Dantza tradizionala umeekin lantzeko proposamen eta baliabideak emango dizkigute Maritzuli konpainiako dantza-maisuek.

Lau urrats eta kitto!

Maritzuli konpainiak urte luzez landu duen eta lantzen jarraitzen duen euskal dantzaren errepertorioaren irakaskuntzan eta transmisioan egindako bidea laburbiltzen du ikastaroaren izenburuak. 1996an estreinatutako Ixtorio Mixtorio ikusgarriaren prozesuan du abiapuntua Lau urrats eta kitto! izeneko formazio jarduerak, eta orduan garatutako ereduan sakontzen jarraitzen dute gaur egun ere. Lau urrats eta kitto! oinarrietara jotzeko deia da. Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu dezaketela umeek erakutsiko digute. Urrats horiek ikasiz eta bakoitzarekin egin daitezkeen dantzak jorratuz umeekin egindako ibilbidea aurkeztuko da ikastaro honetan.

Claude Iruretagoiena (Baiona, 1960)

Betti Beteluren ikaslea, Juan Antonio Urbeltzekin sakondu zuen irakaskuntza, eszenaratze eta koreografia tekniketan. Zortziko eta Alakiketan ikuskizunetan parte hartu zuen, eta 1992an bere lehen lana, Xirula Mirula plazaratu zuen. Hainbat eskualdetako dantza-maisuekin euskal dantza tradizionalaren errepertorioaren ezagutzan sakondu zuen. Horrekin batera, Bearnoko branleak, schottish, polkak edota Gaskoinako dantzak ikasi zituen. 1995ean Pier Pol Berzaitzek sortutako Elkanoren semeak ikuskizun musikala eszenaratu eta koreografiatu zuen. Suitzako Nomades-LE Loft Vevey konpainiarekin Courrier du Pacifique ikusgarria landu zuen. Jantzi tradizionalak eta historikoak egiten ditu Irulea elkartearen baitan. Hamaika ikastaro eman ditu eta EDBren dantza irakaslea izana da. Besteak beste Argia-Ikerfolk, Malandain Ballet Biarritz, Biarritz Culture, Garazikus, Institut Culturel du Pays Basque eta Iparraldeko Dantzarien Biltzarrarekin egin ditu lankidetzak. Berak zuzentzen duen Maritzuli konpainiarekin hainbat ikuskizun taularatu ditu: Ixtorio Mixtorio (1996), Ingura Mingura (2000), Côté Cour... Côté Jardin... (2004), Kutx ala Pil? (2005), Aurrez aurre (2009) eta Nundik Nora? (2014). Horretaz gain azken urteotan abian jarritako Biarritzeko San Martin ezpata-dantza, Biarritzeko inauteriak eta Donibane soka-dantza tradizioen sortzaile eta sustatzaile nagusienetakoa da.

Jon Olazkuaga Garibal (Donibane Lohizune, 1995)

Ziburuko Bixintxo dantza taldean hasi zen dantza ikasten 6 urterekin, eta Donibaneko Begiraleak eta Hendaiako Akelarre dantza taldeetan ere aritu zen gerora. 2010ean Maritzuli Konpainiako Aurrez Aurre ikuskizunean parte hartzeko aukera izan zuen, eta geroztik Claude eta Jon Iruretagoiena dantza maisuekin dantza eta jantzigintza formakuntza segitu zuen, euskal dantzen aberastasuna eta haien sinboloen eta historiaren sakontasuna deskubritzen. Gaur Akelarre dantza taldean eta Maritzuli Konpainian dantza irakasle gisa ari da. Maritzuliko Nundik Nora eta Lau Urrats eta kitto! zein Argia taldeko Martin Zalakain ikuskizunetan dantzan aritu izan da. Maritzuli Konpainiako azken lanetan hasi zen koreografiaz eta jantzigintzaz arduratzen Claude eta Jon Iruretagoienarekin batera. 2016az geroztik XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen Pamperruque izeneko karrika-dantza ikertzen jardun du.

 

Ikastaroa: Lau urrats eta kitto (I, II, III eta IV)

  • Irakasleak: Claude Iruretagoiena eta Jon Olazkuaga (Maritzuli)
  • Datak:
    • 2020ko azaroak 28, larunbata
    • 2021eko urtarrilak 9, larunbata
    • 2021eko otsailak 27, larunbata
    • 2021eko martxoak 13, larunbata

 -----------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.