Lantzeko zortzikoaren historian sakontzen eta dantzakera zuzentzen
Lantzeko zortzikoaren inguruko ikastaro teoriko-praktikoa izan dugu Bizkai Euskal Folklor Elkartearen eskutik. Sabin Egigurenen eskutik Lantzeko zortzikoren historia eta zabalkundea ezagutzearekin batera, urratsak, egitura eta estiloa landu ditugu Egiguren bera eta Ane Galloren eta Itxasne Ulloaren laguntzaz.
1960ko eta 1970eko hamarkadetan Lantzen ikasi zuen zortzikoa dantzatzen Egigurenek eta bera izan zela lehengoa Euskal Herriko beste txokoetan dantzatu edo irakatsi duena kontatu digu. Kontatu digu, Fermin Martikorena Lantzeko txistulariarengandik asko ikasi zuela. Txistularia arrebaren heriotzagatik doluan zegoen eta ez zuen ez dantzatzen ez musika jotzen, baina bere semeak bai eta dantzatzen grabatu zuten. Lantzera hainbat bisita egin ondoren, 1973an, Basauriko Euskal Herriko II. Dantza Agerketan aurkeztu zuten Lantzeko ihauteria eta Dantzari aldizkarian argitaratu zuten doinuaren partitura.
Egiguren kezkatuta agertu da Lantzeko zortzikoa desitxuratzen joan delako. Hainbat jai eta erromerietan dantzatzen da, baina ez Lantzeko nagusiek dantzatzen zuten modura. Lantzen bertan ere, dantzakeran aldaketak antzematen dizkie gazteei. Ikastaro honetan saiatu gara, 1960-70eko hamarkadetan Lantzen dantzatzen zen estilora gerturatzen, Egigurenek orduan ikasi zuen modua erakutsi nahi izan digu.
Lantzen urratsak izendatzen ez badituzte ere, irakaskuntza errazteko Egigurenek zortzikoaren bi zatiak honela izendatzen ditu: luzea eta bueltak. Sabin Egigurenen aginduetara eta Ane Gallo eta Itxasne Ulloaren urratsak jarraituz dantzatu ditugu bi zatiak aurrena ispiluari begira. Behin barneratu ditugunean, borobilean kokatu eta musikarekin dantzatu dugu zortzikoa.
Bata bestearen atzetik errepikatzera bultzatu gaitu Egigurenek, detailerik txikienari ere garrantzia ematen dio eta behin eta berriz zuzendu gaitu. Horrela ikasten dela dio, errepikatuz eta zuzenduz. Urratsei besteko garrantzia ematen dio Egigurenek estiloari ere.
Bukaeran, Lantzeko inauterietako zenbait irudi proiektatu ditu Egigurenek. Irudi horietan Lantzeko ihotearen festaren prestaketa lanetatik hasita, Miel Otxin egiteko lanak, puska-biltzeak, jatorduak, mozorroak janzteak eta kalejira, zortziko eta jota dantzaldiak ikusteko aukera izan dugu.