Lapurdiko inauterien lehenaz eta orainaz Thierry Truffautekin
Thierry Truffaut antropologoa Lapurdiko inauteriei buruz aritu zitzaigun Dantzan Ikasi programaren bidez Koldo Mitxelena Kulturunean eskainitako hitzaldian. XIX. mendeko inauterien ezaugarriez, horian galeraz eta ondorengo berreskurapenaz aritu zen. Testu zaharretako aipamen eta debekuak ekarri zizkigun hasieran eta ondoren zuzeneko iturriak erabili zituen. Argazkiei, grabatuei, bideoei eta Truffauten azalpenei esker Lapurdiko inauterietara gerturatu ginen.
Hizlariak nabarmendu nahi izan du egun mantendu den tradizioak, dantza herriarekin bizitzeko asmoa duela. Inauteriak etxe barruraino iristen dira Lapurdin, herritarrak harremantzeko modua da. Erritu soziala da, ez da ikuskizuna, herritarrek herritarrentzat egiten duten festa baizik.
XIX. mendeko inauteriak
Inauterietako deskribapen zaharrenak XIX. mendekoak ditugu, baina bada aipamenik Erdi Aroko zenbait dokumentutan ere. Garai hartako inauterietan nabarmentzekoak dira, entzierroak, maskarak eta mozorroak, antzara jokoak, etxez etxe egindako kuestazioak, karnabalaren edo Saint Pansard-en hiltzea, hartza eta, nola ez, kaskarotak.
"Ostegun gizenetan" ohikoak ziren Baionako kaleetan zezenen entzierroak. Dokumentu zaharretan, maskarak eramateko edota kalean musika egiteko debekuak topa genitzake. Festak antolatzeko ardura zuten gazte maiordomoek, berriz, antzara jokoak antolatzen zituzten eta urteko lehenengo festak inauteriak izan ohi zirenez orduan izaten ziren lehengo jokoak. Inauterietan ondo jan behar zela eta, haurrak eta gazteak eskean ibili ohi ziren, askotan, jateko aukera handirik ez zuten horientzat. Kaskarotei buruzko testigantza ugari topa daitezke XIX. mendean, lehenengo irudia 1823koa da. Bestalde, festen amaieran bazen inauteriak irudikatzen zituen panpina tripa handi erraldoia, hori kondenatu eta erretzearekin bukatzen ziren festak.
XX. mendeko lehenengo erdia
Zezenak, Saint Pansard-en hiltzea eta kaskarotak mantendu egin ziren hurrengo mende hasieran ere. Saint Pansard ez ezik, zezenak ere hiltzen zituzten eta haragia pobreentzat izaten zen, inauterietan behar bezala jateko. Baina, kaskarotak izan dira Lapurdiko inauterietako tradizio polit eta garrantzitsuena. Eskean dantzan aritzen ziren kaskarotak, gehienetan kintoak izaten ziren. Inauterietako erritu hori, igarotze errituetan koka genezake, kaskarotek ume izatea utzi eta gizon izateko pausoa egiten baitzuten. Orduan ia herri guztietan zeuden kaskarot taldeak, baita auzoetan ere. Asko, eskera hiri handiagoetara joan ohi ziren.
Hartzak ere badu presentzia Lapurdiko inauterietan, 1953ko irudi bat erakutsi zigun. Urte gutxi batzuk geroago, 1960ko hamarkadan edo galdu egin zen pertsonaia.
1965-1987, interes berriak
1960ko hamarkadan ohitura gehienak galtzear zeudela, "Revivalism labourdin" deituriko kontserbazio eta modernizazio garai berrian murgildu ziren Lapurdiko inauteriak. Truffaut bera protagonistetako bat izan zen jaien berreskuratze eta berpizte lan horretan. Lapurdiko inauterien inguruko ikerketak hasi zituzten eta pixkanaka hainbat ikuskizunetan inauterietako ezaugarriak txertatzen hasi ziren. Kaleetan inauterietako kortejoak ateratzeko ahaleginak ere egin ziren. Besteak beste, Lapurdiko inauterien berreskurapenean nabarmentzeko pertsonak dira Truffautekin batera, Betti Betelu, Jean Michel Guilcher, Juan Antonio Urbeltz, Pierrot Gil edota Claude Iruretagoiena. Ezin aipatu gabe utzi, Oinak Arin, Begiraleak, Argia, Akelarre edota Lapurtarrak taldeak, aipatutako protagonistak dantza talde horien bueltan ibili baitziren lanean.
Egungo inauteriak
Pixkanaka, galtzen joan ziren kaskarot taldeak berriro ere sortzen ari dira. Uztaritzen, Beskoitzen, Biarritzen, Kanbon... kaskarotak irteten dira. 1960ko hamarkadan galdu zen hartza ere, orain, herri askotan irteten da: Beskoitzen, Itsasun, Azkainen, Getarian, Senperen, Biritaun, Saran... Eta guztiz galdu ziren beste pertsonaia batzuk ere agertu dira zenbait lekutan, jaun-andereak esaterako. Musika instrumentuei dagokienez ere, lehen erabiltzen zituztenak berriro erabiltzen hasi dira: biolina, ttunttuna...