Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea

2023/11/16
Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea

Klakea edo tap-dantza izango da Dantzan Ikasiko hurrengo erronka, alegia, dantzan dihardugula oinekin lurra kolpatzean sor litekeen doinu-perkusioaz ohartu, eta bide batez haren aukerak esploratzea. Bestela adierazita, Iztuetak oin-punta orpoarekikoa edo zapateoa, eta oro har, zapateatu moduan ezagutzen den dantza moldera hurbiltzeko saiakera egingo dugu Larraitz Ugartemendia klake dantzariarekin: berotze ariketa batzuk, teknikako oinarrizko pausuen ezagutza eta koreografia sinple baten, guztia swing pixka batekin.

Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea

  • Irakaslea: Larraitz Ugartemendia
  • Datak: 2023ko abenduak 1, ostirala
  • Ordutegia: 19:00-21:00
  • Matrikula: 15€

 

Klakea, tap-dantza, clogging, zapateatua...

Tradiziozko oin-jokoak munduko hainbat kulturatan aurki ditzakegu izen eta forma propioekin, hala nola clogginga Ingalaterran, Irlandan eta Eskozian, Britainia uharteetan bertan rapper ezpata-dantzarien oin-jokoetan, flamenkoko zapateatuak aski ezagunak dira, eta zer esanik ez Ameriketako hainbat eta hainbat zapateo, Ipar Amerikan Kanadako step-danceak, AEBtan Appalachiarren clogging eta dantza perkusiboak, Mexiko zein Nikaragua zapateoak eta Argentinako panparaino jaitsita gauchoen zapateatu distiratsuak. Europako eta afrikako tradizioen fusioak AEBtan kimu berriak eman zituen, minstrel show haietako lehen dantzari komikoekin hasi eta Broadway-ra arteko bidea egin arte, etorkin irlandar, ingeles eta afrikarren dantza tradizioetatik abiatu eta garatutako dantza moldea baita klakea edo tap-dantza, Fred Astaire eta Ginger Rogers bezalako musikaletako antzezle-dantzariak famatu dituztenak.

Tradizioaren eta kultura baten erroei lotuta, deigarriak zaizkigu irlandarrek garatu duten aparteko teknika, edo baita Dantzan Ikasin bertan inoiz izan ditugun rapper dantzari ingelesen eboluzio harrigarri eta biziak ere. Baina urruti joan beharrik gabe etxean ere badugu horren aztarna bizirik, Baztan aldean ezagutzen den eskalapoi-dantza kasu, clogging edo clog-dancing bezala ezagutua inguru anglo-saxoian. Eta abarketak edota txapinak erantzi eta zola gogordun zapatekin dantzatuko bagina?

Larraitz Ugartemendia

Larraitz Ugartemendia.
28 urte daramatza Larraitz Ugartemendiak Dantza klasikoa eta klakea irakasten Errenteriako Herri Arte eskolan. Carmen Rocherekin formazio profesionala egin zuen dantza klasikoan eta goi mailako ikasketak Madrileko Arte Dramatiko eta Dantza Eskolan. Klakea John O´Brian ingelesarekin ikasi du Madrilen. Bartzelonan Luis Méndez, Guillem Alonso, Roser Font, Laia Mollins, Rubén Sánchez, Sharon Lavi eta Jep Meléndezekin aritu da. Psikomotriziate Masterra ere egina du Psicopraxis eskolan (Burgosen). Hainbat dantza proiektutan parte hartu du eta hainbat formazio musikalekin dantzatu du: Swingtzaileak, Amama Luisa, Dixielangileak Brass Band, Trio Cuatro, Samar, Eskutank edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Eta hamaika dantza proiektutan parte hartu du.

Oinetakoak prest?

Oinekin lurra kolpatzean soinua ozenago egiteko oinetakoetan klaketa edo metalezko xafla (tap) txikiak josteko ohiturak ekarri ditu klake eta taping izenak. Ikastaroan era honetako oinetakoak baliatzea komenigarria da, eta beraz, norberak ez baditu ikastaroan bertan utziko zaizkie ikasleei.

Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea

  • Irakaslea: Larraitz Ugartemendia
  • Datak: 2023ko abenduak 1, ostirala
  • Ordutegia: 19:00-21:00
  • Matrikula: 15€

Izen-ematea: Izena emateko egin klik hemen