Berastegiko dantzak Beasainen

2018/03/02
Berastegiko dantzak Beasainen

Motz gelditu zitzaizkigun Berastegiko San Joan dantzak ikasteko aurreikusitako bi saioak. Bistara berezi egiten zitzaizkigula esana genuen baina, gure hanka eta gorputzetan probatu ostean ez dela doako deskribapena esan dezakegu lasai asko. Bi Nazabaldar espero genituen, Jesus eta Xanti aita semeak, baina hirugarren bat ere etorri zen: Jesusen anaia Joxe. Bideoz ikastaroa grabatzera etorria, kamara, ordea, abandonatu xamar izan zuen denborarik gehienean eta eredu lanetan ere aritu zen Joxe, Jesus eta Xantiri lagunduz.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Jesusek hartu zuen hitza hasieran eta Berastegiko dantza hauei buruzko testuingurua eta ezaugarri nagusienak kontatu zizkigun. Kapitainaren garrantziaz aritu zen, duen arduraz eta horregatik ez duela edozeinek postu horretan dantzatzen. Dantza nahiko fisikoak direla ere abisatu zigun. Sei bikotek eta kapitainak osatzen dute taldea, hamairukotea alegia, eta pausurik gehienetan lerroen arteko ispilua eginez dantzatzen dela. Zikloa osatzen duten zortzi dantza izendatu zituen: paseoa plazan sartzeko, lauko txikia eta kontrapaseoa, kapitain-dantza, zorri-dantza, seikoa, brokel-dantza eta belauntxingoa.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Paseo-ko urratsa eta kapitainarena ikastean zegoela gakoa kontatu zigun Jesusek. Xantik berriz, txistularia ere izaki, musikariak dantzatzen ere jakitearen beharra nabarmendu zuen abiadura aldaketak behar bezala markatu eta dantzariari lagundu ahal izateko. Herriko mutil gehienek dakizkite dantzok, eta badira pare bat urte neskek ere parte hartzen dutela abuztuan San Lorenzo egunez udaletxe plazan ematen diren dantzotan.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Sarrerako hitzak bukatuta deia ikasten hasi ziren gure lehendabiziko izerdiak: besoak goian eustea eta gerria behar bezala mugitzea ez ziren erronka makalak. Jarraian bi lerro osatu eta paseoari ekin genion. Hanka, soin zein beso, denak behar dira behar bezala koordinatu paseoko zortzikoa menderatzeko. Jesusek, belauneko lesioa medioa, ez omen zuela askorik dantzatuko esana zigun, baina ez belaun minduak, ez praka bakeroek ere ez zioten etengabe arintasunez eta indartsu mugitzea eragotzi. Lehenengo ahaleginen ondotik Joxe pasa zen kapitainaren lanak egitera eta Xantik txistu eta danbolinari kolpe egin zien musikaz laguntzeko Jesusen begirada eta agindupean.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Lauko txikia eta kontrapaseoa etorri ziren atzetik. Deiaren atzetik kanpoko hanka astintzen hasten da, beti ere ezkerrean ala eskuinean zauden ahaztu gabe beraz. Laukoteka biratzen da birritan eta deiaren atzetik kontrapaseoa etorriko da, talde osoak iturri erako desplazamendua eginez: kapitaina bi lerroen erditik dela, hauetariko bakoitza kanpotik atzera eta barrutik berriz hasierako posizioara buelta. Deia berriz bukatzeko. Izerdialdiak ez zuen etenik. Joxe ere ordurako kamiseta hutsean zebilen eta Jesusek ere txalekoa kendu zuen. 

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Kapitain-dantza-rekin jarraitu genuen Xanti eta Joxek markatutako ereduari jarraitu asmoz. Dena da antzerako baina dena desberdin. Launaka, aurrekaldekoa hasita, deiarekin hasi eta bukatzen du laukote bakoitzak, baten hasiera hurrengoaren hasiera markatuz. Azken errepikapena berriz talde osoak dantzatzen du.

Goizaren erdiak pasata, Berastegiko dantza-sokaren airea ere arnas genezan, bertan dantzatuko liratekeen abarketak edo axeri-dantza, desafioa eta agurra edo neska-aurrekoaren erakustaldia egin zigun Jesusek, Xantik txistuarekin eta danbolinarekin lagunduta. Zortzikoa edo dantzatutako paseoa egin zezan ere xaxatu zuen Xantik aita eta, zapia faltan Joxeri jertse baten muturra emanda, zortzikoa ere nola dantzatzen zuen erakutsi zigun Jesusek.

Bigarren saiorako aurreikusia zegoen baina, hiru orduen arrastoan zorri-dantza zertan zetzan aurreratu ziguten Nazabaldarrek. Oin biekin batera ematen ziren jauzi bitxi batzuekin hasi genuen, tarteka jirako gurpila barrukaldera eta buelta t'erdiko jauzia airean eman ondoren lerroak elkarri begira gelditzen dira. Une batez ohiko erlojuaren orratzen kontrako norantzan desplazamendua egiten du laukote bakoitzak, hiru aldiz gauza bera errepikatuz.

Dutxetarako bidean ginela kasik, gorputzaren berotasunean belauntxingo-ra salto egin eta hari ere buelta bat eman ziezaiokeela pentsatu zuen Jesusek. Pentsatu eta egin, noski. Aurreko lanen aldean sinpleagoa zirudien belauntxingoa-k. Nolanahi ere, gorputz zein buru nekeak ez zuen gehiagorako ematen eta erlojuak gauza bera zioela ohartzea gustura hartu zuten ikasleek. 

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-11-18. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Abenduaren lehen egunek elurra ekarri ziguten eta errepideen egoera kaxkarrak hilaren 2ko bigarren saiora etorri ezinda utzi zituen batzuek. Gure irakasleek ez zuten kalerik egin. Ikasleen artean zortzikoa eta hamabikoa osatzeko beste. Bigarren izerdialdiari hamabost egun lehenago utzitakoen arrastotik eman genion hasiera: lauko txikia eta kontrapaseoa lehendabizi. Hotzetan noraezean emandako lehen pausoen ondotik uste baino lehenago biak errepasatu ahal izan genituen. Astirik galdu gabe zorri-dantza berezia gogoratu genuen jarraian.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Ondotik berritasuna etorri zen: seikoa. Oinez bi urrats aurrera, beste bi atzera, ostikoa eta atzetik ezagun egiten hasiak zitzaizkigun urrats moldeak, beti ere lerroen arteko ispilua eginez. Izenak berak jasotzen duen moduan seinaka ematen dira oraingoan mugimenduak. Urratsek musikan behar bezala enkajatzeko sortarazten dituen zailtasunez gain, seinakako leku aldatzeak buruan generaman anabasa interesgarri bezain konplexua areagotzea lortu zuen. Lehen zirimolaren ondotik pixkanaka ekarri genuen bere bidera seikoa ere bai.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Seikoa-renak eginda, brokelekin egin beharreko lanak azkenerako utzi zituzten Jesusek eta Xantik eta belauntxingoa-ri ekin zioten jarraian. Lehenengo saioan ere begiratu azkar bat eman ahal izan genionez ez zitzaigun guztiz arrotz egin. Oina solte utziz astintzen da, laukotean, beste behin, eta erlojuaren orratzen kontrara mugituz musika esaldi bakoitzean.

Azkenerako utzitako brokel-dantza-ren txanda iritsi zen. Erremintak banatu, taldeak berri osatu eta oinarrizko kolpearekin hasi ginen: brokela bularraren alturan eutsi eta makilak berriz gerritik behera elkar jotzen dira. Gero launakako jokoa landu genuen: makilarekin bi kolpe jarraian eta hirugarrena brokelen artekoa, lehenak lekuan eta bigarrenak lerrokoarekin gurutzatzen. Izan ere, kapitain-dantzan gertatzen denaren antzera, aurreko laukotea hasiko da lehendabizi, erdikoa bigarren, azken laukoteak egingo du bakarrik hirugarren musika errepikapena, eta laugarrena berriz hamabikoteak egingo du. Denek batera egindako horren ondotik lerroan gora eta behera mugitzen hasten da bikoteka, pareko bikoteari lekuan eta lerrokoari gurutzatuz joz. Hasierako lekura bueltatuta, berriz laukotean hamabiak batera, eta beste behin lerroetan gora eta behera. Hirugarren errepikapena datorrenean, gauzak zailtzeko, lerroetan mugitu beharrean laukotean desplazatzen jarraitzen da baina oraingo honetan oinez beharrean saltoka. Azken aldiz laukotean jokoa oinez eta bukatzeko, betiko legez, deia.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

Bapo! Denak ikusiak eta erdiak ikasiak. Orain errepasoa: Joxe talde osoaren buru zela, Xanti txistuan eta Jesus artaldea gobernatu nahian, San Joan dantzei goitik beherako buelta eman genien bi saio haiei ateratako zukua erakusgarri. Kapitainari jarraiki ahaleginak egin genituen dantza bakoitza hasi eta amaitzen, dantzatik dantzara Jesusek txalo egiten zigun bitartean; Joxeren indarra eta nerbioa berriz beste bizitza baterako kontuak ziren momentuz.

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

6 orduk bagenekien plazara salto egiteko formarik ez zigutela emango baina hurrengo Berastegiko plazara urreratzean San Lorenzo egun batez, beste  begi eta miresmenez begiratuko diegu bertako dantzariei. Berezi, gozagarri, zorrotz eta sinpletasunean konplexuak dira gero Berastegiko San Joan dantzak. Besoen mugimendu horietan, oin-hanken edota jauzi egitean gerriaren astintze berezian, zein zorri-dantza-ko suspentsioaren atzean zer ezkutatzen ote den azter lanerako izan balitezke ere, zorioneko egiten gaitu gaur egun bizirik dirautela ikusteak, eta zorioneko Dantzan Ikasiko ikasgelara ekarri ahal izan ditugulako han izan ginenon gozamenerako. 

Ikastaroa: Berastegiko San Joan dantzak, 2017-12-02. Argazkia: Josu Garate-Dantzan CC-BY-SA

----------------------------------------------------------------------------------

Dantzan Ikasi (dantzanikasi.com), dantza tradizionalaren irakaskuntzan dihardutenen formaziorako Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako ekimena da. Ikastaro hau, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Beasaingo Udalaren laguntzarekin, Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeekin koordinatuta, Gipuzkoako Dantzagunearen babesean, eta dantzan.com-ek kudeatuta antolatu da.