Kontra-dantza, kadrila edota polka bereizten

2017/01/20
Kontra-dantza, kadrila edota polka bereizten

Motz geratu zitzaigun Claude eta Jon Iruretagoiena aita-semeek kontra-dantzen inguruan Beasaingo Antzizar kiroldegian emandako kontra-dantzen sistemari buruzko ikastaroa. Beasaingo udalak babestua, itxi egin behar izan genuen izena emateko aukera jasotako eskaerak gaindituta. Herrian bertan antolatutako aukerari muzinik egin ez zioten beasaindarrei, ingurukoez gain, haragoko jendea batu zitzaien, Iruñea, Gasteiz edo Lekeitio aldetik ere etorritakoekin. Guztira 50 lagunek bete-bete egin zuten aretoa.

Ion eta Claude Iruretagoiena, Beasainen kontra-dantzen ikastaroa ematen. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Kontra-dantzen ustezko edota itxurazko sinpletasunetik harago, mugimendu eta aldaera aberatseko sistema bat ireki ziguten dantza-maisu lapurtarrek. Horrekin batera, Euskal Herriko beste probintziatako hainbat dantzetan, oharkabean, ditugun kontra-dantza eta kadrilla ereduak ikusi genituen. 

Zenbait izen eta kontzepturen gaineko azalpenekin ekin zion Jonek ikastaroari. Kontra-dantza izena ingelesezko country dance izenetik abiatuta, dantzon bilakaera azaldu zuten Iruretagoienatarrek. Bikoteka, elkarri eskutik helduta soka osatu eta oinarrizko urratsak eta aldaerak landu genituen elkarren atzean jarrita. Haien ikuskizunetan erabilitako doinuak oinarri genituela ("Aurrez aurre" edota "Nundik nora"), simple eta double urratsak tartekatuz zirkuluan eboluzionatuz joan ginen long way erako kontra-dantza lantzeko. Oinarrian sinplea zirudienak, izenari kontrajarriz, lanak eman zizkien ikasleei proposatutako segida jarraitu ahal izateko. Bide horretan hamar urteotan Euskal Herrian hedatu den txapeloaz gisa ezagutzen dugun dantzaren oinarrian dagoenaz ohartarazi gintuzten. 

Kontra-dantzen ikastaroa Beasainen. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Jarraian bikoteak elkarren parean jarriz, gehienoi ezagunak egin zitzaizkigun mugimenduak errepasatu genituen laukotean karratu forma osatuz, kontra-dantza frantsesei tarte eginda oraingoan. Aukerak buruak eman ahala bestekoak izan daitezkeela ikusi genuen, eta barneraturik ditugun zenbait mugimenduren aldaerekin jolastu genuen, izan ere nahasmendurik ere sortu zuen hain barneratu ditugun moldeak apurtzeak (apurtzeko ahaleginak...). Hala, zenbait mugimendu ohikoenak identifikatuz joan ginen eta izena jarri genien hala elkar agurtzeari (présenter edo allemande, moduaren arabera), bikotean ardatzaren gainean emandako bueltei (balancer), 8 forma hartzen duen mugimenduari (le queue du chat) edota zigi-zaga egiteari (chaîne anglaise). Bide horretan, kontra-dantzen sistema hainbat dantzaren oinarrian dagoela ikusi ahal izan genuen: Gipuzkoako brokel-dantzaren zikloan (bereziki uztai-handien dantzan), Eltziegoko dantzetan, etab.

Ildo horretatik, lau bikoteko unitateetan beste hainbat eboluzio egiten hasi ginen: kadrilak. Oro har, Lapurdiko eta Behe Nafarrroako hainbat inauterietako dantzen bidez hedatu dira Euskal Herrian kadrilak. Kontra-dantza izenaz ezagunak ditugun arren berez kadrilak direla azpimarratu nahi izan zigun Claudek, eta horrela beharko genituzkeela deitu. Polka izenarekin ere identifikatu izan dira sarri erabilitako musika dela eta. Koreografia aukerak musikak bestekoak izaki, 1995ean Lekorneko kabalkadarako apropos sortutakoa (gerora "Aurrez aurre" ikuskizunerako berreskuratu zena) muntatzea proposatu ziguten. Ez zen erronka makala izan... Azalpenak entzun eta mugimenduak errepikatuzeboluzio guztia osatzea lortu genuen, gutxi gora behera, laukiak erronbo eta borobilak obalo bihurtuz! Baina ahaleginean ongi pasatu genuenik ezin uka. Hiru orduen muga gaindituta goizak ez zuen gehiagorako eman.

Claude Iruretagoiena, Beasainen Dantzan Ikasiren kontra-dantzen ikastaroa ematen. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan.eus CC BY-SA

Laburbilduz, giro atseginean, kontra-dantzen sistemaren oinarria izkiriatzen ahalegindu ziren Iruretagoienatarrak, beste inongo xederik lanketa sakonagoa eskatuko lukeela agerian utziz. Era berean dantza hauek izan duten bilakaera eta hedapenak behar bezala besarkatzea zailtzen dute, baina kontrara, dantza irakaslearen lanketa propiorako bidea eta tartea uzten du bereziki. Etxeko lanekin joan ginen denok etxera beraz.

----------------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.