Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak aletzen Sarriegirekin
Gipuzkoako dantza sistema aztertu du Mikel Sarriegik hiru hamarkadatan eta Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua liburuan jaso; lan hori atalez atal azaldu digu Dantzan Ikasin.
Guztira goiz osoko zazpi saio izan dira, Eibarren eta Beasainen. 2024ko iraila eta 2025eko apirila bitartean egin diren ikastaldietan, oinarri teorikoak jaso eta praktikan probatzeko aukera ere izan da.
Zehazki honako hauexek izan dira zortzi saiotan begiratu eta landu ditugun gai nagusiak:
- I. Puntuak eta Aldairak
- II. Aurrekariak. Dantzatzeko erregelak ea arau orokorrak: Sarrerak, Itxierak eta Deiak
- III. Dantza-maisuak.
- IV. Sentzilloak eta Paseoak. Lauarinak eta Lasterkak
- V. Muriskak, Ostikoak, Txingoak, Oinjirak eta Pausoak
- VI. Arau koreografikoak, eta lotura historikoak
- VII. Ondorio orokorrak. Laburpena eta Sistematizazioa
Hogeita bost urtez mamitutako ikerketaren ondoren, Iztuetak idatziz jaso eta hainbat dantza-maisuk ahoz transmititu dituzten Gipuzkoako dantza-sistemaren gakoak azaleratzen joan da. Egungo dantza-maisuen dantza hiztegia eta gramatika bildu eta osatu ahal izan ditu, eta horri esker, dantza-mugimenduen sistematizazio baterako proposamen berri eta osatuago baten oinarrizko azalpenak landu ditu Sarriegik.
Ikerketa lanean Sarriegik bide-lagun izan zuen Carles Mas antzinako dantzan adituak ere parte hartu du azalpen teorikoak eta praktikoak osatuz.
40 bat dantzari ibili gara larunbat goizetan ustez ezaguna zitzaigun Gipuzkoako dantza sistema deseraiki eta berreraikitzeko lanean. Sarriegiren azalpenak jaso eta hainbat urrats dantzatzeaz gain dantzarion topaleku ere izan da ikastaroa.
Ikastaroan Gipuzkoako dantza sistemari modu orokorrean erreparatu diogu, baina herriz herriko berezitasun eta xehetasunen bila herrietan mintegiak ere egin dira Mikel Sarriegirekin eta herrietako dantzariekin. Elgoibar, Antzuola, Tolosa, Donostia eta Errenterian, esaterako. Aurrera begira ere aurreikusita daude beste zenbait herritako saioak.